Osasunako jokalaria

Ruben Garcia: «Gaur egun, gogaitu egiten nau soilik futbolaz hitz egiteak»

Osasunan eta Nafarroan guztiz errotuta dago Ruben Garcia. Ez alferrik, azkeneko aldian momotxorro jantzita iragarri zuen kontratua luzatuko zuela. Sasoi hau amaitu arte sinatu zuen; bederatzigarrena du gorritxo gisa. Etorkizunak ez dio loa galarazten.

Ruben Garcia Osasunako jokalaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ruben Garcia Osasunako jokalaria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko urriaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Futbolariok ez gara robotak». Hala aldarrikatu du Ruben Garciak (Xativa, Herrialde Katalanak, 1993). Haren esanetan, erantzun hutsal eta errepikakorren atzean «interes eta kezka ugari» dituzten pertsonak daude. «Egunotan, adibidez, etxebizitzaren krisiaz aritu gara taldean». Garcia 2018an iritsi zen Osasunara, eta jadanik nafar sentitzen da ia. Euskara bere kasa ikasi nahian dabil. «Garbi dut etorkizunean nire seme-alabak ikastolara eramango ditudala, eta etxeko lanekin laguntzeko gai izan nahiko nuke».

Ohi baino geldialdi luzeagoa izan duzue; mesede edo kalte egin dizue?

Kontraste handia da: hasieran partida mordoa izan dugu, eta, bat-batean, gelditu egin gara. Guretzat, dena den, uste dut alde on gehiago daudela txarrak baino. Entrenatzaile berria dugu, eta halako etenaldi batek aukera ematen dizu zenbait gauza zuzendu eta fintzeko.

Liga oso sendo hasi zenuten, baina desitxuratu egin zineten gero. Zer analisi egin duzue taldean?

Partida batzuetan gaizki sentitu gara zelaian, baina, gero, analisi sakona eginda, jabetu gara gauza asko egin ditugula ongi. Egia da jokoak ez duela distirarik eduki. Agian, beste urte batzuetan baino kontserbadoreago jokatu dugu, askotan sendotasuna lehenetsita. Emaitza aldetik, hasiera ona izan zen. Baloiarekin, ordea, zurrun sentitu gara, eta bakoitzak landu beharreko zerbait da. Talde teknikoak garbi utzi digu jokalariok aske sentitzea eta futbolaz gozatzea nahi duela. Baina, batzuetan, ez da hala gertatzen. Konfiantza kontua da.

Aurreko denboraldia oso bolada txarrean amaitu zenuten. Orduko mamuak presente dituzue oraindik?

Halako amaiera batek beti eragiten du hurrengo sasoiaren hasieran. Zelaian ez zara horren arin eta solte sentitzen, eta zaleen artean ere zalantzak sortzen dira. Saihetsezina da. Gainera, gaur egun oso zaila da Lehen Mailan partidak irabaztea, eta hori ezin dugu inoiz ahaztu. Eta bada presente izan behar dugun beste gauza bat: iraganean oso bolada txarrak izan arren, onik atera izan gara, lasaitasunari eutsiz. Jokalari onak gara, eta irtenbideak gure baitan ditugu.

Azken hiru urteetan hiru entrenatzaile izan dituzue. Joera kezkagarria da?

Nire ustez, desberdina da udan aldatzea entrenatzailez, edo denboraldiaren erdian aldatzea. Azken kasu horretan, askoz ere ezegonkortasun handiagoa sentitzen dugu jokalariok. Egia da Jagobaren [Arrasate] esanetara urte asko egin genituela, eta mingarria suerta daiteke halako proiektu luze batean sortzen diren dinamikak aldatzea. Dena den, orduko hainbat jokalarik taldean jarraitzen dugu, eta eutsi egin diegu ohiturei eta talde barruan harremanak izateko moduari. 

Jokatzeko modua, ordea, ezinbestean aldatzen da aulkian aldaketak daudenean.

Bai, aldaketarik handienak alor taktikoan eta partidei heltzeko moduan nabaritzen dituzu. Entrenatzaile bakoitzak jokalariongan eragiten duen motibazioa ere desberdina da. Talde tekniko berriak, adibidez, garrantzi handia ematen dio komunikazio ona izateari, eta jokalarioi hasieratik oso garbi utzi digu zelaian zer egin behar dugun. Azken denboraldiei begiratuta, esango nuke talde tekniko hau dela taktikoki gauzak garbien dituena. Iaz ez ginen horren talde antolatua izan, baina Ramisentzat, ordena funtsezkoa da. Haren mezua  begi onez ikusi dugu hasieratik.

«Azken denboraldiei begiratuta, esango nuke talde tekniko hau dela taktikoki gauzak garbien dituena»

Eta jokalariek nola hartu duzue Braulio Vazquez joan izana?

Ezustekoa izan zen. Ez duzu inoiz espero behin denboraldia hasita halako zerbait gertatuko denik; are gutxiago Braulio Osasunan zeinen egonkortuta zegoen ikusita. Dena den, jokalariok uste dugu gauzak ez direla askorik aldatuko. Bestela zatekeen Cata ere [Jose Antonio Prieto, kirol zuzendari berria] klubetik atera izan balitz. Hura eta Braulio zain eta muin izan dira, beti ikusten genituen elkarrekin, eta Catak zeresan handia izan du Braulioren erabakietan. Alegia, prest dago urratsa egiteko.

Haren eskutik iritsi zinen Osasunara, 2018ko udan. Garai hura oroituz, zer datorkizu burura?

Batzuetan meditazio ariketak egiten ditugu, batez ere partiden ondoren. Eta, aurreko batean, Osasunan bizi izan dugun une berezi bat oroitzeko eta orduko sentsazioak berritzeko esan ziguten. Bada, niri Bigarren Mailako titulua altxatu genuen eguna etorri zitzaidan gogora. Momentu hartara bidaiatuta, konturatu nintzen guztiz zoriontsu sentitu nintzela, gogobeteta erabat. Gorputzean halako sentsazio jariakor bat sentitu nuen egun hartan, estasira eraman ninduena. Betiko geratu nahi nuen momentu horretan.

Gaur egun, ez da erraza talde bakar batean zuk Osasunan adina irautea. Ordea, behar zenuen guztia aurkitu duzu hemen.

Nire bizitzako garairik onena da, kirol arloan eta pertsonalki. Alde batetik, zaleen eta taldearen artean sortu den batasuna goraipatu nahiko nuke. Talde gutxi daude horren babestuta, eta hori pribilegio handia da guretzat. Eta, bestalde, Nafarroan etxean bezala sentitzen naiz. Ondo eta lasai nago, eta ez dut besterik behar.

Bere garaian, euskara klaseetara joan zinen, Osasunak AEKrekin egindako hitzarmena zela eta. Euskaraz nola moldatzen zara gaur egun?

Ez nahi bezain ongi. Hori bai, garbi dut etorkizunean nire seme-alabak ikastolara eramango ditudala, eta etxeko lanekin laguntzeko gai izan nahiko nuke. Horretarako, gutxienez oinarrizko gauzak ulertzeko gai izan beharko nuke. Oraintxe, nire kasa nabil. Adibidez, Zetak-en abestiak entzutean, euskarazko azpidatziak jartzen ditut, ahoskera landu ahal izateko. Eta bikotekideari galdera ugari egiten dizkiot.

«'Zetak'-en abestiak entzutean, euskarazko azpidatziak jartzen ditut, ahoskera landu ahal izateko»

Zure ikuspuntua plazaratu izan duzu hainbat gai sozialen inguruan [besteak beste, feminismoaren eta LGTBI kolektiboaren alde agertu da]. Futbolari gehiagok jokatu beharko lukete horrela?

Lehenik eta behin, heldu egin behar duzu pertsona bezala. Prozesu bat da. 18 urte dituzunean, inork ez dizu irakatsi elkarrizketa bati aurre egiten, dirua edo emozioak kudeatzen, zu baino askoz helduagoa izan daitekeen jendearekin lan egiten… Pixkanaka, ordea, jabetzen zara badirela gauzak futboletik at; gozagarriak eta interesgarriak izan daitezkeenak, eta baita defendatu beharrekoak ere. Gaur egun, gogaitu egiten nau soilik futbolaz hitz egiteak. Batzuetan robotak garela dirudi. Baina ez da horrela, inondik inora. Futbolaz haragoko interes eta kezka ugari dugu futbolariok. Egunotan, adibidez, etxebizitzaren krisiaz aritu gara taldean. Nire ustez, aberasgarria da jendaurrean garen bezalakoak agertzea, baina, noski, hala eginez gero, irain eta kritika ugari jaso dezakezu sare sozialetan. Ez dira baldintzarik samurrenak.

Eta zer baldintza beharko lirateke Osasunan jarraitu dezazun? Kontratua 2027an amaituko zaizu.

Horrekin ez nago kezkatuta. Oso lasaia naiz halakoetan. Nire ordezkaria urduriago jartzen da neroni baino. Oraindik ez dut hitz egin ez Catarekin, ez entrenatzailearekin. Kontratu bat denboraldiko azken egunean sinatzen badut, ba, pozik. Alde horretatik, egonkorra naiz mentalki. Ez dut landu, naturala da. Zelaian gozatzen saiatuko naiz, eta denborak esango du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA