Entrenamendua amaitu berritan agertu da Jon Mikel Aramburu Realeko jokalaria (Caracas, 2002) Zubietako Z1 zelaiko harmailetara. Azken bi denboraldietan eskuin hegalekoa funtsezko jokalaria izan da talde txuri-urdinean, eta hala izan nahi du aurrerantzean ere. Oraindik ere hunkitu egiten da Espainiako Kopako finala eta Sevillan lortutako garaikurra gogoratzean. «Hona iritsi nintzenean bi amets nituen: Realarekin titulu bat irabaztea, eta Venezuelarekin Munduko Kopa bat jokatzea. Lehena lortu dut, eta oso harro nago». Baina ez da horrekin konformatzen. Talde txuri-urdinak lau txapelketa jokatuko ditu sasoi honetan, eta ilusioz hasi dute denboraldiaurrea.
Estreinako denboraldiaurrea duzue Rino Matarazzoren aginduetara. Nola doaz lehen egunak?
Ondo. Fisikoki oso egun exijenteak dira, baina beharrezkoak sasoi hasierara bete-betean iristeko. Astean bi egunez lan saio bikoitza egiten ari gara: bigarren entrenamendua zelaian edo gimnasioan egiten dugu. Taldea oso ondo ari da entrenatzen; asteburuan lehen lagunartekoa jokatu genuen, eta irrikaz gaude lehiatzen hasteko. Bestalde, Rino denboraldi berriari begira zer nahi duen azaltzen ari zaigu pixkanaka, nolako Reala nahi duen.
Eta nolakoa izango da 2026-2027ko denboraldiko Reala?
Oraindik goiz da esateko, baina gure jokatzeko moduaren funtsa, muina, berdina izango da. Baloia atzetik atera eta jokaldiak lantzea gustuko dugu, eta hori ez da aldatuko. Arreta defentsako lanean dugu jarria batez ere. Aurreko denboraldian gol gehien jaso zituen taldea izan ginen. Zenbakiak oso argigarriak dira, eta goiko postuetan egon nahi badugu hori ezin da berriro gertatu. Defentsa laneko faseak lantzen ari gara, bai goian presioa eginez, bai bloke ertain zein baxuan kokatuta. Geldikako jokaldietan nola jardun behar dugun ere prestatzen ari gara. Gaur [herenegun] arratsaldean bertan entrenamendu bat dugu zehazki horretarako. Erasoan ere landuko ditugu jokaldi horiek, ahalik eta etekin gehien ateratzeko.
Zertan hobetu behar duzue zehazki defentsako lanean?
Aurreko denboraldian sartu zizkiguten gol guztiak ikusi ditugu, eta pixka bat denean hobetu behar dugu; baina, batez ere, baloia galdu osteko momentuko defentsako lanean, une horietan egiten ditugun zaintzetan. Trantsizioetan gol gehiegi sartu zizkiguten. Askotan, barneratuak genituen kontzeptuetan huts egin genuen, eta horrek amorru gehiago ematen du. Geldikako jokaldietan ere ezin ditugu hainbeste huts egin.
Matarazzok bost jokalariz osatutako defentsarekin jokatzen zuen Alemanian, eta aipatu da litekeena dela denboraldi honetan Realean ere horren alde egitea. Zer iruditzen zaizu? Zein sistema egokitzen da ondoen zure ezaugarrietara?
Oraingoz ez dugu landu bost atzelarirekin jokatzeko aukera hori. Lau atzelarirekin ari gara une oro. Baina aurreko denboraldian jokatu genuen partidaren bat bost atzelarirekin, eta Rinok hala aginduz gero taldeak ondo erantzungo duela uste dut. Ni bi sistemetara egokitzen naiz ondo; alde horretatik ez dut lehentasunik.
Prestatzaileak berritu egin du kontratua beste denboraldi baterako. Multzoak nola hartu du berria?
Oso pozik. Iritsi zenetik asko eman digu. Oso egoera zailean geundela etorri zen. Zalantza asko zeuden taldearen inguruan, eta denen artean egoera iraultzea lortu genuen. Teknikoki eta taktikoki asko dakien entrenatzailea da, eta asko irakasten dizuna. Gurekin oso gertukoa da, gainera. Berehala egokitu da Realera eta hemengo kulturara, eta hori ere oso garrantzitsua da.
Helburuak kontuan hartuta, zein izan da teknikariak eman dizuen lehen mezua?
Anbiziotsuak izateko, eta sekula konforme ez egoteko. Lau txapelketa jokatuko ditugu, eta ilusio handia dugu. Egutegi betea izango dugu; duela bi denboraldi ikusi genuen zein gogorra zen hori. Baina horixe nahi dugu, eta mentalki eta fisikoki horretarako prest egon behar dugu. Onenekin lehiatu nahi badugu, gai izan behar dugu hainbeste partida jokatzeko.
«Egutegi betea izango dugu. Baina horixe nahi dugu. Onenekin lehiatu nahi badugu, gai izan behar dugu hainbeste partida jokatzeko»
Aurreko denboraldian oso gaizki ekin zenioten ligari. Hori kontuan hartuta, garrantzi handia emango diozue ondo hasteari, ezta?
Dudarik gabe. Bete-betean hasi behar dugu. Aurreko denboraldian oso gogorra izan zen hain gaizki hastea, asko sufritu genuen, eta ez dugu nahi berriro ere halakorik gertatzea. Gainera, Kopa irabazi eta gero, ligan ez ginen nahi bezala aritu, eta ahalik eta azkarren aldatu nahi dugu joera hori. Astebetean hiru partida jokatu beharko ditugu, aurkari gogorren kontra: Betis, Real Madril eta Espanyol. Baina prest egongo gara.
Eta zuk nolako Reala ikusi nahi duzu?
Lehiakorra. Ligan erakutsi dugu gai garela erreskadan Europarako sailkatzeko, eta horretarako borrokatu nahi dugu. Europa Ligan, ametsa litzateke Frankfurteko finalean egotea. Kopa, berriz, ikusi dugu azken urteetan klub honentzat zer izan den.
Denboraldi honi begira, zer helburu jarri dizkiozu zeure buruari?
Hobetzen, ikasten eta esperientzia pilatzen jarraitu nahi dut. Hegaleko osoago bat izan nahi dut, eta horretarako erasoan ekarpen handiagoa egin nahi diot taldeari. Aurkariaren areara gehiagotan iritsi nahi dut. Batzuetan zaila da, ezker hegaletik Sergio [Gomez] asko igotzen baita, beraz defentsako oreka eskuinetik zaindu behar izaten dugu, nire hegaletik.
Atzealdeko eskuin hegalean jokatzeko Iñaki Ruperezekin izango duzu lehia. Aurreko denboraldi osoa min hartuta egon eta gero, zer moduz dabil?
Oso pozik nago hura bueltan dagoelako, aurreko denboraldia gogorra izan baitzen harentzat. Ona da postu bakoitzean lehia handia izatea, horrek hobeak egiten gaitu eta. Gainera, egutegi betea izango dugunez, minutuak egoki banatzen lagunduko digu. Iñaki etorkizun handiko jokalaria da, anbizio handikoa. Defentsan jokalari sendoa da, eta aldi berean gora igotzeko eta aurkariaren areara iristeko duen gaitasuna nabarmenduko nuke. Erasoan ere ekarpen handia egiten dio taldeari.
«Ona da postu bakoitzean lehia handia izatea. Iñaki Ruperez etorkizun handiko jokalaria da. Defentsan jokalari sendoa da, eta erasoan ekarpen handia egiten du»
Lehen taldean egonkortuta, patxada handiagoz hartzen dituzu orain gauzak?
Patxada handiagoz, ez; aipatu bezala, Iñaki asko ari da estutzen, eta nire onena eman beharko dut jokatzeko. Ezin dut lo hartu. Baina eskarmentua pilatuz joan ahala, hainbat egoerari beste modu batean heltzen diezu.
Oraingoz klubak ez du fitxaketarik egin. Azken denboraldietan azken unean iritsi dira jokalari berriak. Garrantzitsua litzateke garaiz iristea, egokitzeko, ezta?
Klubari dagokio hori erabakitzea. Gu ez gara horretan sartzen. Nik argi dudana da maila handiko multzoa dugula, eta orain hemen gaudenak bikain ari garela lanean.
Aurreko denboraldian fitxatutako jokalarietako batek, dena den, ez zuen jokatzeko aukerarik izan lesioak tarteko: Yangel Herrerak. Zure herrikidea izanda, ondo ezagutzen duzu. Nola dago? Zer eman diezaioke taldeari?
Ondo dago. Entrenamendu guztiak egin ditu, eta larunbateko lagunartekoan ere jokatu zuen. Ziur nago asko emango digula eta jokalari garrantzitsua izango dela denboraldi honetan. Horretarako ezaugarri ugari ditu: oso lehiakorra da, buruz buruko jokaldi asko irabazten ditu, eta baloia jokatzerakoan ideiak argi ditu.
Zuen herrialdean, Venezuelan, lurrikara larri bat gertatu zen orain aste batzuk. Non zinen gertatu zenean? Zer moduz daude orain?
Egoera oraindik ere oso larria da, eta kaotikoa. Laguntza asko falta da, eta pertsona ugari daude oraindik desagertuta. Ume askok galdu dituzte bi gurasoak. Ni bertan nintzen gertatu zenean, lurrikara izan zen tokitik nahiko gertu, eta ahalik eta gehien laguntzen saiatu nintzen. Alde horretatik, oporrak oso gogorrak izan dira, eta denak oso triste gaude. Halako gauzek erakusten dizute bizitza une batetik bestera alda daitekeela, eta askotan huskeriengatik kezkatzen garela.