Evenepoel Europako txapeldun, esprintean Cicconeri gailenduta

Flandiarra izan da txirrindularirik indartsuena, baina azken metroetan fin ibili da italiarra, eta helmugako argazkiak argitu behar izan du nor izan den garailea.

Remco Evenepoel podiumean, gaur, Sencurren. RED BULL BORA
Remco Evenepoel podiumean, gaur, Sencurren. RED BULL BORA
Paulo Ostolaza.
2026ko urriaren 4a
19:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Milimetro batzuengatik, Remco Evenepoel da Europako txapelduna. Flandriarra lehen postuan helmugaratu da Sencurren (Eslovenia) amaitu den lasterketan, baina lehia amaitu berritan berak ere ez zuen argi Giulio Cicconeri (Italia) aurrea hartu zion edo ez. Azkenean, helmugako argazkiak argitu du nor izan den garailea, eta besoak grinaz altxatu ditu Evenepoelek.

Munduko txapelketan ere faboritoa zen, baina han ez zen fin ibili, eta gaur baieztatu du egun txar bat besterik ez zela izan hura, astebete geroago hasi eta buka kontrolpean izan baitu Europako txapelketa. Eta hori, 36 kilometroren faltan erori ere egin dela; itxura ederra zuen eraso bat jo du, baina erorikoak berriz ere lan egitera behartu du.

Foto finisharen irudia. TXIRRINDULARITZAREN EUROPAKO BATASUNA
Helmugako irudia. TXIRRINDULARITZAREN EUROPAKO BATASUNA

Eguneko ihesaldiak ez du ibilbide luzea egin, hein batean Belgikak lan bikaina egin duelako. Bost buelta eman dizkiote amaierako zirkuituari, eta faboritoen mugimenduak azken-aurreko itzulian hasi dira. Roglic mugitu da lehendabizi, baina eraso serioa Evenepoelena izan da. Cicconek bakarrik eutsi dio, baina ihesaldiari ekin eta berehala erori da flandriarra.

Zutik jarri eta segituan harrapatu du berriz ere Ciccone, biek batera tartea irekitzeko. Hala, esprintean erabaki da titulua: Ciccone bikain atera da azken bihurgunetik, eta metro batzuetako errenta hartu du, baina luze egin zaio esprinta, eta, atzetik aurrerakoa eginda, larri-larri, aurrea hartzea lortu du Evenepoelek. Zirraragarria izan da amaiera. 

Christian Scaronik (Italia) jantzi du brontzezko domina, eta 25. amaitu du Urko Berrade nafarrak.

Marka historiko bat

Gaurko garaipenarekin, Evenepoelek inork inoiz egin ez duena lortu du: herrialdeko, kontinenteko eta munduko txapelketetan eta Olinpiar Jokoetan errepideko bi proba nagusiak —iraupen luzekoa eta bakarkako erlojupekoa— irabazi dituen lehenengo txirrindularia da. 2022an lortu zuen lehenengo urrezko domina halako probetan, Belgikako Txapelketako bakarkako erlojupekoan, eta, lau urteren buruan, Europako iraupen luzekoan lehenbizikoz gailenduta lortu du zortzi tituluak irabaztea.

Emakume batek du gertuen marka hori: Anna van der Breggen herbehereetarrak 2028ko Olinpiar Jokoetan bakarkako erlojupekoa irabazi beharko luke Evenepoelekin berdintzeko. 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA