Ondo atera da esperimentua. Bi aurrelarik osatutako bikotea, Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak osatutakoa, Binakako Txapelketako finalean izango da. Pasatu dituzte garai zailak, baina bikain iritsi dira une erabakigarrira, eta gaur txapelketako bikoterik onena hartu dute mendean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan: 22-15 irabazi diete Lasori eta Albisuri, eta finalera sailkatutako lehen bikotea dira.
Ezkurdia izan da eguneko pilotaririk onena. Atzelariak bost tanto egin ditu, bi pilotakada soilik huts egin ditu, eta airez modu ikusgarrian eutsi die Lasoren eta Albisuren eginahalei. Bikote urdina komeni zitzaion jokora eramatea lortu du Arbizukoak, eta ez die behin ere eroso jokatzen utzi.
Hobeto hasi dira Laso eta Albisu, baina, partidak aurrera egin ahala, geroz eta nabarmenagoak izan dira Ataungo atzelariak eskuin eskuan dituen arazoak —zazpi pilotakada galdu ditu—. Laso ahalegindu da hari pilotak kendu eta tantoak amaitzen, baina ez da fin ibili gaur. Erabakigarria izan da gorriek egin duten 7-1eko partziala, 9-10etik 16-11ra.
Altuna III.ak Binakako Txapelketa nagusian jokatuko duen hirugarren finala izango da aurtengoa; laugarrena jokatuko du Ezkurdiak. Iaz txapeldun izan zen Rezustarekin, aurrelari lanetan, eta ederra litzateke aurten atzelari izanda lortzea. Inork lortu gabeko balentria litzateke.
Datorren astean erabakiko da parean zer aurkari izango duten, Lasok eta Albisuk Elordiren eta Zabaletaren kontra jokatuko duten norgehiagokan. Ez da matematikarik egin beharko: irabazten duen bikotea martxoaren 29an Nafarroa Arenan jokatuko den finalean izango da.
Ikusi gehiago