Biatloilaria eta eskiatzailea

Higinio Rivero: «Gehiago gozatzen dut biatloian lehiatzen iraupen eskian baino»

Gaur hasiko dira Neguko Paralinpiar Jokoak Milanen eta Cortina d’Ampezzon. Udakoetan piraguismoan aritu ondoren, Rivero biatloian eta iraupen eskian lehiatuko da negukoetan. «Ilusioz eta gogoz» dago. Biatloian espero ditu emaitza onenak.

Higinio Rivero biatloilari eta eskiatzailea. MATTIA RIZZI
MATTIA RIZZI
ainara arratibel gascon
2026ko martxoaren 6a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Higinio Rivero biatloilari eta eskiatzaileak (Barakaldo, Bizkaia, 1982) egun batzuk daramatza Italian. Bihar hasiko da lehiatzen Neguko Paralinpiar Jokoetan. Bederatzi egunetan sei probatan hartuko du parte: hiru biatloikoak dira, eta beste hirurak, iraupen eskikoak. «Fisikoki eta mentalki sasoi betean nago», adierazi du.

Ez da ohikoa kirolari bat neguko eta udako Paralinpiar Jokoetan aritzea. Zu bitan izan zara udakoetan, piraguismoan; orain, berriz, negukoetan arituko zara: biatloian eta iraupen eskian. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Oso gauza berezia da. Egia da aurretik udakoetan egon naizela, eta alde horretatik esperientzia apur dudala. Baina negukoetan parte hartzen dudan lehen aldia da, eta, estreinakoetan gertatu ohi den bezala, gogoz eta ilusioz nago. Esan didatenaren arabera, laugarren kirolaria naiz neguko eta udako Jokoetan parte hartzen.

Eskalatzen ari zinela izandako istripu baten erruz geratu zinen gurpil aulkian, 2013an. Ondoren piraguismoa egiten hasi zinen, eta horri esker lortu zenuen Udako Olinpiar Jokoetan egotea. Baina zure benetako pasioa mendia da. Alde horretatik ere bereziak al dira Joko hauek?

Dudarik gabe. Piraguismoak asko eman dit, baina nik mendira itzultzeko gogoa nuen. Han aske naiz, eta natura izugarri maite dut. Eski egokitua egiteko aukera aipatu zidatenean ez nuen bitan pentsatu. Izugarri gozatzen dut, eta nolabait istripua alde batera utzi, eta mendian berriz hastea izan zen.

Egun batzuk daramatzazu Cortina d’Ampezzon. Alde handia dago neguko eta udako Olinpiar Jokoen artean?

Bai. Udakoetan ikusmin handiagoa izaten da, jende gehiago. Olinpiar hiriak, gainera, bereizi egiten dituzte kasu honetan. Gune batean biatloikoak eta iraupen eskikoak bildu gaituzte. Arantza hori dut, ezingo dudala egunerokoa beste kirolari askorekin partekatu; ezta bestelako proba batzuk ikustera joan ere. Horietako asko gu lehiatzen garen tokitik bi ordura jokatzen dira. Gainontzean, kirol hiria oso ondo dago. Erabat egokitua dago, eta detaile txiki asko zaindu dituzte. Adibidez, aurrekoan jangelara joan, eta ikusi nuen mahai tresna bereziak daudela, eskuetan elbarritasunen bat duten kirolarientzat. Bestalde, solairu guztietan gurpil aulki bereziak dituzte, suteren bat edo bestelako gorabeheraren bat egonez gero eta olinpiar hiria hustu behar izanez gero, gu ateratzeko. Eskertzekoa da, gutxitan ikusten baita hori.

«Piraguismoak asko eman dit, baina nik mendira itzultzeko gogoa nuen. Han aske naiz, eta natura izugarri maite dut»

Bederatzi egunetan sei probatan lehiatuko zara: hiru biatloikoak dira, eta beste hirurak, iraupen eskikoak. Nola zaude?

Oso ondo. Fisikoki inoiz baino indartsuago nagoela uste dut. Helburua zera da: parte hartu izan dudan nazioarteko probetan lortu dudan emaitzarik onena hobetzea, batez ere biatloian. Adibidez, Munduko Kopako probaren batean lehen hamarren artean sailkatu naiz. Duela gutxi, esaterako, zazpigarren izan nintzen 12,5 kilometroko proban, Alemanian, eta hamargarren 7,5 kilometrokoan. Hori lortzea handia izango litzateke. Baina Olinpiar Jokoetan oso zaila da. Lehen hamabosten artean sailkatzea litzateke helburu errealistena. Mendiko eskian, berriz, atzeraxeago egotea espero dut: 20. eta 25. postuen artean. Kontuan izan guk urtean zehar egun gutxitan dugula elurretan entrenatzeko aukera beste herrialde batzuetako kirolarien aldean. Hori nabaritu egiten da. Biatloian tiroari esker lortzen dut batez ere sailkapenean gorago egotea.

Fisikoki eta psikologikoki nola eramango duzu hainbeste proba egitea?

Ondo. Fisikoki, esan bezala, inoiz baino hobeto nago; eta lasterketen artean atseden ondo hartzea erabakigarria izango da. Hori ere ondo landu eta kudeatu dugu entrenatzaileak eta biok, eta espero dugu aurreikusitakoa bete ahal izatea. Asteburuko proben ostean nekatuegi nagoela ikusiz gero, baliteke asteazkenekoan, iraupen eskiko hamar kilometrokoan, ez lehiatzea. Emaitzarik okerrenak lortzen ditudan proba da. Egunez egun joango naiz ikusten. 

«Fisikoki inoiz baino indartsuago nagoela uste dut. Helburua zera da: parte hartu izan dudan nazioarteko probetan lortu dudan emaitzarik onena hobetzea, batez ere biatloian»

Non gozatzen duzu gehien?

Gehiago gozatzen dut biatloian lehiatzen iraupen eskian baino. Kateatu egin nau biatloiak. Fisikoki ez ezik mentalki asko eskatzen duen kirola da. Dibertigarria da, gainera. Izan ere, eskian hain ondo ez arituta ere, aurrean ibil zaitezke tiroan ondo arituz gero. Gainera, eskiatzen bete-betean zoazenez, gai izan behar duzu bihotza azkar joanda ere apur bat lasaitu, eta tiro egiteko. Horretarako, lan handia egin behar da mentalki. Oso gustuko dut erronka bikoitz hori izatea: mentala eta fisikoa. Teknikoki oraindik asko dut hobetzeko, batez ere iraupen eskian. Hori da onena. Lan handia egiten ari gara. Batetik, egokitzapenak egiten ari gara aulkiari eta eskiei dagokienez, batez ere jaitsierei begira. Bestetik, gehiago entrenatzen ari naiz. Gurpil gaineko eskiekin entrenatzen naiz, zintan. Izan ere, esan bezala, nahi baino gutxiago joan naiteke elurretara.

Lehiatuko zareten zirkuitua gustuko duzu?

Iaz Europako Koparako proba batzuk egin genituen bertan, eta ez dute ia aldatu. Denboraldi honetan zirkuitu tekniko eta zailetan ondo aritzea lortu dut, eta baikor naiz. Bihurgune eta jaitsiera batean abiadura dezente hartzen duzu, baina bestela ez du aparteko zailtasunik. Horrek mesede egin diezadake, ta baliteke apur bat aurrerago egotea. Gainera, esan bezala, denboraldi honetan indartsuago nago fisikoki, eta horrek lagundu egiten dit. 

Zein dira herrialde indartsuenak neguko kirol egokituetan?

Ukraina, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak eta Kazakhstan. Kasu honetan, Eskandinaviako kirolariak ez dabiltza horren indartsu. Iraupen eskian, bitxia bada ere, Munduko Txapelduna brasildarra da. 

Piraguismoa ere egiten duzu. Prestakuntza ondo antolatu beharko duzu hirurak uztartzeko, ezta?

Bai, hala da. Baina, adibidez, neguko prestakuntza fisikoa ondo datorkit piraguarako, eta udakoa, biatloirako eta eskirako. Gainera, gustura aldatzen naiz kirolez. Denbora batez beste kirolaz ahazteko balio dit, eta ondoren gogo handiagoz heltzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA