Lehen itzulian, Eibarrek ez du partidarik irabazi Ipuruatik urrun: hamar partidetatik zazpi galdu ditu, eta hiru berdindu. Kontuak horrela, ligako bisitaririk kaskarrena da. Gorenera igotzeko asmoa duen talde batentzat, asaldatzeko modukoa da datua. «Irabaz dezakegula sinestea da lehen pausoa», adierazi du Jon Guruzeta Eibarko jokalariak (Donostia, Gipuzkoa, 2000). Haren ustez, «xehetasun txikiek» kondenatu dute taldea partidak galtzera, eta horiek hobetzean jarri du arreta. Bigarren itzuliari begira, itxaropentsu da donostiarra. Sailkapenean hamaseigarren postuan diren arren, Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatu nahi ditu.
Burgosen aurkako azken partidan, kolpe gogorra izan zen 1-0 galtzea?
Bai, batez ere bolada on batetik gentozelako. Kordoban jokatu genuen azken partidan talde desberdin bat ikusi zen zelaian: hozka egiten zuena, eta bloke baxuan eroso sentitzen zena. Grina erakutsi genuen, eta Burgosen aurka bide beretik jarraitu nahi genuen, baina kolpe latza hartu genuen. Hala ere, futbolak duen alde positiboa da ezin duzula aurreko partidan pentsatu, hurrengoan baizik. Astelehenean beste partida bat jokatuko dugu etxetik kanpo Granadaren aurka, eta demostratu asmo dugu emaitzen joera aldatu nahi dugula.
Ligako bisitaririk kaskarrena izan zarete. Zein uste duzu dela arazoa?
Ipuruan dugun bultzada kontuan hartuta, badakigu zaila dela etxetik kanpo aritzea. Uste dut irabaz dezakegula sinestea dela lehen pausoa. Denbora aurrera doan heinean, buruan duzu etxetik kanpo jokatzen dugun bakoitzean arrastaka hasten dugula partida. Baina uste dut bigarren itzulian erakuts dezakegula kanpoan ere ondo joka dezakegula, Ipuruan bezala. Merezi dugu, baita zaleek ere.
Hamaseigarren postuan zaudete sailkapenean, jaitsiera postuetatik puntu batera. Zein balorazio egiten duzu orain artekoaz?
Ez gaude pozik. Taldeak gehiago eman dezake: denok kontziente gara ez dela lehen itzuli distiratsua izan, eta nork bere maila hobetu behar duela. Gorago egoteko moduko taldea dugu, lehen sei sailkatuen artean borrokan egotekoa, esate baterako. Uste dut egoera iraultzeko gai garela. Garrantzitsuena hilabete honetako partidak aurrera ateratzea izango da, eta, gero, ikusiko dugu nola gauden sailkapenean. Baina taldeak gaitasuna du egoera iraultzeko, ez dakit kanporaketetan sartzeko moduan izango garen, baina anbiziotsua naiz, eta gustatuko litzaidake Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzea etxean, Ipurua jendez lepo egonda. Hala ere, uste dut hankak lurrean izan behar ditugula, eta pixkanaka-pixkanaka joan.
Taldeak beharbada zailtasunak izan ditu gola sartzeko. Zuk erdi-puntan jokatzen duzunez, nola uste duzu hobetu daitekeela horretan?
Neure buruarekin oso zorrotza naiz, eta badakit zenbakien aldetik taldeari egindako ekarpena ez dela ona, futbolean golek pisu handia baitute. Kontziente gara golak behar ditugula eta gola egitea asko kostatzen ari zaigula, baina uste dut bide beretik lanean jarraitu behar dugula; ezin gara golekin obsesionatu. Izan ere, lasai egonda, helduko dira golak. Astean zehar gogor entrenatzen jarraitu behar dugu.
Horrez gain, bigarren itzulira begira, zertan uste duzu hobetu behar duela taldeak?
Xehetasunetan hobetu behar dugu. Adibidez, Burgosen aurkako neurketan ez zen ezer azpimarratzekorik gertatu, baina detaile txiki batengatik galdu genuen, gure hutsegite batengatik. Gijonen antzekoa gertatu zen, baita Zaragozan ere. Futbola talde kirola da, baina xehetasun horiek hobetzen baditugu, gora egingo dugu. Taldea ondo dago, gehiago emateko gogotsu.
«Anbiziotsua naiz, eta gustatuko litzaidake Lehen Mailara igotzeko kanporaketak jokatzea etxean, Ipurua jendez lepo egonda»
Alor pertsonalean, gorabeherak izan dituzu: hasieran jokatzen hasi zinen, ondoren min hartu zenuen, eta orain berriz ere zelaira itzuli zara. Nola ikusten duzu zeure burua?
Oso pozik nago hemen. Badakit zenbakiak hobetu behar ditudala, eta klubaren, talde teknikoaren eta jokalarien konfiantza osoa dudala, hori da garrantzitsuena. Nik ere konfiantza handia dut neure buruarengan. Lesiotik osatu nintzenetik, dagokidan mailara iristen ari naiz. Burgosen aurkakoa ez zen neurketa distiratsua izan, baina bizpahiru jokaldi izan nituen gola sartzeko edo goleko pasea emateko. Taldeari ahalik gehien laguntzen ari naiz, eta uste dut nire mailarik onena lortzeko bidean nagoela. Egunez egun, gero eta hobeto ikusten dut neure burua.
Bigarren denboraldia duzu Eibarren. Espero zenuen bezala moldatu zara taldera?
Ez da erraza iritsi naizen lekura iristea. Azkenean, denok iritsi nahi dugu maila honetara, eta uste dut kostatu zaidala. Ez dizut gezurrik esango: kostatu zait Bigarren Mailako joko erritmora egokitzea, baina orain ondo ikusten dut neure burua. Gehien kostatu zaidana da entrenamenduetan erritmoa hartzea, dena askoz azkarragoa baita. Egokitzapena erraza izan da. Iritsi nintzenean ezagunak nituen Eibarren, lagun oso onak, eta uste dut kluba horretan berezia dela. Familia bat da, eta kanpotik gatozenak oso azkar egokitzen gara. Hemengo jende asko dago, eta dena errazagoa da horrela.
Gorka Guruzeta Athleticeko aurrelaria anaia duzu. Zer esaten diozue elkarri?
Asko hitz egiten dugu, batez ere gauzak ez doazenean ondo. Momentu gozoetan denak dituzu alboan, baina gaitzetan ere anaia beti hortxe dago. Niretzat Gorka eredu izan da. Oxala inoiz talde berean jokatuko bagenu... Jokatzen duenean, arretaz begiratzen diot.
Granadan jokatuko duzue astelehenean. Nola ikusten duzu neurketa?
Granada ematen ari den mailak ezustean harrapatu nau, batez ere azken partidetan. Talde oso bizia da, baita oso indartsua ere. Alex Sola han jokatzen ari da, eta lagun mina dut. Betidanik ezagutzen dut. Partida zaila izango da, baina irabazteko asmoz joango gara hara.