Arrauna

Euskotren ligako kanporaketak: bi toki daude gorenean egoteko

Gaur eta bihar jokatuko dira Bermeon eta Portugaleten Euskotren ligako kanporaketak. Iraide Martin Donostiarrako arraunlariak eta Iraia Mendizabal Hondarribiakoak lehia «estua» aurreikusten dute.

Donostiarrako ontzia, denboraldi honetan, Zarautzen jokatutako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA / TKE
Donostiarrako ontzia denboraldi honetan Zarautzen jokatutako estropadan. AITOR ARRIZABALAGA
2026ko irailaren 19a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Kanporaketa irabazteko asmoz irtengo gara. Euskotren ligan aritu nahi dugu datorren denboraldian, eta horretarako borrokatuko gara». Horrela mintzatu da Iraide Martin Donostiarrako arraunlaria. Gaur eta bihar jokatuko dituzte Euskotren ligako kanporaketak, Bermeon (17:35, ETB1) eta Portugaleten (11:25, ETB1). Donostiarra, Hondarribia, Zarautz eta Tiran ariko dira erlojuaren aurka lehian, baina bi toki baino ez daude gorenean egoteko. Tiran hirugarren postuan sailkatu da Galiziako ligan, baina hark jokatuko ditu kanporaketak; izan ere, Perillok —ligako txapelduna izan da— eta Chapelak —bigarren lekuan geratu da— ez zuten izena eman kanporaketak jokatzeko.

Euskotren ligan zazpigarren postuan geratu da Donostiarra. Kontxako Banderan ere aritu ziren, eta seigarren egin zuen. Denboraldi gorabeheratsua izan da Ibon Urbietak zuzendutako taldearentzat, baina Martinen iritziz «konfiantzaz» heldu dira asteburu erabakigarrira: «Gogoz gaude. Azken estropadetan erakutsi dugu gainontzeko aurkarien pare gaudela». Hala ere, ez dira aurkariez fio: «Hondarribiak eta Zarautzek sekulako denboraldia osatu dute ETE ligan. Zarautzek, gainera, Kontxan erakutsi du gainontzekoen mailan dagoela, eta ez da erraza izango».

Denboraldiaren hasieran, sailkapenaren zuloan egon zen Donostiarra. Zortzigarren postutik ezin irtenda ibili zen hainbat fasetan, baina Getxon (Bizkaia) jokatutako estropadan Zumaiari aurre hartu zion sailkapenean. Hortik aurrera, kanporaketak jokatzeko postuari eustea lortu zuen.

Buruz indartsu egoteak izan duen garrantziaz aritu da Donostiarrako arraunlaria: «Hasiera gogorra izan zen, eta etsipena zen nagusi, ez baikenuen uste gure lekua hori zenik». Ez zen erraza egoera iraultzea, eta Martinek taldeak erakutsitako adorea azpimarratu du: «Zumaiaren aurretik jartzea lortu genuenean konfiantza irabazi genuen. Ondorioz, gure mailak gora egin zuen. Arraunlari gazte ugari ditugu, eta esperientzia faltak eragina izan du ligan».

Esperientzia du arraunean Martinek. Joan den denboraldian itzuli zen Donostiako taldera, 2023ko eta 2024ko denboraldietan Zarautzen aritu eta gero. Hori dela eta, hainbatetan egokitu zaio taldeko gazteei babesa ematea: «Ez da erraza. Erakusten saiatzen zara, eta, era berean, baikorra izan behar duzu egoera zailetan». 

Donostiarrak eta Zarautzek Kontxarako sailkatzea lortu zuten, eta, gainontzeko aurkariak ez bezala, aurreko bi igandeetan lehiatuta helduko dira asteburuko hitzordura. Donostiarra seigarren izan zen Kontxan, eta Zarautzek zortzigarren amaitu zuen, Donostiako taldearengandik zazpi segundora. Gainera, txanda berean aritu ziren, eta horrek elkarren erreferentziak edukitzeko aukera eman zien. Hori neurgailu ona dela kontatu du Martinek: «Garrantzitsua zen Kontxarako sailkatzea. Lehiari jarraipena ematea ezinbestekoa izan da». Kontxarako ez sailkatzea «kalterako» litzakeela onartu du: «Bi aste lehiatu gabe egotea ez zen ona izango. Gainera, Zarautzekin indarrak neurtzeko aukera izan genuen».

Ez da erraza horrelakoetan urduritasuna kontrolatzea. Are gutxiago talde barruan kide gazte ugari badaude. Aste erabakigarri honetan taldean zer aldarte izan den azaldu du arraunlariak: «Tentsioa nabari da, baina konfiantzaz gaude. Aurrera ateratzeko gai garela sinetsi behar dugu ezinbestean». 

«Hondarribiak eta Zarautzek sekulako denboraldia osatu dute ETE ligan. Zarautzek, gainera, Kontxan erakutsi du gainontzekoen mailan dagoela, eta ez da erraza izango»

IRAIDE MARTIN Donostiarrako arraunlaria

Hondarribiak, berriz, ETE liga irabazita jokatuko ditu kanporaketak. Iraia Mendizabal arraunlaria taldearen egoeraz aritu da: «Gogoz gaude. Aspaldi amaitu zen liga, eta orduz geroztik begiz jota daukagu estropada hau». Lehia bizian aritu dira Zarautz eta biak: «Denboraldi hasiera parekatua izan zen, baina Portugaleten irabazi ostean, erregular aritzea lortu genuen, eta funtsezkoa izan zen hori».

Hondarribiako ontzia estropada batean. HONDARRIBIA ARRAUN TALDEA
Hondarribiako ontzia, estropada batean. HONDARRIBIA ARRAUN TALDEA

Hondarribia ez zen Kontxako Banderarako sailkatu. Hala ere, ez dira makurtu: «Guztiak du alde ona eta alde txarra. Kontxako Banderarako ez sailkatzeak burua kanporaketetan edukitzeko modua eman digu. Ongi prestatu dugu estropada garrantzitsu hau». Liga irabazi arren, badute zer hobetua: «Itsasoan zein ibaian ongi aritu gara, baina itsasoko arraunkeran badugu zer hobetua, eta horretan ari gara».

Kanporaketak buruan

Azken unean beti izaten da tentsioa, eta Hondarribian ere nabari da: «Orain arte lasai geunden, baina aste honetan urduritasun apur bat nabari dugu. Baikorrak gara. Azken txanpa geratzen zaigu, eta ongi amaitu nahi dugu». Aurkariak «indartsu» ikusten ditu Mendizabalek: «Galiziako taldeekin ez dugu lehiatzeko aukerarik eduki. Donostiarra eta Zarautz fin dabiltza. Ez diogu sailkapenari begiratu nahi; izan ere, badakigu edozer gertatu daitekeela».

Urtebeteren ondoren, Hondarribiak Euskotren ligara itzultzeko aukera du: «Pozgarria litzake berriro itzultzea. Igoko bagina, poztu egingo ginateke taldekide guztiok». 

«Gogoz gaude. Aspaldi amaitu zen liga, eta orduz geroztik begiz jota daukagu estropada hau»

IRAIA MENDIZABAL Hondarribiako arraunlaria

Bi arraunlariek gustuko dituzte eremuak. Martinentzat «zaila» izango da Bermeokoa: «Olatuak badaude eta haizea altxatzen bada, ez da erraza izango arraun egitea. Portugaletekoa ibaian izango da, eta hara konfiantzaz heltzea funtsezkoa izango da. Guztiek baldintza berberak izango ditugu, eta, alde horretatik, ez dago aitzakiarik». Baldintzak erabakigarriak izango direla uste du Mendizabalek: «Itsasoaren arabera, baliteke zaila izatea Bermeoko estropada. Portugaletekoan, berriz, errematatu egin beharko dugu».

eusko label ligako estropada, bermeon

Eusko Label ligako azken-aurreko jardunaldia jokatuko da gaur Bermeon (18:50, ETB1), eta bihar azkena Portugaleten (18:10, ETB1). Oriok liga irabazi badu ere, beste helburu bat du orain: bigarren denboraldiz jarraian banderen marka haustea. Joan den denboraldian, hamasei estropada irabazi eta hamabost bandera eskuratu zituen, eta hori berdinduta heldu da azken bi jardunaldietara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA