Burgosen (Espainia) aurka etxetik kanpo jokatuko du bihar Ordiziak ligako titulurako final-laurdenetako kanporaketa (12:30). Hiru urte igaro dira Gipuzkoako taldeak azken aldiz fase hori jokatu zuenetik. Geroztik, urte zailak igaro ditu, eta, kategoriaz jaisteko zorian izan bada ere, eustea lortu du. Harrobiko jokalaria da Beñat Azurmendi (Ordizia, Gipuzkoa, 2003), eta final-laurdenetako kanporaketak jokatzeko aukera edukitzea «sekulakoa» dela aipatu du, eta baita gogoz, ilusioz eta konfiantzaz dagoela ere.
Bihar ekingo diezue ligako titulurako kanporaketei. Nola dago taldea?
Ongi gaude. Apur bat urduri ere bai, asteburuko norgehiagoka dela eta, baina, oro har, gustura gaude, eta neurketari aurre egiteko gogoz.
Liga gorabeheratsua izan da. Nola ibili zarete?
Ligako lehen norgehiagoka aho zapore onez amaitu genuen. Bide onetik joango zela uste genuen, baina hortik aurrera partida asko galdu genituen erreskadan. Garai gogorra izan zen, arrazoi pertsonalengatik zenbait jokalarik taldea utzi behar izan zutelako denboraldi erdian. Ondorioz, multzoan jokalari gutxiago geratu ginen. Batuta egon ginen, eta, azkenerako, aurrera egin ahal izan genuen.
Denboraldian, zertan aritu zarete ondo? Eta zertan hobetu behar duzue?
Alboko sakeetan eta uztartzeetan ongi moldatu gara, sendo. Atzean jokatzea, berriz, apur bat gehiago kostatu zaigula esango nuke. Fisikoki talde indartsua gara, eta iruditzen zait horri etekina ateratzeko gai bagara norgehiagoka irabazteko gai izango garela. Aipatutako jokaldi horiek ez bazaizkigu ongi ateratzen, zaila izango da.
«Alboko sakeetan eta uztartzeetan ongi moldatu gara, sendo. Atzean jokatzea, berriz, apur bat gehiago kostatu zaigula esango nuke»
Burgosek denboraldi bikaina egin du orain arte. Liga erregularra lehen tokian amaitu zuen, adibidez. Nolako norgehiagoka aurreikusten duzu?
Neurketa gogorra izango da, hori argi daukagu. Burgos talde indartsua da, eta goi mailako jokalariak ditu. Baina guk edozein talderi irabazteko gai garela erakutsi dugu. Geure etsairik handiena gu geu gara, eta, entrenatzaileak esaten diguna eginez gero, eta gauzak entrenatu bezala egiten baditugu, irabazi egingo dugu.
Etxeko jokalari dezente zaudete aurten. Nola moldatu zarete kanpotik etorritako jokalariekin?
Harreman ona sortu da gure artean, aspaldian ez nuen halakorik ikusi aldagelan. Horrela izateak indarra eman dio taldeari. Etxeko jokalariok oso lotura estua dugu klubarekin; barru-barrutik bizi dugu. Denboraldia aurrera atera izanaren gakoetako bat hori izan da.
Zaleen bultzada izango duzue, Ordiziatik jendea joango baita partida ikustera. Baina kanpoan jokatzeak zenbateraino zailtzen du neurketa?
Norgehiagoka etxean jokatuko bagenu, testuingurua bestelakoa izango litzateke. Kontuan izan etxean jokatu ditugun partida guztiak irabazi ditugula bi izan ezik. Dena den, zuk esan bezala, zaleen babesa izango dugu. Hara joateko autobusa bete egin da, eta batzuk autoz ere bertaratuko dira.
Nolako giroa sumatu duzu herrian?
Ilusioa antzematen dut. Irakaslea naiz, eta hainbat ikaslek animoak eman dizkidate; partida ikustera joango direla ere esan didate. Jendea norgehiagokarako gogoz dago; azken finean, hiru partidatan liga irabazteko aukera duzu.
Lehen denboraldia duzue Suso Romero entrenatzailearekin. Zer moduz?
Gustura gaude harekin. Entrenatzaile moduan oso gertukoa da. Beti laguntzeko prest dago, langilea da, eta partidak bikain prestatzen ditu. Ni gustura nabil harekin, eta talde osoa ere halaxe dago. Hark beti esaten du herrian gustura dagoela. Herriko jendeak beso zabalik hartu zuen lehen egunetik, eta horrek laguntzen du.
«Amets bat bizitzen ari naiz. Niri errugbia gustatzen zait, baina batez ere Ordiziarekin jokatzea. Gozatu egin nahi dut honetaz guztiaz»
Eta zuk zer helburu dituzu?
Amets bat bizitzen ari naiz. Ordiziarekin ahalik eta gehien gozatu nahiko nuke, eta, ahal bada, garaikurrak irabazi. Niri errugbia gustatzen zait, baina gehien gustatzen zaidana Ordiziarekin jokatzea da. Nire helburua da hemen ahalik eta ondoen pasatzea eta ahalik eta emaitza onenak lortzea. Lagunekin gozatu nahiko nuke honetaz guztiaz.