Joseba Agirre. Athleticeko entrenatzailea

«Gazteek eman dute eskatu nien aurrerapausoa; bikain ari dira»

Ligako lehen itzulia amaitzeko norgehiagoka bat falta da, eta Athletic hirugarren dago sailkapenean. Joseba Agirre entrenatzaileak «oso ongi altu bat» jarri dio taldearen orain arteko jardunari.

MONICA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2017ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Pertsona baikorra da Joseba Agirre Athleticeko entrenatzailea (Ortuella, Bizkaia, 1964). Hitz egitean nabari zaio. Hala, nahiago izaten du bere taldeak egindako gauza onei balioa ematea, eta hortik abiatuta hobetu beharrekoei heltzea. Denboraldiaren bigarren zatiari begira, argi du zein den erronka: «Zertxobait sendoago aritu behar dugu defentsan, eta baloiarekin lasaiago jokatu eta gehiago gozatu».

Partida bat falta da Ligako lehen itzulia amaitzeko. Zein nota jarriko zenioke taldeari?

Oso ongi altu bat. Ligako bi talde indartsuenak Bartzelona eta Atletico Madril dira, eta haien atzetik hirugarren lekuan egoteak esan nahi du gauzak ondo egiten ari garela. Gainera, bost puntura dugu Levante laugarren sailkatua.Oso pozikgaude, guretzat denboraldi hau ez baita erraza. Trantsizioko denboraldi bat da, aurreko sasoi amaieran eskarmentu handiko jokalariek hartu baitzuten erretiroa, eta gazte asko igo baitira bigarren taldetik.

Zer zaude gusturago, lortutako emaitzekin, edo egindako jokoarekin?

Guztiarekin. Argi dago ondo jokatzen baduzu aukera gehiago dituzula irabazteko. Bainagaraipenak sakrifizioari eta lanari esker lortu ditugu, eta hori ere oso pozgarria da. Jokalariek dena eman dute zelaian, eta alde horretatik ezin diet beste ezer eskatu.

Aurreko denboraldiarekin alderatuz talde sendoagoa eta erregularragoa zaretela ematen du.Pozik zaude horregatik?

Bai. Batez ere pozik nago Atletico Madrilen aurkako partidan izan ezik gainontzekoetan gai izan garelako lehiatzeko, eta une oro partidetan sartuta egon garelako.

Bigarren itzuliari begira, zertan hobetu behar duzue?

Bi gauza aipatuko nituzke. Batetik, oraindik ere zertxobait hobetu behar dugu taldea defentsan; bestetik, baloia dugunean lasaiago jokatu behar dugu, jabetza hori gehiago kontrolatu. Helburua da sendoago aritzea defentsan, eta baloiarekin gehiago gozatzea.

Taldearen gaztetasunak badu eraginik baloia hain azkar galtzeko erraztasunarekin?

Uste dut gehiago dela jokatzeko dugun moduarengatik. Partidari erritmo handia ezartzen saiatzen gara, eta baloia azkar mugitzen dugu. Hala, batzuetan behar baino lasterrago egin nahi izaten ditugu gauzak. Baina ikasiko dugu. Izan ere, joko molde hori aproposa da guretzat, eta garaipen asko lortu ditugu horri esker.

Gogobete zaitu taldeak orain arte erasoan egindako lanak?

Bai. Zelai erditik aurrera kalitate handiko jokalariak ditugu, eta erasoan ondo lotzen ari gara jokaldiak. Hobetzekotan, esango nuke aukera asko sortu behar izaten ditugula gola sartzeko. Baina Erika, Yulema, Nekane, Lucia... golak sartzen ari dira. Orozek ere aurrekoan gola sartu zuen, eta zelai erdiko jokalariek golak sartzea ere inportantea da. Goletatik harago, defentsako lanean ere bikain ari dira, eta hori ere nabarmendu nahiko nuke.

Sasoi hasieran esan zenuen gazteek aurrerapauso bat eman behar zutela. Eman dutela uste duzu?

Bai. Damariseta Oroz gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira, eta hasierako hamaikakoan lekua hartzen ari dira. Gainontzekoak ere oso ondo ari dira: Sierra, Marta, Leia... Ez dira asko jokatzen ari, eta hori ez da erraza jokalarientzat. Are gutxiago kontuan hartuta bigarren taldean partida guztiak jokatzen zituztela. Baina helburua da entrenamendu bakoitzean ikasten jarraitzea, jokatzeko aukera dutenean prest egon daitezen.

Jokalari gazteak alde batera utzita, esperientzia dutenak ere oso ondo ari dira: Erika, Nekane, Vanesa Gimbert, Ainhoa Tirapu...

Txapela kentzeko moduko lana egiten ari dira. Ilusio ikaragarriarekin daude, gogo handiz: taldeari emateko, gazteei laguntzeko eta irakasteko... Irakasle hoberik ez dute izango. Izan ere, jokalari horiek oso garbi dute zer den futbolari izatea, eta batez ere Athleticen elastikoarekin jokatzea. Multzoaren alde egiten duten lana ordainezina da, eta zelaian ere ikaragarrizko maila erakusten ari dira.

Ane Bergara eta Maria Diaz fitxatu zenituzten udan. Gustura al zaude haien ekarpenarekin?

Mariak ez du izan zorte handirik. Denbora gehiago eman du min hartuta, jokatzeko moduan baino. Baina hemendik aurrera asko emango digula uste dut. Ane, berriz, jokatzen hasi zen, baina azken norgehiagoketan aulkian egon da. Dena den, entrenamendu eta partida bakoitzean haren esperientzia eta ekarpena funtsezkoak dira taldearentzat.

Joana Flavianok futbola utzi behar izan du lan kontuengatik. Kolpe gogorra izango zen taldearentzat, ezta?

Bai. Joanak asko ematen zigun: zelai erdiko lana, baloiaren jabetza, eskarmentua, jaurtiketa... Neurketa ia guztietan titular zen, eta argi dago haren hutsunea handia dela. Gainera, osopertsona alaia eta gertukoa da, eta arrasto handia utzi du multzoan.Oso zaila da hura ordezkatzea.Hutsune hori estaltzeko, zelaira ateratzen diren jokalari guztiek gehiago eman behar dute.

Zein hausnarketa eragiten dizu Flavianorekin gertatukoak?

Berdintasunerako bidean asko falta dela egiteko, eta lanean jarraitu behar dugula jokalarien baldintzak hobetzeko. Klubarekin batera borroka egin behar dugu, etorkizunean lehen taldera iristen diren jokalariei ez gertatzeko Joanari gertatukoa .

Zein izan daiteke haren ordezkoa?

Ibi da Flavianorekin antz handiena duen jokalaria. Agian, hark zuen jaurtiketa falta zaio, baina Ibik baloia berreskuratzeko gaitasun handiagoa du, eta hori oso lagungarria izango da guretzat.

Zer erakutsi zizuen Atletico Madrilen aurka 6-0 galdu izanak?

Mugarri bat izan zen. Ez genuen asmatu lehiatzen, eta oso aste gogorra izan zen. Izan ere, ondoren Bartzelonaren aurka jokatu behar genuen. 1-2 galdu genuen, baina gai izan ginen haren aurka nor baino nor gehiago jokatzeko, eta balio izan zigun konturatzeko horrela lehiatu behar genuela, bestela ez gindoazela inora.

Liga hirugarren amaituta pozik egongo zinateke? Atletico Madril eta Bartzelona gainditzea ezinezkoa da?

Pozik egongo nintzateke orain arte bezala dena ematen badugu zelaian, eta partida bakoitzean azkenera arte lehiatzen bagara. Atletico Madrilen eta Bartzelonaren mailara iristea oso zaila da. Galdu dute partidaren bat. Baina denboraldi baten barruan hori normala da. Ez dut uste askoz gehiago huts egingo dutenik.Gure egitekoa da hor egotea badaezpada.

Hortik harago, nola ikusten ari zara liga?

Oso parekatua eta polita. Behar bezala lehiatzen ez bazara, edozeinek irabazten dizu. Niretzat ezusterik handiena izan da Reala horren behean ikustea. Izan ere, oso talde ona dauka, eta oso denboraldi-aurre ona egin zuen. Argi dago bolada txar batean sartzen zarenean oso zaila dela hortik ateratzea, eta psikologiak indar handia duela. Azken partidetan gora egin du, eta uste dut egon beharko luketen postuetatik gertuago dagoela.

Hain zuzen ere, hurrengo partida Realaren aurka jokatuko duzue. Urtea hasteko ezin partida bereziagoa, ezta?

Halaxe da. Sailkapenetik harago, oso partida lehiatuak eta orekatuak dira derbiak. Realak oso talde ona du. Lehen puntua lortu zuenetik gora egin du nabarmen, eta erakutsi du zertarako gai den. Aurrean, gainera, oso eraginkor ari da. Oso partida zaila izango da, eta nik uste dut atzean sendoen dagoenak irabaziko duela.

Arconada entrenatzaile dagoenetik, ikusi duzu Realaren partidaren bat? Aldaketa handia ikusten diozu Juanjo Arregirenarekin alderatuz?

Jokalariren bat aldatu du. Baina gainontzean, ez. Taldea bolada txar batean zegoen, eta aldaketa bat behar zuen. Horregatik aldatu zuten entrenatzailea. Lehen puntua irabazi zuenetik zama handia kendu zuten gainetik, eta orain konfiantza eta ausardia handiagoz ari dira jokatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.