Evenepoelek altxatu ditu besoak Plateau de Solaison mendatean

Jonas Vingegaardek lasterketa utzi behar izan du, 162. kilometroan erori egin baita. Del Torok, hortaz, podiumean sartzeko aukera izan du. Belgikarra sailkapen orokorreko bigarren postua da orain.

Evenepoel helmugara iritsi berri, Pogacar atzetik duela, gaur. YOAN VALAT / EFE
Evenepoel helmugara iritsi berri, Pogacar atzetik duela, gaur. YOAN VALAT / EFE
nerea intxausti
2026ko uztailaren 19a
18:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Helmugara iristeko 21 kilometroren faltan, Jonas Vingegaard (Visma) erori egin da, eta utzi egin behar izan du Frantziako Tourra. Remco Evenepoel izan da etapako garailea, 4.23,09ko denbora eginda —aurtengo lehen garaipena du—.

Vingegaardek estropezu egin du biribilgune bateko irteera batean, eta lurrera erori da. Eskuineko lepauztaian min hartu du, eta ez du lasterketan jarraituko. Haren atzetik UAE taldeko Isaac del Toro eta Felix Grossschartner ere erori dira; Tadej Pogacar (UAE) ez da urruti ibili. Eroritako azken biak bizikleta gainera igo, eta pedalei eragiten jarraitu dute. Podiumeko bigarren eta hirugarren postuen lehia biziagoa da orain.

Tourreko hamabosgarren etapan, lau mendate igo behar zituzten txirrindulariek. Lehenengo, Col de la Savine, hirugarren mailakoa; Xabier Mikel Azparren (Pinarello) hirugarrena izan da hura igarotzen. Jaitsieran, hark eta Ineos taldeko Thymen Arensmanek lasterketari aurre hartu diote elkarrekin, oraindik helmugarako 150 kilometro inguru falta zirela. Handik hogei kilometrora zortzi txirrindularik osatutako talde batek harrapatu ditu; tartean zen Ion Izagirre.

Ia 50 kilometro egin ostean, pelotoiak harrapatu ditu. Vinokuroven (Astana) ihesaldi saiakera bat tartean, 25 txirrindularik osatutako talde batek hartu du lasterketaren burua. Talde horretan ziren Tom Pidcock (Pinarello), Adam Yates (UAE), Quinn Simmons (Lidl) eta Mauro Schmidt (Jayco Alula). Lehenengoak ezarritako erritmo biziaren eraginez, taldea bost txirrindularira murriztu da. Pelotoian, Vismak erritmo bizia ezarri du. Azken kilometroetan Simmons bera bakarrik alde egiten ahalegindu da.

Lasterketaren azken kilometroetan, Vingegaarden erorikoak denak ezustean harrapatu ditu, eta pelotoiak erritmoa apaldu du. Baina zortzi kilometroren faltan Pogacar ipini da pelotoiaren buruan, eta erritmo bizia ezarri du. Atzean utzi du Paul Seixas (Decathlon), eta soilik Del Torok eta Evenepoelek eutsi diote esloveniarrari. Helmugarako bost kilometro falta zirela harrapatu dituzte ihesaldiko kide guztiak. Pogacar, Del Toro eta Evenepoel geratu dira lasterketaren buruan.

Pogacarrek, atzoko moduan, erritmoa neurtu du sailkapen orokorrean, bere taldekideari hirugarren postua bermatzeko asmoz. Evenepoelek arazo handirik gabe eutsi dio erritmo horri, eta nabari zen esloveniarrak erasoa noiz eman zain zegoela. Pogacar taldekoekin irrati bidez erasoaldia pentsatzen ari zela, Del Torok egin du Evenepoel menderatzeko saiakera, baina ez du halakorik lortu. Bigarrenez ahalegindu da laurehun metroren faltan, eta gauza bera gertatu da. Azkenean, Evenepoel eta Pogacar geratu dira Salaisoneko helmugaren atarian, eta Pogacarrek etapa irabazten utzi dio.

Gaurko etaparen ostean, sailkapen nagusian Pogacar da garaile, eta atzetik ditu Evenepoel eta Del Toro.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA