Irabaztea ez da erraza, baina are zailagoa izan daiteke irabazle izatea. McLarenek irabaziz amaitu zuen 2024a, eta hala hasi zuen 2025a ere. Ia hogei urte igaro dira azkenengoz 1 Formulako Munduko Txapelketa irabazi zuenetik. Lewis Hamiltonek lortu zuen, 2008an. Handik aurrera, behera egiten hasi ziren, eta hondoa jo zuten Honda motorren aldeko apustua egin zutenean. Egoerarik txarrenean zeudenean iritsi zen taldera Lando Norris, 2019an.
Ordurako urtebete zeraman taldean Zak Brownek, lasterketetan taldeetako kudeatzaile bihurtutako gidari ohiak. Ez zuen bide erraza izan, baina, erabaki estrategiko gehienekin bezala, norabidea egokia denean emaitzak iritsi egiten dira. Eraldaketa prozesua hasi zuen, eta Lando Norris puntu gehiago lortzen joan zen urtetik urtera. Azken urteotan McLaren abisatzen ari zen: 2023an, Norrisek seigarren amaitu zuen denboraldia; iaz, aldiz, bigarren. Aurten, Australian irabazita, lehen postuan hasi zuen urtea, nahiz eta laugarren lasterketan Oscar Piastri taldekideak gainditu zuen. Oraindik lehen postuan dago Piastri. Baina Max Verstappen (Red Bull) gainean dute. Zergatik?
Uda partean taldeek erabaki bat hartu behar izaten dute: noiz arte jarraituko duten garatzen denboraldi horretan erabiltzen ari diren autoa. Horri lotuta, beste erabaki bat hartzen dute: noiz hasiko diren hurrengo sasoikoari begira lanean buru-belarri. Autoek berrikuntzak dituzte denboraldi osoan, lehian atzean gera ez daitezen. Baina datorren sasoian beste aldaketa sakon bat egingo dute araudian, eta baliabide gehiago erabili beharko dituzte auto berria garatzeko. Gaur egun, 1 Formulan gastua mugatuta dute. Horren ondorioz, urteko autoa gutxiago garatzen dute. Williamsek, adibidez, aspaldi esan zuen denboraldi honetan erabiltzen duten autoan ez dutela berrikuntza gehiago egingo.Â
Munduko Txapelketa irabazteko lehian diren taldeentzat zailagoa da hori egitea. McLarenek irabazi du dagoeneko autogileen txapelketa. Beraz, diru saria bermatua dauka. Baina jarraitzaileen artean gehiago balio du gidarien tituluak, eta hor lehia betean dabiltza Verstappenekin. Red Bullek autoa garatzen jarraituko du urtearen azkeneraino. Hala egin zuen baita ere 2021ean, Mercedesekin lehia betean egon zirenean. Lewis Hamilton zen orduan Mercedeseko gidaria.

Egindako aldaketek nabarmen hobetu dute autoa. Gakoa zera izaten da: xahututako baliabideek zenbateraino hobetzen duten autoaren abiadura. Red Bullek bete-betean asmatu du udako geldialditik hona egindako berrikuntzekin. Egungo txapeldunaren taldea da autoa etengabe eta azkeneraino aldatzen ari dena. McLarenek aldaketa gutxi batzuk egin ditu, zirkuitu bakoitzaren ezaugarri zehatzek eskatzen dituztenak. Hau da, aspalditik ari dira datorren denboraldiari begira. Lehentasuna eta arreta hor dituzte jarrita.
Ataka zailean
Hala, Verstappen gerturatu egin zaie. Azken lau lasterketetan 44 puntu jan dizkio Norrisi, eta 64 Piastriri. Orain, bost sari nagusiren faltan, Piastrik 14 punturen aldea ateratzen dio Norrisi, eta 40rena Verstappeni. McLarenen dardarka hasteko moduan daude. Are gehiago beste datu honi erreparatuz gero: azken bost lasterketetan jokoan egon diren 133 puntuetatik, Verstappenek 119 lortu ditu. Tarte berean, Piastrik eta Norrisek puntu kopuru bera lortu dute elkarrekin.
McLarenek ez daki nola egin aurre egoerari, eta ataka zailean da. Taldeko bi gidarien arteko lehia bermatze aldera, lehiarekin zerikusirik ez duten erabakiak inprobisatzen hasi dira. Monzan Norrisek behar baino mantsoago egin zuen geldialdi bat, eta pistan konpondu nahi izan zuten hanka sartzea. Horretarako Piastriri zera eskatu zioten: taldekideari posizioa itzultzeko. Hain zuzen ere, Piastriren emaitzak orduan hasi ziren okertzen. Ezohiko hutsegiteak egiten hasi zen. Deseroso dago taldeak hartutako azken erabakiak direla eta. Izan ere, ezin dute arinkeriaz aritu aurkaria Verstappen bada. Otsoak odola usaintzen duenean, ez dago hura gelditzeko modurik.

Andrea Stellak, McLareneko zuzendari nagusiak adierazi du hemendik aurrera lehiatuko diren zirkuituek mesede gehiago egingo dietela. Baina azken denboraldietako emaitzei erreparatuta, taldean dagoen egonezina baretzeko hitzak dira. Izan ere, Mexikon korritu diren azken lau lasterketetatik hirutan Verstappen gailendu da. Brasilen ere hark irabazi du azken bi urteetan.
Zaleen gozamenerako, txapelketa irabazteko lehia ez da bi taldekideren arteko lehia hutsa. Verstappen hor egonda, benetako lehia bihurtu da. McLarenek erabaki ausartak hartu beharko ditu. Izan ere, Red Bullek errei azkarra hartu du, abiadura mugarik ez duena. 141 puntu daude jokoan. Krispetak janez ikusteko moduko ikuskizuna izango da.