Futbola

FIFAk txartel gorria kendu dio Baloguni, eta Trumpek eskerrak eman dizkio erakundeari

Aurrelari estatubatuarrak final-zortzirenak jokatzeko aukera izango du. AEBek txapelketan sartu dituzten hamar goletatik hiru hark sartu ditu. Trumpek baieztatu egin du Gianni Infantino FIFAko buruari deitu ziola, jokalariari txartel gorria ken ziezaion.

Folarin Balogun AEBetako jokalaria, epaileak txartel gorria atera ostean. BENJAMIN FANJOY / EFE
Folarin Balogun AEBetako jokalaria, epaileak txartel gorria atera ostean. BENJAMIN FANJOY / EFE
2026ko uztailaren 6a
13:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ezohiko erabaki bat hartu du FIFAk: txartel gorria kendu dio Folarin Balogun AEBetako futbol jokalariari. Hala, etxeko taldeak golegilea ere izan ahalko du hamaikakoan Belgikaren aurka jokatuko duen final-zortzirenetako partidan. «Zigorra bertan behera geratu da. Jokalariak urtebeteko probaldia izango du, eta antzeko jokabide edo arau hauste larri bat egiten badu, berriro zigorra ezarriko zaio», adierazi du futbolaren elkarte gorenak. 

Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak, Donald Trumpek, erabakia ospatu du bere sare sozialetan. FIFAri eskerrak eman dizkio Truth aplikaziotik: «Eskerrik asko FIFAri erabaki zuzena hartzeagatik eta bidegabekeria izugarri hori zuzentzeagatik!». Trumpek baieztatu duenez, Gianni Infantino FIFAko buruari dei egin zion, eta eskatu zion jokalariari txartel gorria kentzeko. «Ez dakit zer den txartel gorria ere, baina bidegabea zen, ez baitzen falta izan», esan du Trumpek.

Baloguni Bosnia eta Herzegovinaren kontrako final-hamaseirenetako partidan atera zioten txartel gorria, Tarik Muharemovici egindako sarrera gogor batengatik. Mauricio Pochettinok, AEBetako selekzioko entrenatzaileak, Bosnia eta Herzegovinaren aurka jokatutako partida osteko prentsaurrekoan, adierazi zuen Balogunen kaleratzea «futbolean nahi gabe gertatzen den gertaera normal bat» izan zela. AEBetako selekzioarentzat jokalari garrantzitsua da Balogun, Munduko Kopa honetan selekzio horrek sartutako hamar goletatik hiru berak sartu baititu. 

Final-zortzirenetan aurkari izango duten selekzioa, Belgikakoa, «harrituta» agertu da FIFAren erabakiarekin, eta «aukera guztiak» aztertzen ari direla adierazi du. UEFAk ere aurka egin du. Erabakia larritzat jo du, eta «aurrekaririk gabekoa, ulertezina eta justifikaezina» dela adierazi du. Azkenean, Balogunek jokatzen badu, partida inpugnatzea erabaki du, baina FIFAk atzera bota du belgikarren ekinbidea.

Jurgen Klopp futbol entrenatzailea ere mintzatu da gaiaz. Hura ere ez da gustura geratu erabakiarekin: «Futbolaz ezer ez dakiten bi pertsona horiek [Trumpek eta Infantinok] ez lukete honekin zerikusirik izan beharko». Hainbat iturritatik zabaldu da Trumpek Infantinori deitu ziola Baloguni zigorra kentzeko.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA