Pilotari ohia

Iker Irribarria: «Ez dut pilotakadarik jo agurraren egunetik»

Gaur urtebete zabaldu zen berria: Iker Irribarriak pilota utziko zuen, belauneko lesio baten eraginez. Egun bat geroago esan zuen hark. Urtebeteren ostean, «oso gustura» bizi da.

Iker Irribarria. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iker Irribarria. GOTZON ARANBURU / FOKU
Julen Etxeberria.
Arama
2024ko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Autoan iritsi da Iker Irribarria (Arama, Gipuzkoa, 1996), alaba haur eskolan utzi berritan. Kafe baten inguruan izan da elkarrizketa. Bukatzean, «etxeko lanak» egitera joan da. Hori da haren egunerokoa orain.

Bihar beteko da urtebete erretiroa hartuko zenuela jakinarazi zenuenetik. Gogoratzen zinen?

Bai. Ez dut ahaztu: otsailaren 21ean zabaldu zen utziko nuela, eta 22an esan nuen nik. Hantxe nengoen eserita albistea zabaldu zenean [tabernako terrazako mahai bat seinalatu du]. 

Zer sentitzen duzu egun horiek gogoratzean?

Nola den posible pilota utzi ondorengo lehen bi asteak hain geldi pasatzea, eta konturatu orduko jada urtebete pasatu izana.

Ona da azkar igaro izana?

Uneak eta uneak egon dira. Ez naiz pilotatik guztiz aldendu: ikusten dut oraindik ere, eta partida garrantzitsuetan gorputzak gogoratzen dit zenbat adrenalina askatzen nuen halakoetan. Badaude une gogorrak, zeinetan han egon nahiko nukeen. Baina, bestetik, badakit zenbat sufritzen nuen jokatu ondorengo egunean. Orain, inbidia sentitzen dut partida egunetan, baina lasai egoten naiz hurrengo egunean, inolako minik gabe. Eskertu egiten dut jokatu ez izana.

Belauneko lesio batengatik utzi zenuen. Zer moduz duzu?

Askoz min gutxiago dut, baina neurria hartuta diodalako da. Egun daramadan bizimoduagatik askoz errazagoa da hori egitea. Lehen, behartuta nengoen neurriz kanpo ibiltzera, entrenatzen eta jokatzen, eta asko sufritzen nuen. Orain, aldiz, askoz gutxiago sufritzen dut, baina, neurriz kanpoko zerbait egiten badut, belaunak segituan egiten du protesta. Hobeto dut, baina ez nahiko nukeen bezala.

Traba egiten dizu egunerokoan?

Egokitu egin behar izan dut. Nire inguruan kirola egiten duen 27-28 urteko jendeak nik baino bizitza askoz egokiagoa du. Ni oso mugatuta nago kirolean. Niretzat 27-28 urterekin kirola bada bizitza normalaren parte, eta ezin dut nahi bezainbeste egin; ezin ditut egin egin nahiko nituzkeen gauza asko. Baina, bizikletan, ez dit inongo minik ematen, eta horri eusten diot. Nire belaunari begiratuta egiten dut bizitza normala.

Nola eraman duzu aldaketa?

Uste baino hobeto. Albistea eman baino lehen hasia nintzen lan psikologikoa egiten trantsizioa egiteko. Une horiek oso gogorrak izan ziren, batez ere medikuak esan zidanean pilotaz ahaztu behar nuela. Uztea beti da tristea, eta ezinegona eragiten du, ez dakizulako gauzak ondo joango diren. Publiko egin nuenean askoz errazago eraman nuen dena; jendeak ulertu ninduen, eta hori sekulako sentipena da pertsona batentzat.

«Neurriz kanpoko zerbait egiten badut, belaunak segituan egiten du protesta. Hobeto dut, baina ez nahiko nukeen bezala»

Agurrak goxatu zuen dena?

Bai, baina lasaitu handiagoa hartu nuen esan nuenean. Agurra oso polita izan zen, baina agurra agurra da beti. Oraindik asko gogoratzen naiz.

Ikusi duzu telebistan?

Ez. Oraindik ez naiz gai izan. Hirutan jarri dut, eta hirutan kendu egin behar izan dut. Oraindik harra hor dago. Badut lana egiteko.

Beldurra zenion utzi ondorengo astelehenari. Gogoratzen duzu lehen astelehen hura?

Bai. Oso ezberdina izan zen. «Eta asteburu honetan, zer?», pentsatu nuen. Hogei urte neraman asteburuero jokatzen. Pandemia garaiko sentipena izan nuen: «Eta orain, zer?». Eta horrek beldurra ematen du. Zorionez, alaba nuen etxean, eta zeri heldu banuen. Horrek ikaragarri lagundu dit. Beste egoera batean gogorragoa izango zen.

Kostatu zitzaizun frontoira itzultzea?

Utzitakoan, ez. Aurretik, ordea, sufritu egiten nuen: banekien nire ibilbidea bukatzear zela. Gaizki pasatzen nuen besteen partidak ikusten. Ez nuen saihesten, baina buruak saihesteko esaten zidan. Ez da erraza, eta psikologikoki landu behar izan dut. Zorionez, pilotan lagunak egin ditut, ez ezagunak, eta harremanari eusten diogu. Horrek samurrago egiten du. Baina, hasieran, kostatzen da.

Zertan zabiltza orain?

Lasai nabil. Niretzat denbora hartzen ari naiz, baita ingurukoekin egoteko ere. Azken hamar urteetan denbora asko eman diot pilotari, eta gorputzari egur handia eman; zaintzen ari naiz. Alabarekin eta bikotekidearekin ahalik eta gehien egoten naiz. Bizitza erabat aldatu zait: lehen kirola lehia eta errendimendua zen; orain, aldiz, gozamena da, eta burua lasaitzeko eta gorputza zaintzeko tresna ederra.

Zeren falta sumatzen duzu gehien?

Gorputzak sortzen duen adrenalinarena; horrek katigatu egiten du. Orain, nagikeria sentitzen dut, baina faltan sumatzen dut partida bikain bat jokatzeak edo sotamano edo gantxo on bat jokatzeak sortzen duen satisfazioa, baita lehia estu batek sortzen duen tentsioa ere bai. Horren falta sumatzen dut gehien. Edozer bilatuta ere, zaila da horrekin lehiatzea.

Zeren falta ez duzu sumatzen?

Gauza pila batena. Askoz gauza gehiago daude onak txarrak baino. Mina baduzu, martirioa da kirola egitea. Ondo egonda, oso zaila bada goian egotea, jokatzen duzun bakoitzean mina sentitzen baduzu... Eskuko minik ez izatea ere eskertzen dut.

«Oraindik ez naiz gai izan agurreko partida ikusteko. Hirutan jarri dut, eta hirutan kendu egin behar izan dut. Oraindik harra hor dago. Badut lana egiteko»

Egun duzun bizitzak asebetetzen zaitu?

Gustura nabil, baina ez da erraza neurria hartzea. Hasieran, ez duzu ezer egin nahi, baina berehala konturatzen zara ezin duzula egon ezer egin gabe. Kosta egiten da barneratzea dena ez dela pilota. Baina gustura segituko nuke orain bezala beste pixka bat gehiago.

Lanean ari zara?

Irakasle ordezkapenen bat egin dut, oso neurri egokian. Ez dut konpromisorik hartu nahi edozer egiteko. Nire asmoetara egokitzen den zerbait ateratzen bada, helduko diot. Baina lasai ibili nahi dut, kirol pixka bat egin, eta alaba zaindu. Ez da gutxi hori egin ahal izatea. Oso gustura nabil. Gorabeherak ditut, denok bezala, eta halakoetan lan pixka bat egin beharra dago animatzeko. Baina ez dut inolako damurik erabakiaz. Lehen ez nuen gauza bat dut: lasaitasuna, eta min gutxiago. Pilotaz aparte, gauza askorekin ari naiz gozatzen.

Pilota jo duzu utzi zenuenetik?

Ez dut pilotakadarik jo nire agurraren egunetik. Gustura ariko nintzateke, are gehiago kontuan hartuta anaia pilotaria dela, eta harekin pilota goxoarekin aritu eta izerdia bota dezakedala. Baina belaunagatik utzi nuen, eta belaunak ez du hobera egingo atzeko txokoan jokatzeagatik.

Iritzi emaile zara Euskadi Irratian. Zure apustua binakako txapelketarako?

Gaur-gaurkoz, Jaka eta Mariezkurrena. Baina finalerdietan berriro hasiko da lehia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.