Gauaren isiltasunean

Mercedes autoek Bahrainen ere distira egiten jarraitzen dute, baina, zirkuitutik kanpo, aurtengo motorren soinua ez da nahikoa hango egoera isilarazteko.

Nico Rosberg (Mercedes), atzo, saio libreetan. Lewis Hamilton taldekidea bakarrik izan zuten aurretik. S. SUKI / EFE.
Laurentzi Garmendia
2014ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Duela hamar urte iritsi zen 1 Formula lehen aldiz Bahrainera. Hamargarren urteurrena ospatzeko, aurten lasterketaren ordua atzeratu egin dute, gauez izan dadin, Singapurren edo Abu Dhabin bezala —bihar, seietan jokatuko da Bahrainen; bostetan Euskal Herrian—. Horrek auto berrien hauskortasunari lagunduko dio, tenperatura hotzagoetan ariko baitira. Are garrantzitsuagoa izango da hori desertuko beroan, oraindik sendotu gabe dauden auto berriak tarteko direla. Edozein baldintzatan, ordea, Mercedesgailentzen da. Atzo ere, Lewis Hamilton izan zen azkarrena eguneko bi saioetan. Malaysiako lasterketaren garaileak txapelketan duen atzerapena txikitu nahi du, hura baita oraingo gidaririk sendoena.

Bahraingo lasterketa aurreko hamarkadan 1 Formulak izan zuen norabide aldaketaren lekuko da. Lekuko, eta protagonista ere bai, Europa zaharrean eta Hego Amerikan errotua zegoen lasterketak egutegian tokia egin ziolako Ekialde Hurbilari. Kultura eta automobilismo iragan urria du herrialde hark, baina goi mailako txapelketan indartsu sartzeko behar ziren dolarrek betetzen zuten gabezia hori. Giza eskubideen arloan dauden hutsuneak ez dira oztopo izan Bernie Ecclestone 1 Formulako jabearentzat, nahiz eta 2011ko lasterketa bertan behera utzi behar izan zuten. Urtebete geroago, gizartean ziren arazoek beren horretan zirauten, baina, lasterketa istilurik gabe iragan zedin, garaiz hartu zituzten neurriak. Iaz, Britainia Handiko zenbait parlamentarik lasterketa jokatzearen kontra egin zuten, egoera segurua ez zela arrazoituz. Taldeek, arrisku horren jakitun, zirkuitutik ahalik eta gertuena hartu zuten ostatu, kaleko indarkeria girotik urrun. Aurten ere izan dira hildakoak eragin dituzten istiluak, baina antolatzaileek eta Ecclestonek 1 Formulatik at mantendu dituzte albisteok. Motor berriei bezala, hango egoerari ere ahotsa eta indarra kendu diote.

Zirkuituko asfaltoa kaleetan dagoenaren desberdina da, eta bi mundu desberdin balira bezala jokatzen dute. Mercedes autoek erabiltzen dute hobekien pistako asfaltoa, urtea hasi zeneko joerari eutsiz. Australian galdutako puntuak berreskuratu nahian ari da Hamilton, badakielako bera dela faborito nagusi denboraldi hasiera honetan. Aurkari nagusia Nico Rosberg taldekidea du, eta, gaur-gaurkoz, aurretik du txapelketan. Alemaniarrak oraindik puntu tarte mardula dauka, berehalakoan hustuko ez dena. Lasterketan lehen bi postuetako bat ia seguru duenez, txapelketako buruari eusteko moduan da.

Atzetik nor duten zalantzazkoagoa da. Malaysian, Red Bull autoak ziren; Bahrainen, berriz, lausoagoa da mapa. Atzo, behintzat, Ferrarik amaitu zuen bi saioetan Mercedesekoen atzetik, nahiz eta haiengandik segundo oso batera izan. Gaurko sailkapenean, Red Bull autoak espero dira bigarren lerroan, baina Fernando Alonso (Ferrari) tartean sar daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.