Iñaki Errasti. Kaikuko arraunlaria

«Gauzak ondo egiten baditugu, gurea izango da San Miguel liga»

Ia estropada guztietan joaten da Errasti 'Bizkaitarra'-ko tostetan. Maila eta esperientzia handia dauka, eta, talaia horretatik, liga irabaziko dutelakoan da. Aitortu du Kontxa ere buruan duela.

Aitor Manterola Garate.
Aginaga
2013ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Arraunlaria pilotalekuan. Aginagako pilotaleku dotorean (Usurbil, Gipuzkoa) jarri du hitzordua Iñaki Errastik (Usurbil, 1979). Harmailetan eserita, aurrez aurre dauka kantxa: aurreko, alboko eta atzeko hormak; txapa, marrak... Hor barruan doitu beharra dauka pilotariak, eta Errasti arraunlaria ere ondo sartzen da hitzen neurrian, esan behar duena ondo neurtuz. Nekez joko du txapa, eta oso zaila da haren neurrietatik ateratzea. Zaila da hari tantoa sartzea.

Zarauzko estropadaren ondorio bat izan da San Miguel liga berriz ere zuen aldera eraman duzuela.

Aurten gorabeherekin gabiltza sailkapenean, hori hala da. Galiziako estropadetatik bueltan, ihes egin genien aurkariei; gero, harrapatu egin gintuzten; ondoren, berriz ere aldea hartu genuen, eta gero harrapatu berriz. Orain, Zarautzen, aldea handitu dugu. Nahiago genuen lehenago erabakitzea, baina zorte txarra izan dugu hainbat estropadatan.

Oraingo aldea erabakigarria da?

Iruditzen zait izan daitekeela, baina lau estropada hauetan edozer gauza gerta daiteke. Gure esku dago, eta gauzak ondo eginez gero, geurea izango da liga. Baina Portugaleten izanik bi estropada, badakigu zer gerta daitekeen hor; hala ere, uste dut gauzak bere onean joetan badira gurean behar duela ligak.

Datorren asteburu hau Kontxako Banderaren atarikoa da, eta ez da asteburu ohikoa izaten. Kezkatzen zaitu horrek?

Arraroak izaten dira asteburu hauek, baina guk orain arte bezala segituko dugu. Jakitun gara guk huts egin dezakegun bezala besteek ere egin dezaketela hu- tsen bat. Baina zortzi-bederatzi puntu galtzea ez litzateke normalena, ez bada kaleratzeren bat-edo gertatzen.

Denboraldiaren hasieran ligan errazago ibiltzea espero zenuten?

Errazago izatea ez nuen espero, baina iruditzen zaigu hasierako estropadetan kale txarra askotan tokatu zitzaigula, Orion ziabogan kateatuta geratu ginen... Puntu gehiago eduki beharko genituzke alde horretatik, baina beste klubek ere izango dute antzeko zerbait esateko: kale txarra denoi tokatzen zaigu noizbait, esaterako. Gu gustura gaude egiten ari garen lanarekin, eta estropadaren batean edo bestean izan ezik, lan onak egin ditugu.

Lan onak ez du beti emaitza ona ekartzen, eta, ondorengo egunetan, lan ona egin izanari heltzen al diozue konfiantza ez galtzeko?

Onena da buruari buelta asko ez ematea, eta asteko aurreneko entrenamendutik gauzak ondo egitea, kontzentrazioa galdu gabe. Nik neure taldeari eta gure lanari begiratzen diot; beste taldeak zertan ari diren jakitea ez da erraza, eta bakoitzak bereari eutsi behar dio, entrenamendu guztietan hobetuz.

Ligan estu ibili izanak aldarazi egin dizue Kontxarako prestakuntza?

Ez, ez. Iaz estuago ibili ginen ligan Hondarribiarekin. Astebukaera guztietan hamasei arraunlari ari da erabiltzen Jose Luis [Jose Luis Korta, entrenatzailea], eta ez dugu aldaketarik egin prestakuntzan liga estu dagoelako. Klubak garbi esana du aurtengo helburu nagusia liga irabaztea dela, hiru aldiz jarraian irabaziko genukeelako.

Kezka hau edo galdera hau dabil Kaikuren bueltan: poparean ez ote zabiltzaten ondo. Zer diozu?

Ez zait iruditzen hala denik; ez nau kezkatzen. Zarautzen gertatu da ez garela ibili, baina azkeneko luzeko azken bi minutuetan jan ziguten aldea; hortaz, atera daiteke beste ondorio hau: Kaiku hemezortzi minutuz onena izan zen. Edo beste hau: larunbatean eta igandean, azken luzeko lehen bizpahiru minutuetan, poparean baita ere, aldeak handitu egin genituen. Poparean egindako lana da hori ere. Getxoko estropadan ere lan ederra egin genuen poparean. Hobetu behar dugula? Bai, baina beste arlo guztietan bezala.

Kontxa ere gainean duzue, eta nola ikusten duzu?

Ligako lehen lau sailkatuak eta Portugalete seguru ikusten ditut sailkatuta, eta beste bi lekuetarako bost bat ontzi ibiliko dira: Tiran eta Meira, Astillero eta bi pasaitarrak. Sailkatzeko egunak ez nau asko kezkatzen, tarte handia dugulako barruan sartzeko. Lehen igandekoak kezkatzen nau gehiago: ze txandatan izango ginatekeen, kalea, itsasoa eta eguraldia... Ahalik eta ondoen iritsi behar dugu egun horretara.

Kontxa iristen ari den bezala, zertan nabari du arraunlariak badatorrela?

Gainera datorren bezala, buruan azaltzen hasten da, eta nik neuk asteburu hau baino gehiago daukat buruan Kontxakoa, nahiz eta oso garrantzitsua izan asteburua guretzat. Entrenatzailea ere hasiko da Kontxarako taldea finkatzen, eta igartzen da entrenamendu horietan jendea kontzentrazio maila gorenean ibiltzen dela.

Iaz, liga eta Kontxa irabazi zenituzten. Aurten ere bai?

Ederra izan zen, eta aurten ere biak irabazteko aukera daukagu. Irabaztea ez da erraza, nahiz eta ematen duen gaizki ohituta gaudela irabaztera. Gozatu egin behar da irabazten denean, garai txarrak ere heldu egiten direlako eta pasatu ere pasatu ditugulako une txarrak.

Entrenatzailea eta Korta aipatuta, zer iritzi duzu TKEk jarri dion zigorraz?

Haren egoerak ez digu eragiten, eta bakoitza da bere ekintzen arduradun. Oraingoan, ordea, zigorra ekarri duen egoera ez zen izan nahita egindakoa; Kortak ez zuen nahita jo argazkilarien ontzia gure ontzi motordunarekin Pedreñan. Baina Kortak egiten duen guztiari zehatz begiratzen dio ligak, eta uste dut zigorra gehiegizkoa dela. Uste dut TKEk funtsezkoak diren beste gauza batzuetaz ere arduratu beharko lukeela gehiago; esaterako, Laredoko estropadan, ez genuen dutxatzeko tokirik eduki arraunlariok. Arraunlariok gara benetako protagonistak, eta gutaz gehiago kezkatu beharko luketela iruditzen zait, neurriz kanpoko zigorrak jarri beharrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.