FUTBOLA

Gereziek beste zapore bat dute orain

Andoni Iraolak goitik behera aldatu du Bournemouth. Taldea jaitsiera postuetatik hamar puntura dago, eta joko gustagarria egiten ari da. Haren laguntzaile izandako Unai Mendiaren iritziz, usurbildarrak «gorabehera gutxi ditu, eta lasaia eta langilea da».

(ID_13222321) BRITAIN SOCCER
Andoni Iraola, jokalariei azalpenak ematen, denboraldi honetan Bournemouthek jokatutako partida batean. VINCE MIGNOTT / EFE
Iñaki Berastegi.
2024ko urtarrilaren 6a
05:00
Entzun

Gary O’Neil entrenatzailearen gidaritzapean, Bournemouthek bere helburu nagusia bete zuen aurreko denboraldian: mailari eustea. Orain arte, hori izan da Ingalaterrako hego kostaldeko talde haren helburu nagusi eta bakarra Premier League txapelketan. Ez alferrik, taldea beheko mailetan aritu da gehienbat, eta 2015ean igo zen lehen aldiz Ingalaterrako maila nagusira. Halere, 2022ko abenduan kluba erosi zuten jabe estatubatuarrak ez ziren konformatu lortutakoarekin, itxura batean, eta entrenatzailez aldatzea erabaki zuten. Emaitza hobeak lortu nahi zituzten, eta beste joko mota egin. Hala, Andoni Iraolaren (Usurbil, Gipuzkoa, 1982) aldeko apustu sendoa egin zuen Cherries-ek; Gereziak ezizenarekin ezaguna da Bournemouth.

Zipreko AEK Larnaka eta Espainiako Mirandes eta Rayo Vallecano taldeak entrenatu eta gero ailegatu zitzaion Iraolari Ingalaterrako deia. Sasoi hau bere seigarren denboraldia baino ez da aulkietan. Arrakastaz beterikoak izan dira azken urteak, eta badirudi Ingalaterrako pasartea ere antzera hasi dela. Izan ere, Bournemouthen zaleak txoratzen daude euren taldea egiten ari den joko mota ausartarekin eta lortzen ari den emaitza bikainekin. Taldeari asko kosta zitzaion bidea aurkitzea: ligako hamargarren jardunaldian lortu zuten denboraldiko lehen garaipena, baina ordutik olatu aparretan dago.

«Aurreko denboraldikoarekin alderatzen badugu, jokatzeko modua oso ezberdina da. Iraola entrenatzaile berria izango zela jakin zenean, aipatu zen jokatzeko modu eroa edo kaotikoa zutela haren taldeek. Duen erritmoagatik, erasoan esan daiteke badela halako zerbait, baina defentsan taldea beti oso ondo kokatuta dauka. Urte asko daramatzat talde hau jokatzen ikusten, eta hau da ikusi dudan Bournemouthik dinamikoena, urte luzez ikusi dugun futbolik erakargarriena egiten duena. Ikusteko talde zirraragarria da», aipatu du John Williamsek (Liverpool, Ingalaterra, 1960), Bournemoutheko jokalari eta entrenatzaile ohiak.

Egun, Williamsek BBC Radio Solent irratiko futbol aditu lanak egiten ditu Bournemouthen partidetan. Zenbakiek eta egindako analisiek ere berresten dute Iraolaren estilo erasokorrak eta O’Neilen estilo defentsiboak oso ezberdinak direla. «Aldaketa handiena erasoan ikusten dut, hegaletatik jokatzeko duen gaitasun horretan. Orain, hegalekoek baloi asko ukitzen dituzte, eta erdiraketa asko jartzeko gai dira. Dominic Solanke aurrelariak hamahiru gol sartu ditu orain arte, inoiz baino gehiago, eta, hein handi batean, area inguruan baloi askoz ere gehiago jasotzen ari delako da. Gainera, azpimarratu nahiko nuke taldea beti bost jokalarirekin ailegatzen dela areara, eta ez soilik aurrelariekin».

Iraolaren ideia eta estiloa ondo baino hobeto ezagutzen ditu Unai Mendiak (Beasain, Gipuzkoa, 1981). Usurbildarraren bigarren entrenatzailea izan zen Mirandesen eta Rayoko lehendabiziko bi sasoietan. «Bournemouthen izan duen hasierak Mirandesen izan genuenekoa gogorarazi dit. Baloirik gabe egiten duen presioa hasieran ez da ulertzeko erraza, detaile txiki asko dituen sistema edo automatismoa baita. Mirandesen jokalariei kosta egin zitzaien barneratzea, eta uste dut orain antzeko zerbait gertatu dela. Rayon, aldiz, hasieratik bikain ulertu zuten jokalariek». Orain, taldeak sistema ulertu duenean, lan hori modu «ia perfektuan» egiten ari direla uste du Mendiak. «Azken partidetan beste talde bat izan da. Newcastleren edo Manchester Uniteden aurkako garaipenetan dena oso ondo egin zuten, eta, Liverpoolen eta Brightonen aurka galdu arren, Andoniren planteamendua oso ona izan zela iruditzen zait. Jokalariek sistema barneratu dute, eta konfiantza handiarekin ari dira».

Trantsizio eta erritmo handiko jokoa gustuko du Iraolak. «Errimo handian jokatu dezaketen taldeak nahi ditu, eta horretarako, askotan, jokalari gazteen aldeko apustua egiten du. Presioa koordinatua izan dadin lan handia egiten du, eta aurkaria ere asko aztertzen du bere lantaldearekin. Baloiarekin jokalariari askatasun gehiago ematen dio, baina, bereziki, baloirik gabe gehiago laguntzen dio jokalariari; agindu oso zehatzak ematen ditu», azaldu du Mendiak. Jokatzeko modu hori Alemaniako ligako hainbat taldek egiten duten jokoaren antzekoa izan daiteke. «Estilo hori da, bai. Badakit Andonik Alemaniako futbolari erreparatzen ziola, eta hango hainbat talde gustatzen zitzaizkion jokatzeko moduagatik. Hala, entrenamenduetan asko lantzen genituen baloia galdu ostean berehala berreskuratzeko jokaldiak. Andonik ariketa eta entrenamendu propioak dauzka».

«Urte asko daramatzat talde hau jokatzen ikusten, eta hau da ikusi dudan Bournemouthik dinamikoena, urte luzez ikusi dugun futbolik erakargarriena egiten duen taldea. Ikusteko talde zirraragarria da». 

JOHN WILLIAMS Bournemoutheko jokalari ohia

Taldeak egiten duen presio aurreratu eta konplexu hori honela azaldu du Williamsek. «Xake partida baten modukoa da. Ia buruz buru defendatzen dituzte aurkariak zelai osoan, eta gonbita egiten diote aurkariari baloia hegalera, kanpora, bideratu dezan. Behin baloia hor dagoenean, multzo guztia mugitzen du presio ikaragarri oldarkorra egiteko, eta, askotan, baloia zelaiaren azken laurdenean oso azkar berreskuratzen dute. Gutxienez, lau gol egin dituzte sasoi honetan modu horretara. Horretan oinarritzen da Iraolaren jokoa». Estatistika aurreratuaren arabera, azken laurdenean baloi gehien berreskuratzen duten taldeen artean zortzigarrena da, zelai osoan baloi gehien berreskuratzen dutenen artean seigarrena, eta partidako falta gehien egiten dituztenen artean hirugarrena. Erritmoa, presioa eta intentsitatea.

Momentu txarretan, Iraolak bere estilo eta jokatzeko moduari fidela izaten jarraitu du, eta denborak arrazoi eman dio. «Ideiak oso argi izan ditu beti. Mirandesera joan ginenean, deigarria egin zitzaidan zein argi zuen jada zer egin nahi zuen baloiarekin eta baloirik gabe. Mirandesen filosofiagatik, taldea azken orduan egiten da, eta urtetik urtera ia talde osoa aldatzen dute. Gu ailegatu ginenean, bospasei jokalari baino ez zeuden kontratupean, baina Andoniren ideia zein izango zen argi zegoen. Deigarria iruditu zitzaidan», gogoratu du Mendiak.

Lehendabiziko bederatzi partidetan hiru puntu baino ez zituenez lortu, Iraola kargugabetzeko aukeraz ere hitz egin zuten Ingalaterrako hedabideek. «Gutxienez, hamar partida eman behar zitzaizkiola uste nuen nik. Entrenatzaile berria da, eta egokitzeko denbora bat behar zuen. Pentsa, orain jokatzen ari den atzeko lerroak ez du zerikusirik denboraldi hasierakoarekin. Nire ustez, Aston Villaren aurkako berdinketa mugarria izan zen, ligako lehen postuetan dagoen talde bat baino askoz ere hobea izan zelako Bournemouth. Orain, jokalariak edozein partida irabazi dezaketela sinetsita zelairatzen dira».

«Andoni [Iraola] ez da protagonista izan nahi duen entrenatzaile bat. Langilea da, eta futbola pasio handia da harentzat. Ez du harreman oso estua jokalariekin, baina errespetu handiko harremana du haiekin». 

UNAI MENDIA Entrenatzailea

Fulhamen aurkako garaipenean, zigortuta zegoenez, Iraolak Vitality futbol zelaiko harmailetatik ikusi behar izan zuen partida. Halako batean, zaleak Iraolaren izena abesten hasi ziren, eta entrenatzaile usurbildarra lotsatu egin zen. «Ez da protagonista izan nahi duen entrenatzaile bat. Langilea da, eta futbola pasio handia da harentzat. Egunerokoan ez du harreman oso estua jokalariekin, baina errespetu handia die, eta alderantziz ere bai. Lasaia ere bada, eta gorabehera gutxikoa. Irabazten duenean ez dago oso goian, eta galtzen duenean ez da asko hondoratzen. Erraza da harekin lan egitea, eta bere lantaldeari lan egiten uzten dio».

Denboraldiaren lehen erdia igarota, Bournemouth gehiago dago gora begira behera baino. «Oinak lurrean izan behar dituzte. Goiz da mailari eustea ez den beste zerbaitetaz hitz egiteko, baina uste dut Premier League txapelketako inoizko sailkapenik onena egin dezakeela taldeak. Zaleak gozatzen ari dira, eta aurreikuspenak gero eta hobeak dira. Gainera, talde oso gaztea dela jakinda, eta min hartuta dauden jokalariak berreskuratzen ari dela ikusita, uste dut bigarren itzulian are eta emaitza hobeak lortuko dituztela», hausnartu du Williamsek.

Mendia Boliviatik bueltan da, eta aurki joango da Ingalaterrara Iraola bisitatzera. «Madrilen geundenean oso gustura zegoen. Nire ustez, ez zeukan gogo handirik Ingalaterrara joateko, nik izan nezakeen bezala». Orain, baina, Bournemouthen zaleak dira Iraolari alde egiten utzi nahiko ez diotenak. Izan ere, gereziek beste zapore bat dute orain, gustagarriagoa, kilikagarriagoa. Hobea, azken finean, eta hori usurbildarrak lortu du. Beste euskal entrenatzaile arrakastatsu bat Ingalaterran.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.