KAE 1 liga. Jurgi Gorostiza. Isuntzako arraunlaria

«Ez gara ari igoeran pentsatzen»

Bi bandera irabazi ditu Lekeitioko taldeak aurtengo KAE 1 ligan, eta bigarren doa. Hala ere, Gorostizak ez dio gehiegi begiratzen Eusko Label ligara igotzeko aukerari.

Aitor Manterola Garate.
2018ko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Urteak daramatza Isuntzan arraunean Jurgi Gorostizak (Mendexa, Bizkaia, 1989), eta badu eskarmentua. Baita galderak erantzuten ere, eta mezu lasaia zabaldu nahi izan du, taldea ondo badoa ere KAE 1 ligan. Gogotsu dago asteburuan etxean izango dituzten bi estropadetan lan ona egiteko.

Egon behar zuen lekuan dago orain Isuntza?

Asko iruditzen zait «egon behar zuen lekua» esatea. Nahi dugun lekuan gaude.

Presioa besteei pasatzen?

Ez. Guk arraunean egiten dugu ondo pasatzeko eta gozatzeko. Baita urtez urte ikasteko ere, eta azken hiru urte hauetan bilakaera ona izan dugu.

Bi bandera irabazi dituzue dagoeneko. Zer esan nahi du horrek?

Lan ona ari garela egiten, ez gehiago, ez gutxiago. Aurtengo KAE 1 ligan, Astillero, Deustu, Getaria eta gu goraxeago gaude. Orain artekoa ikusita, Astillero pixka bat gorago dagoela ari da erakusten, eta beste hiru taldeon artean ez dago ia alderik.

Igoko al da Isuntza?

Ez gara ari horretan pentsatzen, baina aukera etortzen bada, ez egin dudarik, ahalik eta gogo handiarenarekin helduko diogu.

Osertz Aldairen hirugarren denboraldian zaudete. Taldera heldu aurretik, arraunean motz egiten zenuten, eta orain luze. Kosta egin zaizue aldatzea?

Apur bat bai. Beste modu batera geunden ohituta, eta ez da erraza aldatzea. Hasieran, adibidez, erritmoa nahigabe ere bizitu egiten genuen, eta kadentzia baxuetan joatea kosta zitzaigun gehien.

Horregatik ez zenuten lan ona egin iaz ibaiko estropadetan?

Eragin egin zigun, bai. Erlojuaren aurka, ibaiko estropadetan, ez genuen atera emaitza onik. Orain, aldatu egin dugu egoera , eta Portugaleten, ligaren hasierako estropadetan lan ona egin genuen,baita igandean ere, Pasai San Pedron, erlojuaren aurka, itsasoan ere bazen arren.

Iaz, ibaietako emaitza txarren eraginez ez zineten gorago geratu. Amorrazio puntua ere emango zizuen horrek.

Bai, baina kontuan eduki behar da iaz zer talde puska geratu ziren gure aurretik: Santurtzi eta Donostiarra. Begira nola dabiltzan aurten Eusko Label ligan. Iaz ibaiko lana hobeto egin izan bagenitu, puntu gehiago izango genituen. Baina ez ziren nahikoak izango, ziurrenik, beste bi talde handi horien aurretik geratzeko. Oso pozik geratu ginen bien atzetik geratu zen lehen taldea izateagatik.

Etxean dituzue ligako bi estropadak asteburuan. Aukera ona da Astillero harrapatu, eta Deustu nahiz Getaria atzean uzteko?

Estropada onak egiten ditugu etxean, eta konfiantzaz gaude. Ederra litzateke horibetetzea, baina kontrakoa gertatzea ere ez nuke baztertuko, daukagun leku on hori galtzea, esate baterako. Oso lehia estua dago, eta edozein txikikeria garesti ordaintzen da. Gainera, aurreneko asteburua izango dugu larunbat-igande estropadarekin, eta ea nola moldatzen garen denok ere.

Egun batetik bestera arraunlari aldaketak egiteko osatu zaizkizue min hartuta dituzuenak?

Ari gara horretan, baina berez izango genituzkeenak baino aldaketa gutxiago izango ditugu. Lesio kontuetan oso zorte txarra ari gara izaten, eta, gainera, lan kontuengatik kostatzen ari zaigu behar bezala entrenatzea.

Etxean bandera irabazteak zer esan nahiko luke?

Duela lau urte irabazi genuen, eta sekulako poza izan zen. Herritarrak gurekin pozik egotea, eta gu beraiekin ere halatsu egotea. Oso sentimendu handia da.

Azken urteetan KAE 1 ligako talderik indartsuenetakoa da Isuntza. Zer dago emaitza on horien atzean?

Urteetan egindako lana. Hamar bat urtez gabiltza KAE 1eko ohorezko txandan, eta datu bikaina da. Arraunlari multzo antzekoa ari gara, eta oso garrantzitsua da hori emaitza onak lortzeko.

Emaitza onak aipatuta, iaz, Kontxako Banderara sailkatzeko estropadan, ezuste latza emateko zorian izan zineten.

Bederatzi segundora geratu ginen sailkatzetik. Aberia handi bat egiteko gutxi falta izan zitzaigun. Oso ondo prestatu genuen estropada, liga garaiz bukatu, eta Osertzek eta Josuk [Aboitiz] konbentzitu gintuztelako ahal genuela lan ona egin. Arraunlariok hasieran ez genien sinetsi, baina lanean jarraituz, eta hiru bat bider Donostiara entrenatzera joanez, ilusioa piztu zitzaigun. Oso estropada ona egin genuen.

Aurten, Eusko Label ligara igotzeko kanporaketa jokatzen baduzue, ezingo duzue Kontxakoa propio prestatu. Aldatuko zenuke egoera iazkoa egiteko?

Arraunlari gisa, sekulakoa da Kontxan arraun egitea, eta nik ez dut sekula izan aukera hori. Ligakoa ondo dago, ez dizut ukatuko, baina Kontxan arraun egiteak handia izan behar du gero.

Isuntza TKE lig aren sorreran egon zen hiru denboraldiz, baina jaitsi zenetik ez da inoiz itzuli.

Beheko mailetan nenbilen. Estropada guztiak ikustera joaten ginen. Isuntza kate bat da, eta bederatzi urteko arraunlaria traineruan ari den arraunlari seniorra bezain garrantzitsua da.

2013an, ehunekoengatik geratu zineten liga nagusira igo gabe, kanporaketetan. Arraunean zinen orduan.

Kolpea izan zen, bai. Hain gutxigatik ez igo izana... Badugu hor arantza bat ateratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.