Euskaltel-Euskadiko zuzendaria

Jorge Azanza: «Ez dugu sekula eduki Landa bezalako lider bat; ilusioz gainezka gaude»

Euskaltel-Euskadi korrika eta presaka dabil UCIren puntuen bila. Nekatuta dago Jorge Azanza zuzendaria, baina baita harro ere, sasoi honetan espero baino hobeto aritu baita taldea. Aurrera begira, irrikaz dago Mikel Landa bere aginduetara izateko.

Jorge Azanza Euskatel-Euskadiko zuzendaria. IÑIGO URIZ / FOKU
IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
Altsasu
2026ko urriaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

World Tourrekoak ez diren taldeek gonbidapenak behar dituzte itzuli handiak lehiatu ahal izateko. Eta hautagai izan nahi duenak baldintza bat bete behar du: UCIren sailkapeneko lehen 30 taldeen artean egotea. Bada, sail murritz horretan sartu nahian dabil Euskaltel-Euskadi. Iaz kanpoan geratu zen, eta aurten ere gauza bera gerta dakioke. Hori eragotzi nahian dabil Jorge Azanza (Altsasu, Nafarroa, 1982), taldeko zuzendaria. Mikel Landa laranjaz jantziko da datorren sasoian, eta garrantzitsua litzateke hura itzuli handi batean aritzea. Hots, Landaren fitxaketak presioa ekarri du; baina baita ilusioa ere, Azanzak nabarmendu duenez. «Marea laranjak beste indar bat hartuko du Mikel errepidean denean».

Azkenera arte puntu bila aritu beharko duzue. Estres handia sentitzen duzue?

Bai, estresa eta urduritasuna hor daude. Badakigu oso zaila izango dela lehen 30 taldeen artean sartzea; azken batean, Picnic da gure arerio nagusia, World Tourreko talde bat, alegia. Kalitate handiko txirrindulariak ditu, batez ere esprinterrak, eta puntu asko lor ditzake denboraldiko azken lasterketetan. Era berean, gu ahalegin handia ari gara egiten. Ditugun aukera guztiak baliatu nahi ditugu.

Europan ez ezik, bertatik kanpo ere asko ari zarete lehiatzen. Egutegia zukutu beharra dago, ezta?

Hala da. Asiara, adibidez, seigarren bidaia egingo dugu. Nekagarria da txirrindularientzat eta gainontzeko langileentzat, eta taldea ahalegin ekonomiko handia ari da egiten. Baina ez dugu beste aukerarik. Europatik kanpoko lasterketetan, maila ez da horren handia, eta, hortaz, puntuak errazago lor ditzakezu.

Oso kolpe gogorra litzateke bigarren urtez jarraian itzuli handietan lehiatzeko aukerarik gabe gelditzea?

Bai, batez ere zer talde izango dugun kontuan izanda. Mikelen [Landa] eskutik aurrerako urratsa egingo dugu, eta garrantzitsua litzateke Vueltaren gonbidapena lortzeko aukera izatea. Denboraldi hasieran, urrun ikusten genuen lehen 30 taldeen artean sartzea, baina espero baino emaitza hobeak lortzeari ekin genion. Babesleek laguntza eskaini digute, eta, horrela, 40 edo 50 lasterketa egun gehiago sartu ditugu egutegian. Iazko puntu kopurua bikoiztu egin dugu ia, baina, hala ere, ez dago gure esku 30 talderik onenen artean sartzea.

«Iazko puntu kopurua bikoiztu egin dugu ia, baina, hala ere, ez dago gure esku 30 talderik onenen artean sartzea»

Datorren urtean, Vueltan aritu edo ez, fase berri bati ekingo diozue. Zeintzuk izango dira taldearen zutabeak?

Hiru zutabe aipatuko nituzke. Alde batetik, aurten oso maila ona eman duten ziklistak leudeke. Jarraipena eman nahiko genioke multzo horri. Beste zutabe bat Mikel Landa izango da, noski. Eta, horrez gain, fitxatu ditugun beste txirrindulariak aipatuko nituzke: Marco Martin, Hodei Muñoz eta Unai Ramos gazteak, eta, haiekin batera, Ander Okamika eta Julen Arriolabengoa. Talde egonkorra izango dugu, eta lider sendo bat.

Nola sentituko zarete Landa elastiko laranjarekin ikusita?

Sekulako motibazioa izango dugu. Taldeari asko emango dio Mikelek. Kirol arloan, aurtengo Vueltan garbi utzi du oraindik ere zer egiteko gai den. Uste dut bultzada handia jaso duela etapa garaipen bat lortuta, eta horrek mesede egingo digu guri. Bere emaitzei esker, aurrerako urrats handia egin dezakegu. Eta, emaitzez harago, uste dut txirrindulariak asko haziko direla Mikel alboan izanda. Halako lider bat ez dugu sekula eduki; ilusioz gainezka gaude.

Nolakoa izan da Landa taldera ekartzeko prozesua?

Sarritan elkarri aipatu izan diogun aukera bat zen [Landa Euskaltel-Euskadira itzultzea]. Biok taldekide izan ginen [2011 eta 2013 artean], eta harremanari eutsi egin diogu. Bada, Mikel urratsa egiteko prest agertu zen datorren urtera begira, eta horren berri eman genien babesleei. Haiek begi onez ikusi zuten. Guretzat amets bat betetzearen parekoa da Mikel taldean izatea. Eta ekarpen handia egin dezakeela sentitzen du berak. Oso gogotsu dago. Hona ez dator erretiroa hartzera.  

«Ekarpen handia egin dezakeela sentitzen du Mikelek. Oso gogotsu dago. Hona ez dator erretiroa hartzera»

Mediatikoki, World Tourreko garaietatik izan ez duen oihartzuna izango du Euskaltel-Euskadik Landari esker. Horra hor beste onura bat.

Landak jokatuko dituen lasterketetan, badakigu gure autobusa zalez inguratuta egongo dela. Hori ez zaigu gertatu orain arte, oso maila oneko ziklistak izan ditugun arren. Mundu mailako izar bat edukitzeak sekulako eragina du, eta baliatu egin nahi dugu. Marea laranjak beste indar bat hartuko du Mikel errepidean denean.

Felipe Orts fitxatu izanak ere zeresana eman du. Neguan, ziklo-krosean, emaitza onak bermatuko dizkizue. Eta errepidean, zer ekarpen egin lezake?

Felipek errepideko talde profesional batera itzuli nahi zuen, gogo guztiz. Izan ere, Burgosen aritu zenean, errepideko lasterketek maila hobetzeko balio izan zioten. Euskadi Fundazioan ez genuen ziklo-kroseko egiturarik, eta, orain, Felipe buru-belarri ariko da alor horretan. Behin lokatzeko sasoia bukatu eta atseden hartuta, taldeko txirrindulari bat gehiago izango da errepideko denboraldian. Ez da, agian, erreferente bat izango errepideko lasterketetan, baina asko emango digu.

Baliagarriak izango zaizkizue hark ziklo-krosean lortuko dituen UCI puntuak?

Bai. Berriki jakin denez, ziklo-kroseko puntuak errepideko taldera pasatuko dira, baina soilik bi sailkapen kontuan izanda: Munduko Txapelketako sailkapena, eta Munduko Kopako sailkapen orokorra. Ez genuke lortuko hasieran aipatzen zen puntu mordoa, baina, aurten Felipek egin duen sasoia erreferentzia bezala hartuta, 250 edo 300 puntu eskura genitzake. Orain gauden egoeran egonda, sekulako balioa lukete puntu horiek.

Datorren urteari begira, oraindik karpeta asko dituzu zabalik?

Plangintza oso aurreratua dugu. Klasikoetan ariko den multzoan, esprinter erreferente bat beharko genuke, baina gainontzean, taldea prest ikusten dut edozein tokitan aurpegia emateko. Oinak lurrean ditugu, eta garbi dugu oraindik lekutan ditugula World Tourreko taldeak. Ordea, talde polita izango dugu, etxeko txirrindulari on askorekin. Bestalde, txirrindulari batzuei ez diegu kontratua berrituko. Oso mingarria da irteerako atea zabaltzea.

World Tourra oraindik oso urrun izanik, Pro Team mailan lehiakorragoak izatea da helburua?

Hori da, Pro Team mailan sendotzen saiatuko gara, paperean duguna errepidean erakutsita. Mikel sasoiko badago, eta hazten ari diren txirrindulariek joera horri eusten badiote, uste dut gozatzeko denboraldia izan daitekeela. Eta aurrera begira, harrobia indartzen jarraituko dugu, etxeko gazteen eskutik urrats gehiago egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA