Erremate indartsuak, baloiaren lapurreta bortitzak, eta esprint garaiezinak. Horiexek dira futbolaren ohiko berezitasunetako batzuk. Baina bada beste futbol mota bat ezaugarri horiek ez dituena, eta hala ere ikusgarria dena: walking football edo oinezko futbola. Diziplina horretan euskal selekzioak badu ordezkaritza, eta, datorren astelehenetik hasita, Europako Kopan lehiatuko dira, Torrevellan (Herrialde Katalanak). Soilik gizonezkoen modalitateetan arituko dira: 50, 60 eta 70 urtetik gorakoen kategorietan. Hutsunea ikusita, Koldo Eskubi selekzioko jokalariak helburutzat ezarri du emakumeen parte hartzea indartzea.
Beste kirol bakan batzuetan bezala, euskal selekzio izenarekin lehiatzeko aukera izango dute beste behin. Izan ere, diziplina ez da ofiziala, eta ofizialtasun falta horrek, traba batzuk dakartzan arren, aukera batzuk ere eskaintzen ditu, arauak lausoagoak izatea baitakar. Horri esker lortu dute euskal selekzio izenarekin jokatzea nazioarteko txapelketetan. Herrialde Katalanetan, besteak beste, Ingalaterraren, Italiaren, Frantziaren eta Eskoziaren aurka lehiatuko dira.
Selekzioaren izena aukeratzeko arauak lausoak dira; jokoari dagozkionak, ordea, ez. Diziplinaren arauak garbiak dira, eta haien helburua ere bai: adinekoek futbolean jokatzeaz gozatzen jarraitzea, baina osasuna arriskuan jarri gabe: «Ezin da korrika egin, ez baloia burutik gora altxatu ere, ezta baloia atzetik lapurtu ere». Debeku horiez gain, ohiko futbolari egindako beste moldaketa batzuk ere baditu korrikarik gabeko diziplinak. Eskubik azaldu du zelaiaren neurria 40x30 metrokoa dela —ohiko futbol zelai batek 100x64 m ditu—, atearen tamaina ohiko futbolekoa baino txikiagoa dela, «baina areto futbolekoa baino handixeagoa», eta 45 minutuko bi zati jokatu partez hogei edo 30 minutuko bi edo hiru zati jokatzen dituztela: «Nazioarteko txapelketetan, asko jota, ordu erdiko bi zati jokatzen dira, baina hemengo ligan hogei minutuko hiru zati egiten ditugu, ahalik eta jende gehienak joka dezan». Denek kirolaz goza dezaten, Eskubik aitortu du hirugarren zatia ere egin ohi dutela, «errugbian bezala».Â
Euskal Herriko eta nazioarteko araudietan beste desberdintasun bat ere bada, zigorrekin zerikusia duena. Izan ere, korri egitea, baloia altxatzea edo hura legez kanpo lapurtzea falta adieraziz zigortzen da, eta, saskibaloian edo areto futbolean bezala, faltak zenbatu egiten dira. Nazioarteko araudiaren arabera, jokalari batek hiru falta egiten baditu, epaileak hiru minutuz kanporatuko du, eta berriro zelaira itzultzeko aukera izango du; baina kanporatua izan ostean beste hiru falta egiten baditu, norgehiagokatik kanporatuko du. Euskal araudiaren arabera, ordea, jokalari bakoitzaren faltak kontatu ordez, talde bakoitzarenak zenbatzen dira, eta, bostera heltzean, beste taldearen aldeko penaltia adierazten du epaileak: «Arauetan dagoen alde horren ondorioz, bertako ligako partidetan gol ugari sartu ohi dira, nazioarteko txapelketetan ez bezala».
Bizkaian nagusiki
Euskal Herrira 2019an heldu zen diziplina, Athletic fundazioaren eskutik. Klubak futbola adinekoen artean sustatzea zuen helburu, eta lortu ere egin zuen. Handik lau urtera, Bizkaiko Federazioak hartu zion lekukoa, eta gaur egun hamar taldek osatutako liga bat dago lurralde horretan. Euskal Herrian bakarra da.
Ohiko futbola baino errazagoa izango da, baina hark ez dituen arazo batzuekin egin du topo oinezko futbolak. Adinekoei bideratutako kirol bat bada ere, jokalari askok lanean jarraitzen dute, eta Eskubik azaldu duenez: «Lanean aritzeak erabat baldintzatzen die entrenatzeko eta etxetik kanpo partidak jokatzeko ahalmena». Are gehiago, ordutegiari helduz, jokalariek arratsaldez entrenatzeko aukera gehiago badituzte ere, zelai gehienak ordu horietan okupatuta egoten dira, haurren eta gazteen entrenamenduengatik, eta horrek gehiago zailtzen die entrenatzea. Eskubik kontatu du horrek emakumeei areago eragiten diela, eta, ondorioz, «orain arte behintzat» oso andre gutxi animatu direla oinezko futbolean aritzera.
«Gutariko asko aurretik futbolean aritutakoak gara, baina inoiz futbolean aritu ez den jendea ere agertu da. Gimnasiora edo 'crossfit'-era joatea baino naturalagoa da»
KOLDO ESKUBIÂ Oinezko futboleko euskal selekzioko jokalaria
Berangoko (Bizkaia) taldearen berezitasun bat azaldu du Eskubik: «Berangon parkinsona duten pertsonek osatutako talde bat dago, eta bertan badira pare bat emakume». Gainera, kirolak haien osasunean dituen onurak aipatu ditu: «Normalean, gaitzak eragindako dardara dute, eta oinez ibiltzeko zailtasunak ere bai, batzuetan. Oinezko futbolean jokatzen duten bitartean oreka berreskuratzen dute». Parkinsona dutenengan soilik ez, oinezko futbola praktikatzen duen edonork onurak izaten dituela ere azaldu du: «Gutariko asko aurretik futbolean aritutakoak gara, baina inoiz futbolean aritu ez den jendea ere agertu da. Jokoa motela da, eta ikasteko aukera ematen du, eta horrela fisikoki ondo mantentzen gara. Gimnasiora edo crossfit-era joatea baino naturalagoa da».
Nazioartean, bestela
Nazioarteko egoera bestelakoa da. Futbolaren sorterria Ingalaterra izan zela esan ohi da. Bada, oinezko futbolak ere han du jarraitzaile gehien, han eta haren inguruko nazioetan —Eskozian, Galesen, Ipar Irlandan eta Jerseyn, bereziki—. Kirol honek eremu horietan duen handitasuna azaldu du Eskubik: «Astero 200.000 lagun lehiatzen dira; pila bat da». Eta kopuruak mailan eragiten duela ere aipatu du; izan ere, nazioarteko txapelketetan ingelesak eta frantziarrak «nahiko gogorrak» izan ohi direla kontatu du.
Oinezko futboleko euskal selekzioak 2023an jokatu zuen lehendabizikoz nazioarteko txapelketa bat, Derbyn (Ingalaterra) egin zen lehendabiziko Munduko Kopan, hain zuzen ere. Txapelketa hartan Ingalaterrak «dena» irabazi zuela oroitu du Eskubik. Handik urtebetera, Europako Kopan ere lehiatu zen euskal selekzioa, Naoneden (Bretainia), eta iaz Torrevellan egindako Munduko Kopan ere bai. Lehiaketa horietan guztietan euskal selekzio izenarekin aritu dira, «inolako arazorik gabe, eta beste nazio guztien babesarekin». Datorren astean Torrevellan jokatuko duten Europako Kopan azken txapelketan lortutako emaitza bera lortzea dute helburu: 60 urtetik gorako kategorian laugarren postua eskuratzea.