Pozik daude errugbizaleak, lehiaketa garrantzitsu bat hasiko baita gaur: Sei Nazioen Torneoa. Martxoaren 14ra bitarte jokatuko dute Frantziak, Ingalaterrak, Irlandak, Eskoziak, Italiak eta Galesek. Eta nola ez, jendeak eginak ditu kinielak eta aztertuak selekzioak. Hain zuzen, «imajinazio ariketa bat» egin du Iñaki Laskurain errugbi jokalari ohiak, eta zorrotz analizatu talde bakoitzak nola aurre egingo dion txapelketari. Haren ustez, titulua irabazteko bi faborito nagusi daude: Frantzia eta Ingalaterra. Bi euskal jokalari ariko dira Frantziako selekzioarekin: Temo Matiu eta Charles Ollivon lapurtarrak.
Bi irizpide hartu ditu aintzat Laskurainek: batetik, selekzioek azaroan jokatutako azken partidak; eta, bestetik, Sei Nazioen Torneoko egutegia: «Ingalaterra indartsu dago, eta aspalditik ari da joko polita eta ausarta egiten. Frantziara joan beharko du, ordea, eta horrek ere badu eragina. Ez da gauza bera etxean edo kanpoan jokatu. Etxean jokatzea puntu bat alde izatea da».Â
Beraz, baliteke Frantziaren eta Ingalaterraren arteko lehiak final kutsua izatea; gainera, horixe izango da torneoko azken partida, «erabakigarria» agian. «Akaso Frantziak esperientzia handiagoa du; Ingalaterrak berritu egin du taldea azken urteetan. Dena den, biak jotzen ditut faboritotzat. Egutegi onena Frantziak du, baina joko aldetik Ingalaterra jarriko nuke aurretik».
Iaz Frantziak irabazi zuen Sei Nazioen Torneoa, eta berriro altxatu nahi du garaikurra. Ingalaterrak, berriz, 2020an irabazi zuen azkenekoz.
«Ingalaterra indartsu dago, eta aspalditik ari da joko polita eta ausarta egiten. Frantziara joan beharko du, ordea, eta horrek ere badu eragina»
IÑAKI LASKURAIN Errugbi jokalari ohia
Hasi ere, partida garrantzitsu batekin hasiko da txapelketa: Frantziaren eta Irlandaren arteko neurketarekin. Dena den, oraintxe Irlanda koska bat beherago dagoela uste du Laskurainek: «Irlanda ez dabil hain ondo. Herrialdeko talde nagusiak, Leinster eta Munster, ez daude oso indartsu, eta asko igartzen da hori. Bi talde horiek indartsu daudenean, Irlanda selekzio ahaltsua da. Berritze fase batean dago orain».Â
Kontuak kontu, teorian bi partida zailenak direnak etxean jokatuko ditu Frantziak: Irlandaren aurkakoa eta Ingalaterraren kontrakoa. Ingalaterrak, berriz, etxean jokatuko du Irlandaren aurkakoa, eta etxetik kanpo Frantziaren kontrakoa. Irlandak, bestalde, etxetik urrun jokatu beharko ditu biak.Â
Gainerako selekzioei erreparatuta, Laskurainek iritzi dio balitekeela Italiak eta Eskoziak sustoren bat ematea, eta gogoratu du ligaxkak ez ezik garrantzi berezia dutela zenbait selekzioren arteko partidek ere. Esaterako, Eskozia-Ingalaterra neurketak.
Ahulago sumatzen du Gales: «Oso txarto dabil: barne arazo asko ditu aspalditik, eta hori zelaian islatzen da. Azken urteetan Galesek ez du burua altxatzen».
Alde handia
Objektiboki selekzio bakoitzaren egoera azaldu ondoren, hauxe aitortu du Laskurainek: «Nire faboritoetan lehenengoa Irlanda da; bigarrena, Eskozia, eta hirugarrena, Gales. Frantzia-Irlanda partidarekin hasiko da torneoa, nahiz eta nire bihotzaren aurka egin, buruak esaten dit Frantziak aukera dezente dituela irabazteko. Oso ondo ari da».
Selekzio eta herrialde bakoitzaren egoeran ere jarri du arreta, eta azaldu aldea handia dela: bai populazioari dagokionez, bai diruari dagokionez, bai jokalari kopuruari dagokionez... «Frantziak 1.800 errugbi klub ditu gutxi gorabehera, eta Irlandak berrehun inguru. Ez da inondik ere gauza bera. Frantziako eta Ingalaterrako ligak dira indartsuenak, alde handiz, eta ez dute zerikusirik gainerakoekin. Irlandan eskolak dira errugbiaren harrobia, eta talde profesionalak probintziaka osatuta daude».
Bost aste pasatxoz jokatuko da Sei Nazioen Torneoa. Txapelketa gogorra dela esan du Laskurainek: «Kontuan izan behar da tartean klubetako partidak izaten direla. Jokalarien kudeaketa oso garrantzitsua da».
Hainbat jokalari nabarmendu ditu; tartean Antoine Dupont, Frantziako selekzioko kapitaina. Iazko torneoan lotailu gurutzatuak hautsi zituen, eta luzaroan egon da zelaietatik kanpo. Hura da berritasun nagusia: «Frantziako izarra da, asko ematen dio selekzioari. Gai da bere kabuz partida bat aldatzeko». Ingalaterrako Henry Pollock jokalaria eta Irlandako Dan Sheehan ere aipatu ditu.Â
Horraino torneoa hasi aurreko azterketa. Orain, zelaian frogatu beharko dute selekzioek zertarako gai diren, gaurtik hasita.