Ibilbide luzea egin du Itziar Gastearenak futbolean (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1993). 2010. urtean fitxatu zuen Realak, 17 urte zituela, eta, ordutik, makina bat partida jokatu ditu elitean. Realean, Eibarren, Granadan eta Alavesen aritu da, eta Gasteizko taldea Lehen Mailara itzulita hartu zuen erretiroa aurreko sasoi amaieran. Hain zuzen, bihar jokatuko dute derbia Alavesek eta Realak, Mendizorrotzan (12:00, Movistar Plus). Gainerako euskal taldeei dagokienez, Eibarrek gaur jokatuko du Valentziaren zelaian (12:00), eta Athleticek Tenerife izango du aurkari astelehenean, etxetik kanpo (20:00).
Derbia jokatuko dute bihar Alavesek eta Realak. Berezia izango da zuretzat?
Bai, noski. Kariño berezia diet bi taldeei. Uste dut nahiko partida lehiatua izango dela, Gasteizen jokatzen baitute. Reala oso ondo ari da azkenaldian, baina Alaves dena ematera aterako da. Partida polita izango da.
Denboraldi hasiera ona egin zuen Alavesek, baina kostatzen ari zaio azken boladan; Reala, berriz, eskas hasi zen, baina hobera egin du. Partida irabazteko, zer egin behar dute batak eta besteak? Nola ikusten dituzu?
Entrenatzaileek landutako plana betetzen saiatuko dira. Alavesek jaitsi egin du apur bat erritmoa, baina konfiantza osoa dut haiengan. Emango diote buelta egoerari. Realari, berriz, kostatu egin zitzaion lehiaketan sartzea, baina goraka egin du, eta talde oso polita du.
Nork nahiago zenuke irabaztea?
Ez naiz bustiko, baina Alavesek behar ditu hiru puntuak arnasa hartzeko, eta Gasteizen jokatuko dute. Polita litzateke haientzat irabaztea.
Ez zara zelaian egongo. Hainbeste urteren ostean, erretiroa hartu zenuen udan. Zer moduz zaude?
Urte askoan aritu naiz futbolean, eta, azkenerako, bizitzeko modu bat izan da. Hori aldatzea ez da erraza, baina, pixkanaka, ari naiz egokitzen.
Azken urteetan ari zinen erretiroarekin bueltaka. Kostatu zitzaizun erabakia hartzea?
Bai. Urte batzuk neramatzan dudan jarraitu edo ez. Pila bat gustatzen zait futbola, nire pasioa da, baina, bizitzan beste gauza batzuk ere nahi dituzunean, erabaki bat hartu behar duzu. Hala ere, neure burua prestatuz joan naiz garaia iristean ahalik ondoen egoteko.
Zeren falta sumatuko duzu gehien?
Kirola asko gustatzen zait, eta jarraituko dut kirola egiten, baina futbolak ematen zidan hori... Nire pasioa da, eta ez dago hala sentiaraziko nauen beste kirolik. Orain mendian korrika hasi naiz, padelean ere hasi nahi dut... baina uste dut futbolak emandakoa ez dudala sentituko.
Alavesekin Lehen Mailara igota hartu zenuen erretiroa. Oroitzapen polit batekin utzi nahi zenuen futbola?
Ondo utzi nahi nuen, eta, begira, igoera lortuta hartu dut erretiroa. Aurrez jokatu izan dut Lehen Mailan, eta ez nuen gogo edo har hori. Uste dut garai ona zela.
Andrea Estebanek jarraitzen du entrenatzaile Alavesen. Inportantea da proiektuari segida ematea?
Bai, garrantzitsua da entrenatzaile batengan sinestea, eta Andreak laugarren urtea du Alavesen. Lehen Mailan lehiatzea geroz eta zailagoa da, baina uste dut ilusioa izatea dela garrantzitsuena, eta taldeak badu.
Oraindik ere ez daude emakume entrenatzaile asko gorenean.
Emakumea non dago gizartean? Horren isla da. Baina pixkanaka geroz eta gehiago daude, eta uste dut garrantzia eman behar zaiola horri.
«Urte askoan aritu naiz futbolean, eta, azkenerako, bizitzeko modu bat izan da. Hori aldatzea ez da erraza, baina, pixkanaka, ari naiz egokitzen»
Bestalde, mailaz igotzeagatik ordainsaririk ez zutela jaso salatu zuten Alaveseko jokalariek. Nolakoa da klubarekiko harremana? Oraindik ere eskatu eta eskatu aritu behar duzue?
Zaila izan zen. Egia da kontratuan ez zegoela ezer idatzita, eta ez zigutela ezer zor. Baina horrelako gauzak egiten dira: igoera bat lortutakoan sari moduan ordainsaria eman. Sinbolikoa ere bada. Alde horretatik, triste bukatu genuen. Sentipena izan genuen agian ez zigutela hainbesteko balioa eman.
Urte asko egin dituzu goi mailan. 17 urterekin Realera iritsi zinenean, bazenuen amets halako ibilbidea egitea?
Egia esan, Realera iriste hutsa amets bat zen. Eta izan dudan ibilbidea ere... Orain, atzera begiratuta, neure buruari esaten diot merezi izan duela.
Bilakaera handia izan du futbolak. Jokatzeko eta prestatzeko moduak ere aldatu dira?
Orain garrantzi handiagoa ematen zaio nesken futbolari, eta, beraz, maila hobetuz doa. Lehen fisikoki ez gintuzten hainbeste prestatzen, ez genituen hainbeste entrenamendu izaten, gimnasioan ez genuen hainbeste lan egiten, eta uste dut geroz eta gehiago ari garela.
Euskal taldeetan egin duzu ia ibilbide osoa: Realean, Eibarren eta Alavesen jokatu duzu, baina Granadan ere aritu zinen bi denboraldiz. Zerk bultzatuta joan ziren hara?
Garai hartan arraro nengoen neure buruarekin, eta, gainera, beti izan dut gogoa kanpora joan eta beste esperientzia bat bizitzeko. Aldaketa bat behar nuen, eta on egin zidan.
Kapitaina izan zinen Realean eta Alavesen. Zaila da talde bateko kapitaina izatea?
Realean bigarren edo hirugarren kapitaina izan nintzen, beste batzuk zeuden aurretik. Baina Alavesen sentitu dut lehen kapitaina izan naizela. Gustura sentitu naiz: lider izan, besteei futboleko balioak erakutsi... Batzuetan sentipena dut ahazten ari zaizkigula. Jendeari laguntzen saiatu naiz, eta gustatu zait erreferente izatea; polita izan da.
«Pertsona bat psikologikoki ondo ez dagoenean, hortik etortzen dira arazo guztiak, lesioak eta beste. Eta ondo ez zaudenean, ezin duzu zure onena eman. Ez zelaian, ez entrenamenduetan, ez inon»
Ibilbideko une bat aukeratu behar bazenu, zein litzateke?
Asko daude. Hiru igoera lortu ditut, bi Alavesekin eta bat Granadarekin, eta igoera bakoitza desberdina izan da. Hala ere, azkena aukeratuko nuke. Nire ibilbidea markatu du.
Eta gogorrena?
Lesioa... Lotailu gurutzatua hautsi nuen Realean nengoela, 22 urte nituenean. Oso-oso gogorra izan zen. Gainera, pertsonalki ez nengoen ondo, eta uste dut lesioa ere hortik etorri zela. Futbolari baten ibilbidean lesioak dira txarrena. Azken denboraldian izan nuen lesioa ere gogorra izan zen. Futbola uztea nuen buruan, eta ondo bukatu nahi nuen, jokatzen ari nintzela. Hala ere, balio izan zidan erabakia hartzeko. Sustoa hartu nuen. Abisua izan zen: orain da garaia.
Azken urteetan garrantzi handiagoa ematen zaio arlo psikologikoari. Funtsezkoa da?
Bai. Pertsona bat psikologikoki ondo ez dagoenean, hortik etortzen dira arazo guztiak, lesioak eta beste. Eta ondo ez zaudenean, ezin duzu zure onena eman. Ez zelaian, ez entrenamenduetan, ez inon. Garrantzi handia eman behar zaio arlo horri. Geroz eta garrantzi handiagoa ematen zaio, baina uste dut ez dela nahikoa.
Asko aldatu da emakumezkoen futbola hasi zinenetik hona. Nolakoak ziren baliabideak?
Ez zuen zerikusirik gaur egungoarekin. Futbola asko gustatzen zitzaigulako jokatzen genuen. Realean hasi ginenean, sinbolikoa zen jasotzen genuena. Gaur egun, alde horretatik, profesionalagoa da.
Hain zuzen, borroka asko eginda, pauso asko eman dira profesionalizazioan. Hala ere, asko dago egiteko, ezta?
Bai, eta buelta asko eman behar zaizkio. Gizonezkoen futboletik oso-oso-oso urruti gaude, eta ez litzateke halako alderik egon beharko.