Donostiako udaletxean aurkeztu dute gaur Donostiako Klasikoaren 45. edizioa. Larunbatean izango da lasterketa, eta izen handiak espero dira irteeran, baina bat nabarmendu behar da guztien gainetik: Remco Evenepoel (Red Bull). Laugarrenez jaso nahi ditu besoak Bulebarrean —2019an, 2022an eta 2023an gailendu zen—, eta horretarako talde indartsua eramango du Red Bullek: hari laguntzen egongo dira, besteak beste, Primoz Roglic, Haimar Etxeberria eta Daniel Felipe Martinez. Frantziako Tourretik indartsu dator Evenepoel, bigarren izan baita, eta erronka handi bat izango du: Marino Lejarretarekin batera duen marka gainditzea, biak baitira Bulebarrean gehien irabazi duten txirrindulariak. Beste izen garrantzitsu batzuk ere ageri dira behin-behineko zerrendan: Giulio Ciccone (Lidl) iazko garailea, Igor Arrieta eta Jan Christen (UAE), Felix Gall (Decathlon), Matteo Jorgenson (Visma), Mauro Schmid (Jayco), Ben Healy (EF Education), Oscar Onley eta Thymen Arensman (Ineos), Lenny Martinez eta Pello Bilbao (Bahrain), Ion Izagirre eta Alex Aranburu (Cofidis), Xabier Mikel Azparren (Q36.5) eta Mikel Landa (Soudal)...
Iaz baino talde bat gehiago egongo da irteeran: 25. Tropela, berriz, 175 txirrindularik osatuko dute. Aurten World Tourreko hemezortzi taldeak egongo dira aurtengo ekitaldian —iaz NSNk eta Jaycok parte ez hartzea erabaki zuten—. Gainera, UCIren sailkapenagatik hiru talde gehiagok dute aukera Donostian izateko, eta guztiak bertan izango dira: Q36.5, Cofidis eta Tudor. Lau talde gonbidatu ditu, berriz, antolakuntzak: Euskaltel-Euskadi, Caja Rural eta Kern Pharma euskal taldeak, eta Espainiako Burgos.
Talde eta txirrindulari guztiak ostiralean aurkeztuko dituzte Alderdi Ederrean, 18:00etatik aurrera. Larunbatean, 11:00etan hasiko da Donostiako Klasikoa, Hernani kaletik, eta lehen txirrindulariak 16:30ak inguru iristea espero da Donostiako Bulebarreko helmugara. Dena den, aldaketa batzuk egin dituzte ibilbidean: aurten 221,1 kilometro egin beharko dituzte Gipuzkoan barna, iazko ekitaldian baino hamar gehiago; eta zazpi mendate puntuagarri igo beharko dituzte, aurreko urtean baino bat gehiago. Lehen mailako mendate bat, bigarren mailako hiru, eta hirugarren mailako beste hiru pasatu beharko dituzte txirrindulariek. Gainera, tarteko bi esprint edukiko dituzte, biak helmugako leku berean izango dira. Lehen esprinta kontrako noranzkoan lehiatuko dute, eta bigarrena iritsiko diren noranzkoan egingo dute.
Hasiera da ibilbidean gehien aldatzen dena, aurreko urtean baino gogorragoa izango da. Lehenik, Kalbario (2,2 kilometro %8) eta Azkarate (4,2 kilometro %7,3) igo beharko dituzte, iaz ez bezala. Ondoren, Azpeititik Urraki (8,6 kilometro %6,9) pasatu beharko dute, Tolosara jaitsi eta Alkizari (4,4 kilometro %6,2) heldu beharko diote. Azken urteetan ohi bezala, amaierako zatia izango da gogorrena, Jaizkibel (7,9 kilometro %5,6), Erlaitz (3,8 kilometro %10,6) eta Murgil (2,1 kilometro %10,1) kateatu beharko baitituzte, ibilbidearen parte hori iazkoaren oso antzekoa izango da. Murgileko muinotik 8,1 kilometro izango dituzte helmugara.
Amaiera ahaztezina
Errepide alboak laranja kolorez eta ikurrinez beteko dira larunbatean. 21 euskal txirrindulari espero dira irteeran, eta bi nabarmendu behar dira: Izagirre eta Bilbao. Biek erretiroa hartuko dute denboraldi amaieran, eta zaleek merezi duten agurra eman nahi diete. Parte hartzea ikusita zaila izango dute garaipena lortzea, baina behar den bezala agurtzea izango da garrantzitsuena. Izagirre bosgarren izan zen 2023an, eta, urte horretan bertan, Bilbaok bigarren egin zuen, azken esprinta Evenepoelen aurka galduta.
Gaur Donostiako udaletxera gerturatutako guztiak bat etorri dira esaterakoan oso txirrindulari onek parte hartuko dutela aurtengoan ere, eta Donostia, Gipuzkoa eta Euskal Herria ezagutzera emateko aukera paregabea dela. Hitz egin dutenek World Tourreko egutegian Donostiako Klasikoak duen garrantzia azpimarratu dute. «Nazioarteko txirrindularitzako klasiko garrantzitsuenetako bat da», adierazi du Javier Riaño zuzendariak. Iñaki Gabarain Donostiako Udaleko kirol zinegotziak ere lasterketa goraipatu du: «Donostiak goi mailako kirolean eredu diren proba asko ditu, baina Klasikoa da erakusle nagusia».