Saskibaloia

Ezohiko postuan dago Lointek Gernika

Bizkaiko taldea jaitsiera postuetatik puntu bakarrera dago. Lucas Fernandez entrenatzailearen ustez, Eurokopako partidek eta lesioek eragina izan dute taldearen jardunean.

LUCAS FERNANDEZ. ARITZ LOIOLA / FOKU
Lucas Fernandez Lointek Gernikako entrenatzailea, jokalariei aginduak ematen, partida batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko martxoaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Otsaila hilabete kaskarra izan da Lointek Gernikarentzat: jokatu dituen bost partidetatik bakarra irabazi du, Araskiren aurkako derbia, hain zuzen ere (93-61). Bolada txar horren ondorioz, sailkapenaren zulotik gertu dago Bizkaiko taldea: hamahirugarren postuan dago sailkapenean, eta jaitsiera postuak puntu bakarrera ditu. Aldi berean, zortzigarren postua hiru puntura baino ez du. «Zortzi-zazpi talde gaude bederatzigarren postutik hamabosgarrenerako tartean. Kanporaketak jokatzeko postuetan sartzeko hiru garaipen behar ditugu. Kirolak erakusten dizu denboraldi bakoitzean egoera berrietara egokitu behar duzula», adierazi du Lucas Fernandez taldeko entrenatzaileak (Calzada de Calatrava, Espainia, 1978).

Ezohikoa da Lointek Gernika ataka horretan egotea: azken bi denboraldietan ligako kanporaketetarako sailkatzea lortu ez duen arren, azken urteetan ia beti egon da zortzi talderik onenen artean. Denboraldi honetan, baina, ligako 23 partidetatik zortzi baino ez ditu irabazi. Taldeko prestatzailearen ustez, «posible zen halako zerbait gertatzea», batez ere Eurokopan ere aritu direlako, eta gainera, zenbait jokalarik min hartu dutelako: «Eurokopa eta liga kontatuz gero, berrogei partida inguru jokatu ditugu: ligan jokatu ohi ditugunak adina. Grezian, taldeko bi jokalari estatubatuarrek min hartu zuten, eta uste dut horrek ere eragin duela nahiko genukeen bezain lehiakorrak ez izatea». Cameron Williams eta Taylor Jones jokalariez ari da Fernandez. Pibotak dira biak ala biak. Gainera, Masa Jankovicek ere min hartu zuen azaroan, eta hainbat astez egon zen jokatu gabe. Angela Salvadoresek, berriz, ligako lehen partidan min hartu, eta hiru hilabete egon zen jokatu gabe.

Nolanahi ere, Fernandezek uste du ez daitekeela esan ligako sailkapeneko ezein postu eurena zutenik: «Egunerokoari ematen diogu garrantzia, eta oso ondo ari gara lanean. Jokalarien konpromisoa erabatekoa da». Jokoari dagokionez, zer gertatu den galdetuta, uste du Zaragoza, Girona eta halako talde handien aurka jokatzeak eragina izan duela. «Tarte batzuetan ondo aritu ginen Zaragozaren aurka, baina zaila da halako talde handien aurka lehiatzea. Gauza bera gertatu zitzaigun Gironaren aurka: ondo jokatu genuen zenbait minutuan, baina kalitate handiko jokalariak dituzte, baita multzo zabala ere, eta, neurketa irabazteko, bete-betean aritu behar duzu berrogei minutuz». 85-63 galdu zuten Zaragozaren aurka, eta 102-70 Gironaren kontra.

Abiapuntua ez da berbera

Entrenatzailearen iritziz, eguneroko lanari esker hobetuko dute: «Talde sendoa izan behar dugu, erreboteetan erne egon, eta baloia mugitzen dugunean, lehen segundoetan, jokoari bizitasuna eman. Horrela arituta, lehiakorragoak gara. Helburu hori hartuta lan egin behar dugu». Taldeak egoera «korapilatsuei» aurre egin behar izan die, tartean Israelgo Elutzur Ramla taldearen aurka jokatzeko Bulgariara joan behar izatea, baina Fernandezek adierazi du taldeak «konpromiso eta ardura handia» duela aurrera begirako erronkei behar bezala heltzeko. «Taldea oso sendoa da. Emaitza txar bat izanez gero, dena aztertzen dugu, autokritika egin, eta, kolpea hartuta ere, segituan altxatzen gara. Hori erabakigarria da denboraldi amaieran irauteko».

«Egunerokoari ematen diogu garrantzia, eta oso ondo ari gara lanean. Jokalarien konpromisoa erabatekoa da»

LUCAS FERNANDEZ Lointek Gernikako entrenatzailea

Gaur dute lehen aukera altxatzeko. Valentziaren aurka jokatuko dute, Malosten, 20:00etan hasita. «Beste talde handi bat da: Euroligaren atarian geratu da». Hirugarren postuan dago. Fernandezek adierazi du lehiakorrak izaten saiatuko direla: «Burua argi izan behar dugu defentsan, eta bete-betean jokatu berrogei minutuz. Erabakigarria izango da erreboteetan erne egotea, baloia ondo mugitzea eta erabakiak hartzeko garaian ausartak izatea». Horrez gain, aitortu du aurkaria fin ez aritzea ere ezinbestekoa izango dela.

Bizkaitarrei zazpi neurketa geratzen zaizkie denboraldia amaitzeko. Sailkapenean gora edo behera begira ote dauden galdetuta, adierazi du ezin diotela horri erreparatu, eta egunerokoan jarri behar dutela arreta: «Helburua da ahalik eta partida gehien irabaztea, eta, hortik aurrera, ea zer postutan amaitu dezakegun. Hasieratik orain arte, asko aldatu da Lointek Gernikaren abiapuntua. Lehen ez bezala, beste taldeek gure pareko baliabideak dituzte orain; batzuek, baita gehiago ere».

ARASKIK ETA IDK-K ERE SUSPERTU BEHARRA DUTE

Gernika bezala, Araski eta IDK ere larri dabiltza: arabarrak jaitsiera postuetan daude; gipuzkoarrek, berriz, bi puntura baino ez dute jaitsiera. Hori aski ez, eta galdu egin dute azkeneko partida; Araskik azken bi jardunaldietan galdu du. Beraz, biek ala biek irabazi beharra dute. Gaur dute horretarako aukera: Araskik Estudiantes hartuko du (18:00), eta IDK-k Kanaria Handiaren kantxan jokatuko du (19:00). Estudiantes aurkari zuzena da mailari eusteko. Kanaria Handia, berriz, azkena da, eta ia ezinezko du mailari eustea. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.