Futbola

«Gau magiko bat» eskatu du Xabi Etxeitak

Athleticek lehen garaipena eskuratu nahi du gaur Txapeldunen Ligan, Karabakhen aurka, San Mamesen. Aurkariak bi partidak irabazi ditu, baina Xabi Etxeita «baikor» da.

Gorka Guruzeta. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
Gorka Guruzeta, baloia jotzen, Borussia Dortmunden aurkako partidan. FRIEDEMANN VOGEL / EFE
jon eskudero
2025eko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zelaietatik aldendu zela urtebete joan den arren, futbolari lotuta jarraitzen du Xabi Etxeitak (Zornotza, Bizkaia, 1987). Entrenatzaile izateko formakuntzan murgilduta igaro ditu azken hilabeteak, eta, denboraldia abiatuz geroztik, Lezamako harrobian dihardu lanean, bulegoetan. Athleticeko gizonezkoen bigarren eta hirugarren taldeekin ari da lanean; batez ere, «gazteak ahalik eta prestatuen» irits daitezen lehen taldera. Dena den, talde nagusiaren ibilbideari ere gertutik erreparatzen dio. Athleticek «final baten gisako» partida jokatuko du gaur, Karabakhen aurka, San Mamesen, Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldian. Orain arteko bi partidak galdu ondotik, ezin dute hutsik egin zuri-gorriek, eta Etxeitak esan du gau magiko baten beharra dagoela. «Matematikak oso ilun jarri aurretik, irabazi beharra daukagu Karabakhen aurka, eta baikorra naiz. Presioa agertu izan denean, ongi erantzun dute jokalariek, eta Europako gau magiko horietako bat ezagutu ahalko du San Mamesek».

Gogotsu eta ilusioz ari da lan berrian zornotzarra. «Ardura» handia izanagatik, neurria hartua dio jardunari. «Gazteei esker jarraitzen du bizirik Athleticek, eta Lezamako iturriak edaten eman dezan lanean gogor jarraitu beharra daukagu». Azkenaldian harribitxi bat baino gehiago irten da harrobitik, eta hori lanaren ondorio dela dio jokalari ohiak. «Oso zaila da Lehen Mailan tokia egitea, baina bidea inon errazagoa baldin bada, hori Athleticen da. Hori sinetsarazten diegu jokalariei, eta profesionalak dira». Etxeitak berak makina bat talde igaro zituen Athleticetik kanpo: Cartagena, Elx, Huesca, Getafe, Eibar eta Amorebieta, hurrenez hurren. «Bildutako esperientzia guztiek lagundu didate ezagutza handiagoa izaten, baina tokirik onena Lezama da. Gazteek zortea dute hemen daudelako, eta helburua da ahalik eta jokalari gehien iristea lehen taldera».

Etxeitak sarri dio Lehen Maila gogorra eta zaila dela. Bada, «are zailagoa» da Txapeldunen Ligan lehiatzea. 2014-2015 denboraldian lehiaketa horretan parte hartu zuen zornotzarrak jokalari gisa, Ernesto Valverderen gidaritzapean. «Ohartu nintzen oso zaila dela Europako lehiaketarik onenean duin aritzea. Baloia ohi baino abiadura azkarragoan mugitzen da batetik bestera, eta fisikoki eta teknikoki oso onak izaten dira aurkariak». Nahi baino motzago egin zitzaion bidaia Athletici. Izan ere, hirugarren geratu zen multzoan, Portoren eta Xaktarren atzetik. «Ilusioa genuen aurrera egiteko, baina ez zen posible izan». Horregatik, gustatuko litzaioke oraingo honetan taldea hurrengo fasean izatea. «Klubean garbi dugu lehentasuna ligak duela, baina ukaezina da ilusio ikaragarria dagoela Bilbon Txapeldunen Ligari begira. Gure esku dagoen guztia egingo dugu helburua lortzeko».

«Lehiaketako ezuste handiena izaten ari da Karabakh. Partida perfektua egin beharko du Athleticek irabazi nahi badu»

XABI ETXEITA Athleticeko jokalari ohia

Bide horretan, ezin dute gerorako lanik utzi zuri-gorriek. Galdu egin dituzte orain arteko bi neurketak: Arsenalen kontra etxean eta Borussia Dortmunden aurka kanpoan. «Normaltzat» jo daitezke bi partida horiek galdu izana, eta orain hasten da benetako lehia. «Hirunaka batzen hasi behar dugu, eta ea gai garen Karabakhi irabazteko». Oraingoz, lehiaketako ezustea izaten ari da Azerbaijango taldea, bi partidatatik biak irabazteko gai izan baita, Benficaren eta Kopenhageren aurka. Soilik sei taldek lortu dute orain arte jokoan izandako sei puntuak biltzea: Bayern Munichek, Real Madrilek, PSGk, Interrek, Arsenalek eta Karabakhek berak. «Lehiaketako ezusterik handiena izaten ari da Karabakh, eta ezer ez da kasualitatea. Jokalari bizkorrak dituzte, kalitatez trebeak dira, eta, gainera, konfiantzaz gainezka iritsiko dira Bilbora. Partida perfektua egin beharko du Athleticek irabazi nahi badu».

Lesioak eta egutegia

Aurkariari baino gehiago, bere buruari begiratu behar dio Valverderen multzoak. Emaitzei dagokienez, hainbestean ari da taldea, baina jokoa eskasa izaten ari da oso. «Dinamika nahiko eskasean murgilduta dabiltza jokalariak. Denboraldiaurrea ez zen erraza izan, eta, ligako lehen hiru partidak irabazi bazituzten ere, gabezia batzuk bistaratu ziren zelaian». Joko pobre hark ez du hobera egin. «Lesioekin zorte txarra eduki dugu. Jokalari garrantzitsu asko min hartuta egon dira, eta oraindik ez dira dinamikan erabat sartu. Sasoiari oraindik ez dio bete-betean heldu Athleticek».

Lesioekin aski ez, eta egutegiaren zama ere ez dute lagun zuri-gorriek. Esaterako, Karabakh askoz atseden gehiago hartuta helduko da gaurko lehiara. «Astean hiru partida erritmo horretan jokatzea astakeria da. Ez dugu atseden hartzeko denborarik, baina hauxe daukagu». Horregatik, aitzakiak alde batera utzi eta Txapeldunen Ligan lehen garaipena bildu beharra dauka Valverderen taldeak.

valverde: «Badakigu zaila izango dela, baina gure asmoa hiru puntuak lortzea da»

Athleticek galdu egin ditu Txapeldunen Ligako lehen bi partidak, eta puntu beharrean da. Gaur izango du aukera: Karabakh taldearen bisita jasoko du San Mamesen (18:45, Movistar). Irabazteko asmoz zelairatuko direla esan zuen atzo Ernesto Valverde entrenatzaileak, baina zuhur mintzatu zen: «Errespetu handia diegu. Ondo jokatzen dute futbolean. Adi egon beharko dugu, zelai erditik aurrera ondo mugitzen eta kokatzen baitira. Badakigu partida zaila izango dela, baina gure asmoa hiru puntuak lortzea da». Azerbaijango taldeak irabazi egin ditu lehen bi neurketak. Zuri-gorriek atzo eman zuten deialdiaren berri, eta izar guztiak jokatzeko moduan eta prest ditu Valverdek. Partida garrantzitsua dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.