Garbiñe Etxeberria. Realeko idazkari teknikoa

«Ez genuen egoera hau espero; aurreko sasoikoa baino talde hobea dugu»

Azken egunetan lanez lepo dabil Garbiñe Etxeberria, Realeko entrenatzaile berria lotzen; zelaitik aulkira igaro zen lehenbizi, eta hortik bulegora; bestelako ardura batzuk eduki arren, idazkari tekniko lanetan «pribilegiatua» sentitzen da.

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Denboraldi hasiera kaskarraren sustoa pasatu gabe dago oraindik Garbiñe Etxeberria Realeko idazkari teknikoa (Hernani, Gipuzkoa, 1967). Baina baikor da, eta uste du egoera bideratzen ari dela taldea. Kanpoko hiru jokalari fitxatzeagatik, kritikak jaso zituen udan talde txuri-urdinak, baina Etxeberriak harrobiaren aldeko apustua tinko defendatu du.

Gonzalo Arkonada izango da Realeko hurrengo entrenatzailea? Izena bolo-bolo dabil.

Entrenatzaile berri bat etorriko da, baina oraindik ez dakigu nor izango den. Negoziatzen ari gara, eta espero dugu laster lotzea. Nahiko genuke aste honetan izatea, denbora izan dezan etenaldian lanean hasteko.

Arkonada fitxatuz gero, emakumeen futbolean eskarmenturik ez duen entrenatzaile bat izango litzateke. Emakumeen futbola ezagutzea ez al da ezinbesteko baldintza zuentzat?

Gure egoera zaila da, eta datorren pertsonak lan handia egin beharko du. Eliteko kirolean jantzia egon behar du. Futbolaz jakitea da inportanteena: azken batean, emakumeena edo gizonezkoena izan, futbola baita. Juanjoren [Arregi] aurreko bi entrenatzaileek Unaik [Gazpio] eta Igorrek [San Miguel] ez zuten esperientziarik emakumeen futbolean, eta lan bikaina egin zuten.

Gorka Alvarezek jarraitzea baztertu egin duzue?

Gure asmoa da norbait etortzea. Horren beharra ikusten dugu. Dena den, oso pozik gaude Gorka eta haren lantaldea egiten ari denarekin, eta konfiantza osoa dugu haiengan.

Azken hiru jardunaldietan bost puntu lortu eta gero, sustoa pasatu zaizue?

Egoera oraindik ez da erraza. Taldea ondo ari da, baina oraindik jaisteko postuetan dago. Inork ez genuen espero egoera hau. Egoera korapilatuz joan da. Egutegiak eta hainbat jokalariren lesioek ez digute lagundu, eta taldean zalantzak sortuz joan dira. Orain, emaitzek lagunduta, konfiantza berreskuratu behar du taldeak. Hori kosta egiten da.

Pena izan zen larunbatean Levantek azken unean sartu zizuela berdinketako gola.

Bai. Baina ikusten zen bigarren zatian aurrera egin zutela, eta larri ibiliko ginela. Nahiz eta guk ere bigarren gola sartzeko aukera izan genuen. Dena den, balio handia eman behar zaio lortu genuen puntuari. Levanterena oso zelai gaiztoa da, gu ere gauden egoeran gaude... Baina puntu horrek are balio handiagoa izango du hurrengo neurketa etxean irabazten badugu, Zaragoza azken sailkatuaren aurka baita.

Juanjo Arregiren aldeko apustuan zerk egin du huts?

Emaitzek. Aldaketak egiten dituzunean, beti hobekuntza baten bila ari zara. Juanjorekin, horixe nahi genuen. Aurrekoek egindako lanari beste zerbait gehitu nahi genion, haren eskarmentua baliatuz. Eman zion, baina emaitzak ez dira onak izan, eta, zoritxarrez, futbolak horrela funtzionatzen du. Berak ideia bat zuen, eta hori aurrera eramateko borrokatu zen. Pena izan da, bi aldeak gustura geundelako. Baina sailkapenean zero hori ikustea zama handia zen.

Punturen bat lortu izan balu, entrenatzaile jarraituko luke?

Nik beti gogoratuko dut Madrilen aurka jokatu genuen partida. Valentziaren, Atletico Madrilen eta Bartzelonaren aurka galdu ostean, itxaropen handia genuen irabazteko, Madril igo berria baita. Baina ez genuen zoria alde izan. Hiru baloi jaurti genituen langara. Horietako bat sartu izan balitz, agian emaitza beste bat izango zen, baita egoera ere.

Udan egindako fitxaketekin, taldea aurreko sasoikoa baino hobea dela uste duzu?

Entrenatzailearekin gertatu bezala, fitxaketak taldea hobetzeko egiten dira, eta ez dute aitzakiarik. Beraz, nik uste dut baietz. Ez hori bakarrik. Hemen zeudenak ere hobeak dira, beste sasoi bateko eskarmentua dutelako Lehen Mailan. Beraz, taldea hobea da.

Fitxaketak, beraz, esperotako maila ematen ari dira?

Beti nahi izaten duzu gehiago ematea. Baina pozik gaude. Haiei ere egoera zail hau bizitzea tokatzen ari zaie. Ez daude ohituta. Bea Beltran Atletico Madrilekin liga irabazita etorri zen, Claudia Zornoza goiko postuetan egon zen aurreko sasoian Valentziarekin, eta Michi Goto Japoniako ligako goi mailan ibilia da. Egoera berria da guztiontzat, eta, taldea beheko postuetatik irten ahala, gehiago emango digute.

Etxeko jokalarien aldeko apustua egin zen denboraldi amaieran, horietako askori kontratua berrituz: Mariasun Quiñones, Nahikari Garcia... Egoera honetan ez al lukete aurrerapauso bat eman beharko?

Gure filosofia eta apustua harrobiko jokalarien aldekoa da, hala berretsi genuen kontratuak berritu genizkienean. Denek eman behar dute aurrerapauso bat. Ez bakarrik Mariasunek edo Nahikarik. Hor izen asko daude: Leire Baños, Itsaso Uriarte, Iraia Iparragirre, Titay Calvo, Ane Etxezarreta... Denen artean atera behar dute egoera aurrera.

Beharbada, ikusmin handiegia ezartzen da Nahikarirengan?

Nahikarik erakutsi du zer maila duen, eta oraindik ere hazteko asko dauka. Mediatikoki ere ikusmin handia sortzen du, izan duen kirol ibilbideagatik. Oso jokalari garrantzitsua da, baina lagundu egin behar diogu.

Harrobiaren aldeko apustu hori ez al dago kontrajarria udan egindako fitxaketekin?

Gure apustua harrobia da, baina lehiaketak beste zerbait ere eskatzen dizu: berehalako errendimendua. Futbolean ez dago pazientziarik. Emaitzek berehalakoak izan behar dute. Harrobiarekin lan handia egiten ari gara, eta jokalari horiek lehen mailara iristea nahi dugu. Baina bitarte horretan, hainbat postutan ez badago maila ematen duen harrobiko jokalaririk, kanpotik ekarri behar ditugu. Harrobiko eta gurekin lanean ari diren taldeetako jokalariei eskatu nahi diegu pazientziaz jarraitzeko lanean. Merezi dutenek izango dute bere aukera; ate guztiak irekita daude. Adibide garbiena Nerea Eizagirre da. Tolosatik ekarri genuen, eta, gaztea izanagatik ere, jokatzen ari da, oso ondo ari delako. Gure filosofia ez da aldatu. Gipuzkoarrak nahi ditugu. Etxeko jokalariek eman diote proiektu honi indarra, zentzua eta egonkortasuna. Ez da erraza izan haiei eustea, baina jokalari bakoitzak jokatzen du nahi duen lekuan, eta erabaki dute hemen geratzea. Guretzat hori oso pozgarria da.

Denbora daramazue bigarren talde bat sortzeko proiektuarekin. Noizko egongo da prest?

Datorren denboraldirako. Garrantzitsua iruditzen zaigu jokalari gazteek Realaren egunerokoa ezagutzea, eta guk ere haiek gertu izatea. Uste dugu horri esker hobetu egingo dela haien errendimendua. Lehiaketak eta emakumeen futbolak izandako bilakaerak eskatu egiten dizu bigarren talde bat izatea.

Zein izango da bigarren talde horren egitekoa? Zein ezaugarri izango dituzte jokalariek?

Guk nahi dugu Gipuzkoako jokalari gazte onenak bertan egotea, eta beren bidea egitea Lehen Mailara iristeko. Egitekoari dagokionez, egun lehen taldean hainbat jokalari min hartuta daudenean, estu eta larri ibiltzen gara. Oso mugatua gaude soilik lehen taldearekin. Egia da horretara ohitu garela, baina bigarren talde horrek emango digu entrenamenduan kalitate handiagoa, lasaitasun handiagoa deialdiak egiteko orduan... Jokalarientzat ere motibazio bat izango da.

Horrek nola eragingo du Gipuzkoako beste taldeekin duzuen harremanean?

Eragina izango du. Talde batzuek jokalari galera handiagoa izango dute, eta beste batzuei gutxiago eragingo die. Baina argi utzi behar dugu bigarren talde hori sortzearen beharra ez duela soilik Realak ikusten, baizik eta Gipuzkoako futbolak ere eskatzen duela. Izan ere, Lehen Mailarako saltoa handia da. Gainera, gurekin dauden taldeei ere azaldu diegu zein den gure asmoa, eta harreman horrekin jarraitu nahi dugu gauzak azaltzen jarraitzeko. Denek elkartuta egon behar dugu, talde horiek oso lan ona egin baitute azken urteetan Realarentzat, eta oso aintzat ditugu. Zerbait berria da, eta normala da zalantzak izatea. Baina denen onerako da.

Realak duen aurrekontua kontuan hartuta, ez al luke diru eta baliabide gehiago bideratu behar emakumeen futbolera?

Kontuan hartuta sailkapenean nola gauden, nik uste dut gehiago gaudela emateko eskatzeko baino. Oraintxe bertan guri dagokigu emaitzak lortzea. Beti nahi duzu gehiago, eta borrokan gaude. Baina gure lanak eskatzen duen zerbait da, emakumeen kirolaren errealitate bat. Ditugun baliabideekin aurrera egin behar dugu, eta berez dugun maila berreskuratu. Beste itxura bat eman behar dugu.

Profesionalizazioa gertu dago?

Reala izan zen jokalariei lan kontratu eta fitxa profesionala egin zien lehen taldea. Baina, zoritxarrez, oraindik ere jokalariak ezin dira futbolaz bizi. Egungo emakumeen futbolean oso jokalari gutxi daude futbolaz bizi daitezkeenak, eta zeresanik ez horretaz dirua egin dezaketenak. Ez dut urruti ikusten emakumeak futbolaz bizitzea, baina pausoak falta dira oraindik. Adibidez, guk Levanteren aurka larunbat goizez jokatu genuen, eta gure jokalariek eta teknikariek baimenak eskatu behar izan zituzten lanean ostiralean, bidaiatu ahal izateko. Hurrengo zubian ere, abenduaren 6an Albaceten jokatzen dugu, eta asteartez bidaiatu beharko dugu. Beraz, berriro ere nola edo hala moldatu beharko dugu. Egunerokoan traba bat da hori. FIFAk oso asmo onak ditu emakumeen futbolaren inguruan, baina gauzatu egin behar dira. Izan ere, profesionalak bezala entrenatzen dira eta jokatzen dute, eta berdin exijitzen zaie.

Entrenatzaile lanera itzuliko al zinateke?

Itzuliko nintzateke jokalari izatera, hori baita erosoena. Aulkian eta bulegoan bestelako arduraeta kezka batzuk dituzu. Jokalari izan denak beti du gogoa zelaira itzultzeko. Dena den, lan honetan oso gustura nago, eta pribilegiatu bat sentitzen naiz. Nahiz eta denboraldi hasiera oso gogorra izan den. Entrenatzaile izatea ez dut faltan sumatzen. Garai horiek igaro ziren, eta orain neure burua beste leku batean dago.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Goizetan bulegoko edo kudeaketa lana egiten dut: jokalarien jarraipena, gurekin lanean ari diren taldeekin harremana, antolaketa... Arratsaldean entrenamendua ikustera etortzeko joera izaten dut. Jokalariekin gertukoa izatea gustatzen zait. Betiere, nagoen postutik, eta argi izanda ez naizela entrenatzailea. Baina haiekin hitz egiten dut, beharraren arabera. Gauzak ondo doazenean ez dute behar izaten. Egoera zaila denean, berriz, eskertzen dute gertukoa izatea: animoak edo gomendioren bat ematea, hor gaudela ikustea... Erakutsi nahi diet horrekin ez nagoela beti bulegoan sartuta, eta kezkaren bat edukiz gero lasai asko jo dezaketela niregana.

Kanpoan jokatzen dutenean haiekin bidaiatzen duzu?

Ez beti. Baina egoerak eskatzen badu, edo komeni bazait, bai. Dena den, hemen jokatzen diren partidak ikustea ere gustatzen zait, eta denera ezin naiz iritsi. Aukeratu egin behar da. Levanteren aurkako partidan egon nintzen, eta hurrengoan ikusiko dugu. Lan horiek ere banatu egin ditugu.

Jokalariak asko aldatu dira zu hasi zinenetik?

Bai, batez ere azken hamarkadan: zainketan, futbola bizitzeko moduan, exijentzian... Guretzat futbola zen egunean bi ordu eskatzen zigun zerbait. Orain, berriz, futbolak gauza gehiago eskatzen dizkizu. Exijentzia handia da, eta futbolariek badakite hori. Nahiz eta ikasi edo lan egin, futbolari ere eskaini behar diote denbora goian egon nahi badute.

Baina, aldi berean, ez al dituzte gauzak zuek baino errazago?

Gure belaunaldiko jokalariek asko hitz egiten dute horretaz. Hutsetik hasi ginen, eta egun jokatzen ari direnei komeni da tarteka gogoraraztea nondik gatozen. Hori oso inportantea da. Hau ez da betidanik egon, eta lan handia egin behar izan da honetara iristeko. Hona etorri, eta dituzten baliabideak izatea, ez da hutsetik lortu den zerbait. Niri gustatzen zait garai bateko gauza horietaz hitz egitea, kontura daitezen.

Ez zen espero zuek zuloan egotea. Baina, ligan bestelako ezusterik ikusten ari zara?

Liga oso polita ikusten ari naiz. Asteburuan Bartzelonak Granadillaren aurka galdu izana ezustea da. Baina hor ikusten da dagoen berdintasuna eta lehia. Noizean behin, badago markagailu ikusgarriren bat, baina ez garai batean bezala. Albacete ezustea izaten ari da niretzat, beherago ibiliko zela uste bainuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.