Txirrindularitza

Gazteek ezarritako erritmoan ibiliko da aurtengo Itzulia

Bihar hasi eta hurrengo larunbatera bitarte jokatuko da Itzuliaren 65. aldia. Hiru izar gazte dira faborito nagusiak: Del Toro, Ayuso eta Seixas. Beteranoen izen ona Roglicek defendatuko du, Landa, Izagirre eta Bilbaorekin batera.

Isaac del Toro. ROBERTO BETTINI /EFE
Isaac del Toro, Tirreno-Adriatiko probako seigarren etapa irabazten. ROBERTO BETTINI /EFE
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Itzulia ez dago Tadej Pogacar (UAE), Jonas Vingegaard (Visma) eta Remco Evenepoelen (Red Bull) agendan; hala ere, datozen sei egunetan izen handiko txirrindulariak elkartuko dira Euskal Herriko errepideetan. Hautagai nagusiak hiru izango dira, hirurak ere oso gazteak: Isaac del Toro (UAE), Juan Ayuso (Lidl) eta Paul Seixas (Decathlon). Del Torok jarraipena eman nahi dio UAEk Itzulian daraman boladari, azken bi irabazleak talde horren elastikoarekin nagusitu baitira. Preseski, Juan Ayuso da horietako bat. 2024ko txapeldunak podiumaren gorenera itzuli nahi du, oraingoan Lidl taldearen maillota duela soinean. Seixasek, berriz, erronka kitzikagarria dauka: 19 urte eskasekin World Tour mailako bere lehen itzulia irabaztea.

Beteranoentzat zaila izango da gazteen legea apurtzea. Primoz Roglicek (Red Bull) bi aldiz irabazi du Itzulia —2018an eta 2021ean—, baina pedal kolpea itzaltzen ari zaio apurka. Gutxienez, alde du eskarmentua, Mikel Landak (Soudal) bezalaxe. Arabarrak, ordea, gaixo hasi zuen denboraldia, eta Kataluniako Voltan urrun samar ikusi ditu lehen postuak. Kontrara, Ion Izagirrek (Cofidis) indar betean hasi du sasoia, eta konfiantzaz iritsiko da bere azken Itzulira. 2019an bere egin zuen txapela, eta guztira sei bider izan da hiru onenen artean. Etxeko hautagai beteranoen zerrenda Pello Bilbaok (Bahrain) osatuko du. Taldearen lema Antoni Tiberirekin batera eramango du. Izagirrek, berriz, ondoan izango du Alex Aranburu; ezkiotarrak etapa bat irabazi zuen iaz, eta zazpigarren izan zen sailkapen nagusian. Guztira hemeretzi euskal txirrindulari ariko dira lehian.

Ibilbideari dagokionez, azken urteetako egitura ez da askorik aldatu. Hasteko, 13,8 kilometroko erlojupeko bat korrituko dute Bilbon. Ez da alde handirik izango, baina neurria eman beharko dute sailkapen nagusiko lehian aritu nahi dutenek. Biharamunean, Iruñetik atera eta Mendukilloko kobetarantz abiatuko da tropela. 164 kilometroko saioa izango da, eta lau mendatek osatuko dute. Gogorrena, Done Mikel Aralarkoa izango da, lehen mailakoa. Zementuzko zoru lakarrak areagotu egingo du igoera horren berezko zailtasuna. Helmugatik 20 kilometrora du tontorra, eta ikusteko dago faboritoen artean zenbateko aldeak sortzen dituen. Hirugarren etapa Basauri (Bizkaia) hasi eta amaituko da, eta, teorian, ez du aparteko garrantzirik izango sailkapen nagusian. Edonola ere, bihurria izango da bukaera; faboritoek erne ibili beharko dute.

Galdakaoko etapak klasiko itxura izango du, eta azken kilometroetan hiru bider igo beharko dute Ganguren. Amaiera kilometro bateko aldapa tente batean egongo da. Berritasun nagusia, dena den, azken bi etapen egituraketa izango da. Normalean, Eibarko (Gipuzkoa) etapa klasikoak ematen dio amaiera lasterketari, baina saio hori egun bat aurreratu dute aurten. Hori horrela, azken saioan Antzuola eta Bergara (Gipuzkoa) artean ariko da tropela. Biak ere egun erabakigarriak izango dira ohorezko postuen borrokan. Eibarko etapan, zortzi mendate gainditu beharko dituzte; azken egunean, beste sei. Bi etapa horietan argituko da nork hartuko dion lekukoa Joao Almeidari (UAE) Itzuliko txapeldun moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA