Lucas Egibarrek eta Alvaro Romerok 10:00etan ekingo diote lehiari, lehen kanporaketa jokatuta. Sailkatuko balira, final-zortzirenetan ariko lirateke 13:45ean; aurrera egingo balute, final-laurdenak jokatuko lituzkete 14:18an; beste urrats bat egingo balute, finalerdietan lehiatuko lirateke 14:39an; lau onenak finalean ariko dira 15:01ean; aurretik, finalerdietako lau okerrenek final txikia jokatuko dute, 14:56an.
Daniel Milagros, berriz, 27. izan zen atzo abiadura patinajeko 1.000 metrokoan. Patinatzaile iruindarrak 1.11,25eko denbora egin zuen, bere marka onena baino segundo bat mantsoago. Jordan Stolz estatubatuarrak irabazi zuen urrezko domina, 1.06,28ko denbora eginda. Olinpiar Jokoetan abiadura patinajean lehiatu den lehen euskal kirolaria da Milagros.