Garaipen ahaztezinak lortu ditu euskal selekzioak

Irabazi egin ditu zesta-puntako Nazioen Ligan jokatutako lehen bi partidak. Hala emakumezkoek nola gizonezkoek bi set baino ez dituzte behar izan.

Elaia Gogenola euskal selekzioko puntista, gaur, Frantziako selekzioaren aurka. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Elaia Gogenola euskal selekzioko puntista, gaur, Frantziako selekzioaren aurka. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko ekainaren 2a
23:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikusmira eta ilusioa aurrez ere bazeuden; eta horri garaipenak gehituta, pluralean, festa biribildu du euskal selekzioak. Gau, partida eta garaipen historikoak izan dira, euskal selekzioa lehen aldiz aritu baita Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa batean: zesta-puntako Nazioen Ligaren lehen ekitaldian. Eta, gainera, etxean, Gernika-Lumon (Bizkaia). Emakumeek estreinatu dute elastikoa, eta nola. Elaia Gogenolak eta Maia Goikoetxeak bi set baino ez dituzte behar izan Frantziaren aurkako partida irabazteko: aurrenekoan 15-3 nagusitu dira, eta bigarrengoan, berriz, 15-2. Parean, Frantziako selekzioaren elastikoarekin, bi euskal puntista izan dituzte, lapurtarrak biak: Oihana Sorozabal eta Xana Gonzalez.

Emozio handiko lehia izan da, baita pilotarientzat ere, agertokia ez baitzen nolanahikoa. Ilusioa, poza, urduritasuna... nabaritu dira bai kantxan bai harmailetan. Eta guztien artean lortu dute garaipena, nagusitasun osoz. 25 minutu baino ez du iraun partidak. Bukatutakoan, «gustura» mintzatu dira biak. Gogenolak aitortu du «urduri» kantxaratu direla. Hain zuzen, aurrelariak huts egin du lehen bi tantoetan; bi errebeskada gora joan zaizkio jarraian. Baina kito, horiexek izan dira partida guztian egin dituen huts bakarrak. Hortik aurrera, asmatu du, eta hainbat tanto ikusgarri egin.

0-2 galtzen hasi arren, euskal selekzioak berehala irauli du partida, tantoak bata bestearen atzetik eginda. Seigarrena ederra izan da; erremate bikain batekin bukatu du tantoa Gogenolak. Baita 11.a ere, pilota txokoan utzita egindakoa. Frantziako selekzioko atzelaria, Xana Gonzalez, ez da eroso aritu, eta hainbat tantotan huts egin du. Azkenean, 15-3 irabazi dute lehen seta.

Hura bukatu bezala ekin diote hurrengoari ere, agintzen. Tantoak egiten abila dela erakutsi du Gogenolak, eta atzean sendoa dela Goikoetxeak. Bikain ulertu dute elkar bi pilotariek. Lehen tanto ederra egin du aurrelariak, eta, hurrengoan, egundoko zartatekoa eman dio atzelariak, bigarrena egiteko. Argi erakutsi dute lanak ahal bezain laster amaitu nahi zituztela. Halaxe segitu dute, gozatzen eta gozarazten. Gogenolak ez ezik, Goikoetxeak ere utzi ditu perlak. Bi aldiz pentsatu gabe, horma-biko dotorea egin, eta hamahirugarren tantoa batu du markagailura. Gonzalezek sufritu egin du bigarren setean ere, eta euskal selekzioko jokalariek ondo aprobetxatu dute hori. Aise irabazi dute. Halaxe esan du Gogenolak: «Partida garrantzitsua zen guretzat. Hasieran urduri ibili gara, baina argi izan dugu nola jokatu. Ondo atera zaigu».

Hasiera ona

Euskal selekzioak ondo hasi du txapelketa. Jarraian gizonezkoen txanda izan da; hor ere, euskal selekzioak Frantziakoaren aurka neurtu ditu indarrak. Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek Jon Tanburindegi eta Thibault Basque izan dituzte parean, horiek ere euskal puntistak. Gizonezkoetan ere, euskal selekzioak bi set behar izan ditu irabazteko: 15-6 eta 15-11.

Partida estu hasi da, eta hasierako tantoetan parekotasuna izan da nagusi. Pixkanaka, baina, euskal selekzioak asmatu du nola jokatu, eta aldea zabalduz joan da. Partida kontrolpean izan du une oro. Huts gutxi egin, eta eraginkor aritu da. 8-4 iritsi dira etenaldira, eta bueltan ere nagusitasun osoz jarraitu dute. Lehen seta 15-6 amaitu da azkenean. Erkiaga ondo aritu da, eta, halakoetan, zaila da bikoteari aurre egitea. Tanto asko egin ditu.

Estu hasi da bigarren seta ere, eta euskal selekzioari gehiago kostatu zaio nagusitzea. Launa berdinduta joan dira, eta 8-6 gero. Lapurtarrek eutsi egin diote bukaerara arte, baina, azkenean, ezin aurre egin Erkiagaren ahalari. 15-11 bukatu dute. Bi garaipen historiko eta ahaztezin poltsikorako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.