Garai berrietarako txapelduna

Kimi Antonellik 1 Formulako Munduko Txapelketa irabazi du lehen aldiz. Beheko kategorietan ez zuen distirarik egin, baina iazko sasoia ikasteko baliatu ostean, denboraldi honetan kolpea eman du. Nagusitasunez gailendu da, eta etorkizun handia izan dezake.

Kimi Antonelli munduko txapeldun dela ospatzen. JOSE MENDEZ / EFE
Kimi Antonelli munduko txapeldun dela ospatzen. JOSE MENDEZ / EFE
Laurentzi Garmendia
2026ko azaroaren 2a
14:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kimi Andrea Antonelli Mercedeseko auto gidariak (Bologna, Italia, 2006)  errekor gehienak hautsi ditu aurten 1 Formulako Munduko Txapelketan. Gidaririk gazteena izan da pole position-a, garaipen bat eta Munduko Txapelketako lider izaten. Beste marka batzuk ere baditu: itzuli azkarrarena, lasterketa bateko buruarena, sprint lasterketako pole position-arena eta puntu gehien lortu dituen gaztearena. Orain, atzo lortutako tituluari esker, historiako munduko txapeldunik gazteena da. XXI. mendean jaiotako lehen pilotua da hori lortzen. Italiarrek 73 urte itxaron behar izan dute 1 Formulako beste munduko txapeldun bat izateko, Alberto Ascarik 1953an lortu baitzuen azkeneko garaikurra.

Automobilgintzaren historia ezin da ulertu italiarren ekarpenik gabe. Ferrari, Alfa Romeo, Maserati eta Lancia aritu ziren lehen urteetan. Besteak desagertuz joan baziren ere, Ferrarik txapelketa guztiak osatu ditu. Autogile modura hain ikonikoa, itzal handikoa eta arrakastatsua izan arren, banakakoan urrun izan dira italiarrak. Gidariak joan eta etorri egin badira ere, lorpen txikiak izan dituzte. Jarno Trulli, Giancarlo Fisichella, Michele Alboreto eta Riccardo Patrese goi mailako taldeetan aritu baziren ere, ez zituzten lortu horren pareko emaitzak.

2006ko abuztuan, Antonelli jaio zenean, Andrea izena jarri zioten. Baina horrez gain, nazioarteko beste izan bat ere ipini nahi zioten gurasoek. Gertuko lagun batek Kimi proposatu zien, baina ez 1 Formulako gidari ohiaren —Raikkonenen— omenez. Hasieran futbolean jokatu bazuen ere, 6 urte ingururekin motorrekin  eta autoekin lotura duten kirolekin zaletu zen. Hala, karting-ean hasi zen. Emaitza onak lortu zituen, eta horri esker Italiako Prema taldean lehiatzen hasi zen, Monopostu kategorian. Besteak beste, Premako gidari izan dira Charles Leclerc, Mick Schumacher eta Oscar Piastri. 1 Formula alde batera utzita, haren azpitik dauden kategorietako talderik indartsuena da.

Momentu eta toki egokian

Gidari batzuk 3 Formulan eta 2 Formulan txapeldun izan dira, baina horrek ez die arrakasta izatea bermatu 1 Formulan. Beste batzuk, aldiz, beheko kategorietan distirarik egin gabe igaro dira 1 Formulara, eta bertan trebezia erakutsi dute. Horietako bat izan da Antonelli. 2025erako Lewis Hamilton Ferrarira zihoala jakin zuenean, Mercedes haren ordezko bila hasi zen. Toto Wolffen begikoa Max Verstappen izan da betidanik, baina hark ez ditu sekula onartu australiarraren eskaintzak. Kasik edozein gidari zeukan aukeran, baina Wolffek arriskatu egin zuen: Antonelli gaztea lehenetsi zuen. Haren alde egin zuen.

Ez da erraza zazpi aldiz txapeldun izan den gidari baten tokia hartzea, 1 Formulan debuta egin behar duen norbaitentzat. Mercedesek pazientzia izan zuen Antonellirekin lehen urtean, eta hark ere ikasteko erabili zuen lehen denboraldia. Bigarrenean, arautegi aldaketa sakonak mesede egin zion, gidari gehienek, nolabait, hutsetik hasi behar izan baitzuten berriro. Italiarra ezin hobeto egokitu da auto berrietara. Mercedesek autorik onena egin du aurten. Urteko lehen lasterketetan George Russellek —taldean bosgarren denboraldia du— gidarien titulua kontrolpean zuela uste zuen. Australian irabazi egin zuen. Bigarren lasterketan, Txinan, iritsi zen Antonelliren lehen garaipena. Une hartan garaipen huts bat zirudien, Russellek irabazten utzi ziola, ia-ia. 

Baina hortik aurrera Antonelli nagusitzen hasi zen, eta hurrengo lau lasterketak ere irabazi zituen. Inork ez zuen espero hain ondo ibiliko zenik, halako indartsu. Baina konturatzerako Antonellik alde handia hartu zuen txapelketan. Hortik aurrera, Verstappenen eta Red Bullen suspertu egin diren arren, Antonellik gorenean eutsi dio.

Beste Norris bat?

Ikuskizun dago urte bakarrerako txapelduna izango den. Iaz Lando Norrisek irabazi zuen, eta Verstappenen bolada eten zuen. Hark lau garaikur zeramatzan irabazita segidan. Aurten oso tarteka agertu da. Ez dirudi Antonelliren kasua hori izango denik. Motorren parametroren bat aldatuko duten arren, autoek ia berdin jarraituko dute. Gainera, Antonellik ez du behera egin denboraldiaren amaieran, indartsu segitzen baitu oraindik ere. Txapelketa amaitzeko lau lasterketa falta direla irabazi du titulua. Urte osoko lan onaren ondorio izan da garaikurra, inolako aitzakiarik gabekoa.

Hain gaztea izanik, beste gauza asko lortzeko denbora du oraindik. Gainera, 1 Formulako agintariak pozik daude, ikusle gazteak erakarri nahi baitituzte, eta Antonellik oso ondo egin du bat haiekin. Kostako zaio aurtengoa bezain modu argian eta garbian beste garaikur bat lortzea. Lau lasterketa ditu orain presiorik gabe gidatzeko, guztiak jokatzen badira. Bederatzi garaipen ditu aurten momentuz, eta badu kopuru hori handitzeko aukera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA