Futbola

FIFAk arrazoia eman dio Athletici, eta Laportek talde zuri-gorrian jokatuko du

Athleticek erakutsi du Saudi Arabiako Futbol Federazioak garaiz bidali zuela dokumentazioa. Atzelariak hiru denboraldirako kontratua sinatuko du talde zuri-gorriarekin.

Aymeric Laporte. BERRIA
Aymeric Laporte, Al-Nassr taldearekin jokatutako partida batean. BERRIA
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 11
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aymeric Laportek Athleticen jokatuko du, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioaren Lehien Ganberak arrazoia eman baitio talde zuri-gorriari. Hasieran, FIFAk ez zuen ontzat eman Al-Nassr taldeko jokalari ohiaren izen ematea. Arrazoia: haren iritziz, Saudi Arabiako Federazioak ez zuen dokumentazioa garaiz bidali. Athleticek helegitea aurkeztu zuen, eta erakutsi du Saudi Arabiako Federazioak garaiz bidali zuela dokumentazioa. Hori ikusita, FIFAk atzera egin du, eta bide eman dio Laportek Athleticen jokatzeari. Jokalariak hiru denboraldirako kontratua adostu du klubarekin.

Laporte, beraz, Bilbora itzuliko da Euskal Herritik kanpo zortzi urte pasatxoan aritu eta gero. 2017ko udan utzi zuen Athletic, Manchester Cityk haren etete klausula ordaindu ondoren: 65 milioi euro. Ingalaterrako taldean bost denboraldiz jokatu zuen, eta 2023an Saudi Arabiara joan zen, Al-Nassr taldera. Han jokatu du azken bi denboraldietan. Athleticen aritu zen lehen aldian bost denboraldiz jokatu zuen lehen taldean: 222 partida jokatu zituen, eta hamar gol sartu.

Laporteren fitxaketa oso berri ona da Athleticentzat, eta, batez ere, Ernesto Valverderentzat. Izan ere, Athleticeko entrenatzaileak lehen taldeko bi erdiko atzelari baino ez zituen bere esanetara: Aitor Paredes eta Dani Vivian. Yeray Alvarezek ez du jokatuko apirilaren 2ra arte, UEFAk hamar hilabeterako zigorra ezarri baitio dopin kontrol batean positibo emateagatik. Unai Egiluzek, berriz, lesio larria du eskuin belaunean, eta zail izango du denboraldi honetan jokatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.