Agertu, lehiatu eta irabazi. Sekuentzia hori osatzeko helburua dute Ekialde Hurbileko selekzioek Munduko Futbol Kopan. Lehen urratsa sendotasunez egin dute, eskualde horretako zazpi herrialde sailkatu baitira txapelketa hori jokatzeko: Iran, Irak, Saudi Arabia, Qatar, Egipto eta Turkia. Bada, europarrak ekuaziotik kenduz gero, diagnosi bateratua egin daiteke: nahiko lehiakor aritu dira orain arte ligaxkako partidetan. Alabaina, zailtasunak dituzte irabazteko. Egipto izan da lehen bi jardunaldietan partida bat irabazi duen bakarra: 3-1, Zeelanda Berriaren aurka; gertu ditu final-hamaseirenak. Iran eta Saudi Arabia ere sailka litezke, baina, horretarako, irabazi egin beharko dute bihar goizaldean.
Hala gertatuko den esperantza du Yaser Hamedek (Leioa, Bizkaia, 1997). Ipar Amerikan egon nahiko zukeen orain, Palestinako selekzioarekin, baina ez zuten sailkatzerik izan. «Partida ia guztiak» ikusi ditu orain arte, eta arreta handiz ikusi ditu Ekialde Hurbileko selekzioen neurketak. «Asko ezagutzen ditut talde horiek, sarritan jokatu dudalako haien aurka, eta lagun asko ditudalako horietan. Oro har, ondo ari dira. Onena opa diet». Hameden ustez, «goraldian» dago Ekialde Hurbileko futbola, eta «are gehiago» indartuko omen da datozen urteetan. «Futbolean inbertsio handia egin dute hainbat herrialdek, eta pixkanaka uzta jasotzen ari dira. Noizbait, urrun iritsiko dira Munduko Kopan».
Oraingoz, ligaxka gainditze hutsa lorpen handia da. Eta Egiptok bere esku dauka, lehen bi jardunaldietan bi puntu lortu ondoren. Laugarrenez ari da lehiatzen Munduko Kopan, eta aurten lortu du bere lehen garaipena, debuta egin eta ia 90 urtera. Egiptoko futbola ondo ezagutzen du Hamedek, hango bi taldetan jokatu baitu: Port Said hiriko Al-Masryn eta Kairoko Zamaleken. «Ez naute harritzen selekzioaren emaitzek, oso maila oneko jokalariak baititu. Ezagunak ditut asko, baita entrenatzailea ere [Hossam Hassan, selekzioaren historiako golegile nagusia, Salahrekin berdinduta]. Handia egingo lukete lehen postuan sailkatuko balira».
Egiptok Iranen aurka jokatuko du bihar goizaldean. Zazpigarren Munduko Kopa dute persiarrek, eta aurrenekoz gainditu dezakete ligaxka; noiz, eta biderik malkartsuena egin behar izan dutenean. AEBek eta Israelek Iranen gerra piztu ondoren, erabat gelditu zen herrialdeko futbola. Selekzioak kolokan izan du Munduko Kopan parte hartzea, preseski AEBetan jokatu behar baitzituen ligaxkako hiru partidak. Arazo handiak izan ditu bisak lortzeko, eta egoitza Tijuanan (Mexiko) ezarri behar izan du, ezinbestean. Muga zeharkatzerakoan, oso baldintza zorrotzak ezarri dizkiote: gehienez partidak hasi baino 24 ordu lehenago sar zitezkeen AEBetan, eta neurketak bukatu bezain pronto irten behar zuten herrialdetik. Egiptoren aurkako lehiari begira, 48 orduko baimena eman diote.
«Iranen dauden bezala, oso zaila dute txapelketa batean aritzea. Gainontzeko taldeen aldean, neke fisiko eta emozional handia pilatu dute. Ez da bidezkoa»
YASER HAMED Palestinako selekzioko jokalaria
«Iranen dauden bezala, oso zaila dute txapelketa batean aritzea. Gainontzeko taldeen aldean, neke fisiko eta emozional handia pilatu dute. Ez da bidezkoa», esan du Hamedek. Harentzat, erraza da jokalari irandarren larruan jartzea, berak ere bai baitaki zer den gerran dagoen herrialde bat ordezkatzea. «Tentsio etengabean zaude, lagun, senitarteko eta herrikide guztiak sufritzen ikusten baitituzu. Bada, haiek harro sentiarazten saiatzen zara jokalari moduan, eta horrek motibazio berezia ematen dizu». Sasi guztien gainetik, lehiakor dabil Iran. Berdindu egin ditu orain arteko bi partidak, Zeelanda Berriaren eta Belgikaren aurka. «Europan zaildutako zenbait jokalari ditu, eta liga indartsu bat: Persepolis eta Esteghlal hezur gogorrak izaten dira Asiako Txapeldunen Ligan».
Aberatsen garapena
Txapelketa hori Saudi Arabiako Al-Ahlik irabazi du azken bi urteetan. Munduko ligarik aberatsenetako bat du Saudi Arabiak, eta izar ugari erakarri du azken urteetan, kontratu zinez oparoak eskainita. Hameden ustez, horrek bide eman dio selekzioa sendotzeari. «Bertako jokalariek goi mailako taldekideak eta aurkariak dituzte; horri esker, sendotzen ari dira urtez urte, eta lehiakor dihardute selekzioan elkartzen direnean. Ez da ahaztu behar azken Munduko Kopan irabazi egin ziotela Argentinari, eta oraingoan berdindu egin dutela Uruguairen aurka». Zazpigarren Munduko Kopa du Saudi Arabiak, eta 1994an iritsi zen urrunen, orduan ere AEBetan; final-zortzirenak jokatu zituen. Bada, berriz ere kanporaketetan sartzeko aukera izango du bihar, Cabo Verderen aurka.
Qatarrek asteazkenean amaitu zuen ligaxka, eta txapelketatik kanpo geratu zen. Hamedek atxikimendu berezia dio Qatarri, herrialde horretan bizi baita gaur egun. Bigarren Mailako Al-Khor taldean dihardu. «Oso maila ona du Qatarko ligak, baita selekzioak ere; Asiako Kopa irabazi du azken bi aldietan [2019an eta 2024an], eta historian lehen aldiz, Munduko Kopa jokatzeko sailkatu da [2022an anfitrioi gisa jokatu zuen]. Halaber, handia izan zen lehen jardunaldian Suitzaren aurka berdindu izana». Jordaniak hortzak erakutsi zizkien Austriari eta Aljeriari, baina ezin izan du punturik bildu. Etxerako bidea hartu aurretik, Argentinaren aurka jokatuko du igande goizaldean. Irak, berriz, mirariaren bila ariko da gaur, Senegalen aurka. Alde handiz irabazi beharko luke aurrera egin ahal izateko.
Aurrera begira, amets bat du Hamedek: Palestinak 2030eko Munduko Kopa jokatzea. Posible dela uste du. «Hego Korearen aurka bi berdinketa lortu genituen Munduko Kopako sailkatze fasean, eta Iraki irabazi egin genion. Beraz, ez gara Munduko Kopan dabiltzan hainbat selekzio baino gutxiago. Itxaropen handia dugu etorkizunera begira».