Alessio Lisciren aroari ekin dio Osasunak

Gaur ekin dio lanari Osasunak, Taxoaren. Alessio Lisci entrenatzailearen lehen lan saioa izan da. Talde gorritxoak Victor Muñoz Real Madrileko aurrelaria fitxatu du, bost denboraldirako, bost milioi euroren truke.

Osasuna. OSASUNA
Osasunako jokalari, entrenatzaile eta ordezkariak, gaur, Taxoaren, denboraldiurreko lehen entrenamendua hasi aurretik. OSASUNA
2025eko uztailaren 11
11:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Sanferminetan murgilduta dago Iruñea. Batzuek goizeko entzierroan Jandilla ganadutegiko zezenen aurretik lasterka egin duten bitartean, Osasunako jokalariek lehen ostikadak eman dizkiote gaur baloiari Taxoaren. Bi aurpegi berri izan dira: Alessio Lisci entrenatzailea eta Victor Rosier Leganesetik fitxatutako eskuin hegaleko atzelaria. Ez da izan Taxoaren klubak fitxatu duen azken jokalaria: Victor Muñoz Real Madrileko 21 urteko aurrelari kataluniarra. Osasunak bost milioi euro ordaindu ditu haren eskubideen erdiarengatik. 

Ateak ireki dituzte, eta, festa giroa baliatuz, euren idoloak bertatik bertara ikusteko beta izan dute hainbatek. Joan den urtean taldean aritu ziren Pablo Ibañez eta Bryan Zaragoza ez dira zelaian izan; Ibañez Alavesek fitxatu du 2030. urtera arte, eta Zaragoza Munichera (Alemania) itzuli da. Han jokatu nahi du, baina zaila izango du. 

Ruben Peña, Unai Garcia eta Jose Arnaiz ere ez dira denboraldi honetan Sadarreko zelaian ariko: Peñak Espainiako Ligako Bigarren Mailan jokatuko du, jaitsi berri den Leganesen. Esanguratsuagoa izan da Unai Garciaren irteera, jokalari nafarrak agur esan baitio Iruñeari hamahiru denboraldi egin eta 215 norgehiagoka jokatu ostean. Aurrerantzean Greziako Panetolikos taldean ariko da. Jose Arnaizi, ordea, uztailaren 1ean amaitu zitzaion kontratua, eta Braulio Vazquez buru duen kirol zuzendaritzak ez berritzea erabaki zuen —orain talderik gabe dago—. Horiez gain, ikusteko dago non ariko diren Jesus Areso eta Ante Budimir: kontratua dute biek, baina baita beste taldeen eskaintzak ere.  

Lisci Morenoren ordez

Joan den denboraldian Osasuna Europarako sailkatzeko zorian egon bazen ere, taldeak Vicente Moreno kargutik kendu eta Alessio Lisci entrenatzaile italiarraren aldeko apustua egitea erabaki du. Mirandesekin Lehen Mailara igotzeko kanporaketetako azken norgehiagoka galdu ostean iritsi da Iruñera. Hasieratik argi utzi du Osasuna zuzentzeko zuen guraria, honela esan baitzuen aurkezpen egunean bertan: «Osasunara etortzeko eskaintza egin zidatenean, burua Sadarrera eta bertan sortzen den girora joan zitzaidan». Fitxaketen inguruan galdetu ziotenean, Liscik adierazi zuen aurrealdean «sakontasuna» falta dela, baina esan zuen horrek ez duela «kezkatzen».

«Osasunara etortzeko eskaintza egin zidatenean, burua Sadarrera eta bertan sortzen den girora joan zitzaidan»

ALESSIO LISCIOsasunako entrenatzailea

Liga hasi aurretik, zazpi lagunarteko jokatuko ditu talde gorritxoak: Bretainian, Alemanian eta Euskal Herrian. Lehen norgehiagoka uztailaren 19an jokatuko du, Bretainiako An Oriant hirian, Lorient taldearen aurka; Stade du Moustoir estadioan izango da, 18:00etan. Hurrengo partidarako ez da Nafarroako lurretatik aterako, uztailaren 26an Lerin herriko La Romaleta futbol zelaian jokatuko baitu, Huescaren aurka, 19:00etan. Uztailaren 30ean, Gipuzkoako lurretan ariko da, Zubietako kirol hirira egingo baitu bisita uda sasoian ohiko bihurtu den euskal derbia jokatzeko, Realaren aurka, 19:00etan. 

Abuztuaren 2an, Racing Santanderren aurka jokatuko du, 19:00etan, Irungo (Gipuzkoa) Gal futbol zelaian. Hilaren 6an, berriz, Nafarroan jokatuko du, Tafallan; orain arte Liscik entrenatu duen Mirandesen aurka neurtuko ditu indarrak, San Francisco futbol zelaian. Handik hiru egunera maletak egin beharko dituzte nafarrek, Alemaniako Friburgo hirira bidaiatuko baitute hango taldearen aurka aritzeko, 15:30ean, Europa Park estadioan.

Bestalde, Osasunak Athleticen aurka jokatuko du Euskal Herria Txapelaren finala, baina Euskadiko Futbol Federazioak oraindik ez du final horren inguruko informaziorik eman, eta, beraz, zehazteko dago non, noiz eta zer ordutan jokatuko den. 

Hasiera zaila

Gainontzeko talde guztiek bezala, Osasunak ere abuztuko hirugarren asteburuan emango dio hasiera ligari. Hasiera gogorra egokitu zaio; izan ere, Madrilera (Espainia) egin beharko du bisita Real Madrilen aurka jokatzeko. Santiago Bernabeun ariko da abuztuaren 19an, asteartez,  21:00etan. Espainiarrek Kluben Munduko Txapelketa jokatu dute; azken astera arte lehiatu dira, eta azken egunetan kexu agertu dira, iritzita atseden hartzeko denbora gutxi izan dutela. Ondorioz, litekeena da norgehiagoka atzeratzea.

JULEN ARRIZABALAGA UTZITA ARIKO DA VALENTZIAN

Athleticek ofizial egin du Julen Agirrezabala atezainak Valentzian utzita jokatuko duela datorren denboraldian. Talde zuri-gorriak dirua jasoko du atezainak jokatzen dituen norgehiagoken arabera, eta Valentziak Agirrezabala fitxatzeko aukera izango du; ez du derrigorrez fitxatu behar. Agirrezabalak 65 norgehiagoka jokatu ditu Athleticekin, eta besteak beste, iaz irabazitako Espainiako Kopan eta azken Europa ligan ezinbestekoa izan zen Ernesto Valverderentzat. Agirrezabalak taldea utzi eta gero, Alex Padilla Mexikotik itzuli da. Utzita ari da han, Pumas taldean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.