Aspeko pilotaria

Ander Murua: «Final-laurdenetako pilotarien artean nire izena ikusteak inpresioa sortzen dit»

Bere kirol ibilbideko garairik gozoenean dago arrasatearra. Konfiantzaz ariko da lau eta erdiko final-laurdenetako ligaxkan. Lau onenen artean sartzea izango du xede, eta uste du presiorik ez izateak lagundu egingo diola.

Ander Murua pilotaria partida batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Ander Murua pilotaria partida batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon eskudero
2026ko urriaren 16a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Atea irekita topatu, eta barruraino sartu. Halaxe egin du lau eta erdiko txapelketa nagusian Ander Muruak (Arrasate, Gipuzkoa, 2000). Hasieran, bigarren mailako lehiaketan aritzekoa zen, eta horretara bideraturik zuen prestaketa. Baina Darioren lesioa tarteko, egun batetik bestera aldatu zitzaion egoera. Errioxarraren lekua betetzeko deitu zion Aspek, eta ederki baliatu du aukera: 22-10 irabazi zion Beñat Senarri final-zortzirenetan, joan den igandean, Lekunberrin (Nafarroa). Hala, izar handien aurka ariko da orain, eta bihar izango du final-laurdenetako ligaxkako lehen partida, Azkoitian (Gipuzkoa), Aitor Elordiren kontra.

Egungo oilar onenen artean kokatu zara lau eta erdiko txapelketan. Zer sentitzen duzu zure izena hor ikustean?

Oso azkar gertatu zait dena, eta uste dut oraindik ez dudala erabat barneratu. Final-laurdenetan dauden gainerako zazpi pilotariak goi mailakoak dira, eta haien artean nire izena ikusteak inpresioa sortzen dit. Baina lasai nago, eta beste edozein txapelketatan ariko banintz bezala jokatu behar dut. Egia da jendearen animoak inoiz baino gehiago jasotzen ari naizela egunotan, baina barrura begira ezin naiz batere aldatu.

Nola jakinarazi zizun Aspek Darioren lekua bete behar zenuela? Nola hartu zenuen albistea?

Larunbatean bertan jaialdiko hirugarren partida neukan Iruñeko Labriten, eta goizean deitu zidan Jon Apezetxea enpresako teknikariak esanez hurrengo egunean Senarren aurka ari behar nuela. Hasieran ezin nuen sinetsi zer gertatzen ari zitzaidan. Urduri jarri nintzen, eta bihotz taupadak azkartu zitzaizkidan. Arnasa lasai hartu nuen, lasaitzeko asmoz, eta pentsatu nuen aukera ederra neukala parez pare. Sekulako ilusioa piztu zitzaidan.

Berehala Dariorekin hitz egin zenuen.

Deitu egin nion, ez nekien-eta min hartuta zegoenik ere. Oso harreman ona dugu biok, behin baino gehiagotan izan gara elkarrekin oporretan, eta zor nion dei hori. Berak ere ez zekien ni ariko nintzenik bere tokian. Buruz buru txapeldun izanez geroztik, zorterik gabe dabil, eta azkar osatzeko esan nion. Bide batez, aholku batzuk eman zizkidan partidaren inguruan. Baita Lekunberriko frontoiaren inguruan ere, bi egun lehenago bertan entrenatu baitzen.

Aholku onak izango ziren, partida distiratsua jokatu baitzenuen Senarren aurka. Mesede egin al zizun asko pentsatzeko denborarik ez izateak?

Bai, dudarik gabe. Partida hori irabazteak sekulako saria zuen, eta ni presio gabe kantxaratu nintzen. Buruari bueltarik batere ez nion eman denborarik ez nuelako. Aldiz, kontrakoa gertatu zitzaion Senarri. Buruan zeukan Darioren aurka ari behar zuela, eta azken orduan nire kontra jokatzeak guztiz aldatu zion espektatiba. Galtzeko gutxi zeukan aurretik, egoera irauli zitzaion, eta ez zuen bere onena eman kantxan. Ni gustura sentitu nintzen.

Partida handia egin zenuen, batez ere bigarren zatian.

Ohitura dut nire neurketak berriz ikusteko, behin bakarrik bada ere, eta momentuan baino gehiago gustatu zitzaidan gerora egin nuen jokoa. Erritmo bizian ibili ginen, hasiera oso gogorra izan zen, baina fisikoki hobeto eutsi nion lehiari, eta etxetik pentsatuta eramandako jokoa ederki egin nuen. Konfiantzaz nabil aspaldian, eta arratsalde borobila izan nuen.

«Ohitura dut nire neurketak berriz ikusteko, behin bakarrik bada ere, eta momentuan baino gehiago gustatu zitzaidan gerora Senarren aurka egin nuen jokoa»

Fisikoa aipatu duzu, baina buruz ere indartsua zarela erakusten dute zure emaitzek. Esaterako, aise galdu zenuen B Serieko buruz buruko finala Unai Amianoren aurka joan den maiatzean (22-7), baina ez zara amildu. Behetik gora egin al duzu ordutik?

Niretzat sekulako saria da pilotari profesionala izatea, eta, kolpe batzuk hartu arren, garbi daukat lanean jarraitu behar dudala. Lanaren fruituak jasotzen ari naiz, eta nire kirol ibilbideko garairik politena bizitzeko aukera daukat orain. 

Zer helbururekin ekingo diozu final-laurdenetako ligaxkari? Elordi, Peio Etxeberria eta Joseba Ezkurdia dituzu multzokide.

Badakit lan zailak izango ditudala, baina hutsetik hasiko gara guztiok, eta nire helburua izango da finalerdietara igarotzea. Lehiakorra izatearekin soilik ez naiz konformatuko. Aurkarien izenei ez diet erreparatuko, eta partida guztiak irabazteko asmoz kantxaratuko naiz, garaipen gosez. «Zergatik ez lau onenen artean sartu?», pentsamendu hori izango dut. Presiorik ez duen bakarra ni izango naiz, eta ez daukat beldurrik. Ondorioak aterako ditut txapelketa amaitzean.

Hasteko, Elordiren aurka ariko zara Azkoitian. Zer partida espero duzu?

Azkoitia pilotaren sehaska dela esan izan da betidanik, eta ilusio berezia egiten dit bertan jokatzeak. Gainera, Arrasatetik jende mordoa hurbilduko da, eta ea gai naizen Elordiri ezustekoa emateko. Pilotari arriskutsua da, batez ere erasoan, eta haren aireko jokoa saihestu beharko dut. Sakeak eramaten ere fin ibili behar dut. Pentsatzen dut nire jokoa eginez gero irabazteko aukerak izango ditudala.

«Elordi pilotari arriskutsua da, batez ere erasoan, eta haren aireko jokoa saihestu beharko dut. Sakeak eramaten ere fin ibili behar dut»

Udan sasoiko aritu zara, eta pare bat partida jokatu dituzu Jokin Altunaren aurka. Beraz, badakizu zer den onenen aurka jokatzea.

Enpresak aukera eman dit udan partida garrantzitsu batzuetan aritzeko, eta oso gustura sentitu naiz. Altunaren aurka jokatzea ohorea da. Dena den, amateur mailan aritzen nintzenean ere berarekin jarduten nuen lau eta erdiko entrenamendu batzuetan, laguntzaile gisa. Uste dut hori lagungarri egingo zaidala datozen partidetan.

Enpresaren konfiantza irabazi duzu, 2030era arte luzatu berri baituzu kontratua. Ez da ohikoa pilotan hain hitzarmen luzeak ikustea.  

Abuztu bukaeran lortu genuen akordio bat enpresak eta biok, eta izugarri kontentu nago. Hainbeste urterako kontratua izateak lasaitasuna eta segurtasuna ematen dizkit. Debuta egin nuenean, nire helburua zen urte batzuez goi mailan irautea, eta bide onean noa. Orain niri dagokit kantxan hitz egitea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA