Urdaibaik San Miguel ligan jarraitu ahal izango du. Horixe ebatzi du Traineruen Kluben Elkarteko Lehiaketa batzordeko Miguel Juane epaileak. Aldiz, zigor espedientea ireki die Jose Manuel Francisco entrenatzaileari, bere emazte Sonia Boubetari (Galiziako traineruko arraunlaria da) eta Josu Zabalondo klubeko presidenteari. Baina espedientea ez da abian jarriko Estrobo auziko diligentziak bukatzen diren arte.
Epailearen erabakiak auzi horretan inputatuta daudenetako hiru pertsona horien aurka bakarrik jo du, eta Urdaibai klubaren aurkako neurririk ez du eskatu. Horrenbestez, TKEko klubek eskatu ziotenaren zati bat aintzat hartu du, baina beste zatia ez. Klubek Zumaian erabaki zuten, uztailaren 31n, epaileari Urdaibairen kontrako behin-behineko neurriak hartzeko eskatzea eta Estrobo auzian inputatuta daudenen aurkako neurriak hartzea. Azkenean, inputatuen aurkakoak bakarrik eskatu ditu. Urdaibairen aurka neurriak hartzeko eskatu zuten kluben artean bi jarrera zeuden: batzuek Urdaibairen kontrako neurriak eskatu zituzten, baina beste batzuek, inputatuen aurkakoak bakarrik.
Behin-behineko neurriak har- tzeko lehen eskaria TKEko zuzendaritzak egin zuen. Hain justu, klubei eskatu zien neurri horiek hartzeko, Estrobo auziaren harira egindako ikerketan oinarritutako txostenak aintzat hartuz. Zumaiako batzarrean, klubek argi adierazi zioten zuzendaritzari hura zela erantzulea, hark proposatu ziela klubei neurriak hartu edo ez erabakitzeko, eta txostena zuzendaritzak eskatuta egina zela. Baina Peter Bravo TKEko presidenteak esan zuen klubek hartutako erabakia izan zela behin-behineko neurriak hartzeko eskaria. Ez zuen kontuan hartu neurriak hartzeko eskatzen zituzten horien artean iritzi ezberdinak zeudela. TKEk ere ez zituen bereizi klubetara bidalitako oharrean.
Orain, klubek TKEko epaile nagusiarengana joateko aukera daukate, eta atzo atera zen epaiari alegazioak jarri ahal izango dizkiote. Itxura guztien arabera, Urdaibai klubaren aurkako neurriak eskatu zituztenek bide hori hartuko dute.
Duela urtebete hasitako auzia
Urdaibai bete-betean harrapatu duen auzia iaz piztu zen, Kontxako Banderaren bigarren egunean. Jose Luis Korta Kaikuko entrenatzaileak eman zion su pospoloari, Bermeokoei dopatu egiten zirela leporatuz. Gernikako Epaitegietan amaitu zuen auziak, eta hantxe darrai. Makina bat jendek deklaratu du epailearen aurrean, eta zabalik dira oraindik diligentziak.
Ez du bota Urdaibai
TKEko Lehiaketa Batzordeko epaileak Francisco, Zabalondo eta Boubeta zigortzeko bidea hastea ebatzi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu