Irailean zehar jokatu dute, Samarkandan (Uzbekistan), 45. Xake Olinpiada. Bertan Euskal Herriko xake jokalari bakarrak hartu du parte, eta ez da izan ez Espainiarekin, ez Frantziarekin, Senegalekin baizik. Bi hamarkada baino gehiago goi mailako lehiatik urrun egon ondoren, selekzio horren lehen taulan aritu da Felix Izeta maisu handia (Zestoa, Gipuzkoa, 1961), historian arrakasta handiena izan duten euskal jokalarietako bat. Berriro aritu da Olinpiada batean: «Ilusio berezia egin dit berriro maila handiko txapelketa batean jokatzeak. Gainera, oso gustura aritu naiz. Ez naiz askorik urduritu eta berriro lehiatzeaz gozatu dut. Horixe izan da itzulerako gauzarik positiboenetako bat». Lortutako emaitzekin, berriz, kritikoagoa da: «Egia esan, txapelketa ez zaigu ondo atera. Erritmo falta nabaritu dut denboraren presiopean kalkulatzean. Venezuelaren aurkako partidan edo azken txandan, Omanen kontra, emaitza hobea lortu beharko nuela uste dut. Baina onartu behar dut xakea asko aldatu dela, eta hainbeste urtez lehiatu gabe egoteak eragingo zidan ezinbestean».
Parte hartzaile kopuruari dagokionez, selekzio arteko munduko kirol ekitaldirik handienetako bat da: 206 selekzio lehiatu dira sekzio irekian, eta 189 emakumezkoenean. Aurtengo aldian Uzbekistan izan da garaile, Javokhir Sindarov eta Nodirbek Abdusattorov gazteek gidatuta. India bi puntutara geratu da, eta Alemaniak osatu du podiuma, ezustea emanda. Ameriketako Estatu Batuak ziren irabazteko faborito, baina ez dituzte aurreikuspenak bete, eta laugarren postuan geratu dira.
Senegal 154. postuan geratu zen, eta, Izetaren ustez, selekzioko kapitainak hartutako erabaki batzuk ez ziren zuzenak izan. «Nire ustez, jardunaldi gehienetan ahalik eta talderik sendoena atera behar zuen. Gazteei aukerak ematea ondo dago, baina ezin dugu ahaztu Senegal ordezkatzen ari ginela, eta hango xakearen zaleen komunitatea gure emaitzei adi zegoela. Azken txandetan talderik indartsuena ez ateratzea erabaki zuen kapitainak, eta ez nator bat erabaki horrekin».
Lehiatik hainbeste urtez urrun egon arren, Izetak betidanik izan duen izaera lehiakorrari eutsi dio. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan xakearen erreferente nagusietako bat izan zen, eta Nazioarteko Maisu eta ondoren Maisu Handi tituluak lortu zituen. Oso gogoan du 1996an Erevanen jokatutako Olinpiada. Espainiarekin lehiatzen zuen orduan. «Emaitza aparta izan zen. Txapelketa osoan lehen mahaietan aritu ginen, munduko selekziorik onenen aurka. Domina lortzetik oso gertu egon ginen. Seigarren izan ginen. Espainiak Olinpiada batean inoiz lortu duen emaitzarik onena izan zen». Munduko onenen artean lehiatzen zen garaien hutsunerik ba ote duen galdetuta, «nostalgia pixka bat» duela aitortu du. «Olinpiada honetan, nire partidak amaitzen nituenean, lehen mahaietako norgehiagokak ikusten geratzen nintzen. Baina banekien zertara nentorren. Gaur egun beste errealitate batean nago, eta naturaltasunez onartu dut».
«Profesionala nintzenean Espainiako selekzioarekin jokatu nuen, beste aukerarik ez neukalako. Beti defendatu dut Euskal Herriak aukera izan beharko lukeela selekzio propioarekin ofizialki lehiatzeko»
FELIX IZETA Xakeko jokalaria
Euskal Herrian xakearen zaleak diren askorentzat Izeta erabat desagertu zen panoramatik. Xake profesionala utzi, esku artean zituen negozioetan arreta jarri eta Londresera joan zen bizitzera. Geroago, arrazoi pertsonalak tarteko, Senegalera joan zen bizitzera, eta urteak daramatza han. Hango xakearen komunitatearekin ez zen berehala harremanetan jarri, baina duela urte batzuk jendea ezagutzen hasi zen, eta 2022an selekzioko kapitain gisa parte hartu zuen Chennain jokatutako Olinpiadan. «Ondoren Senegal jokalari moduan ordezkatzeko aukera eskaini zidaten, eta gustura onartu nuen. Espainiako bandera Senegalgoarengatik aldatzea plazera izan zen niretzat. Profesionala nintzenean Espainiako selekzioarekin jokatu nuen, beste aukerarik ez neukalako. Beti defendatu dut Euskal Herriak aukera izan beharko lukeela selekzio propioarekin ofizialki lehiatzeko».
Ofizialtasuna, borondate kontua
Haren ustez, ofizialtasuna oraindik hain urruti egotea borondate politiko kontua da, besterik ez. Xake Olinpiada aipatu du adibide bezala: «Olinpiada honetan berrehun selekziok baino gehiagok hartu dute parte, eta horietako askok ez dute estatu subiranorik; adibidez, Faroe Uharteak, Guam, Jersey, Guernsey, Kaledonia Berria, Macau eta askoz gehiago. Haiek parte har badezakete, ez dut ulertzen zergatik Euskal Herriak ez». Eta honako hau gaineratu du: «Badaude bideak, baina borondatea egon behar da, eta pausoak eman nazioarteko federazioaren [FIDE] barruan. Adibidez, Kataluniak pisuzko arrazoi bat izango luke, euren federazioa Espainiakoa baino zaharragoa delako eta lehenago sartu zelako FIDEn. Kataluniak lortuz gero, guk ere lortzeko aukera izango genuke. Elkarrekin lan eginda posible izango litzateke».
Etorkizunari dagokionez, argi hitz egiten du. «Itzulera puntuala izan da. Ez dut baztertzen bi urte barru beste Olinpiada batean berriz jokatzea, baina gaur egun nire lanak eta nire egoera pertsonalak ez didate uzten xakeari eskatzen duen denbora eskaintzen». Hogei urte baino gehiago igaro dira Izetak goi mailako xakea utzi zuenetik, baina argi dago xakearekiko grina duela oraindik ere.