Saskibaloia

Gernika: zalantzak atzean utzita, ilusioz aurrera

Lointekek Gernikaren babesle nagusi izateari laga dio, eta horrek ekonomikoki larri utzi du kluba, maila nagusian jarraitu ote zezakeen dudan jartzeraino. Azkenean, aurrera egitea erabaki dute, eta ari dira taldea osatzen.

Ane Olaeta Gernikako jokalaria, baloia saskira jaurtitzen, azken denboraldian, inguruan IDKko jokalariak dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Ane Olaeta Gernikako jokalaria, baloia saskira jaurtitzen, azken denboraldian, inguruan IDKko jokalariak dituela. ANDONI CANELLADA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko uztailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Zalantza asko izan ditugu, eta erantzun gutxi. Lointekek ez zuela jarraituko jakin genuenean, kluba berehala hasi zen lanean. Leku guztietan ibili da ateak jotzen, erakunde publikoetan zein pribatuetan, eta, azkenean, batzuen babesagatik, aurrera ateratzeko erabakia hartu du. Aste oso luzeak izan dira, zalantza askokoak, baina ilusio handiz gaude». Maialen Markuerkiagaren hitzak dira. Hirugarren denboraldiz arituko da Gernikan entrenatzaile laguntzaile gisa.

Klubak apirilean iragarri zuen Lointekek babesle nagusi izateari utziko ziola, eta Gernikaren zimenduak kolokan jarri zituen horrek, taldeak maila nagusian jarraitu ote zezakeen dudan jartzeraino. Hauxe esan zuen Gerardo Cantina presidenteak: «Asko eragin digu. Oso egoera zailean gaude. Uztaileko lehen astean eman behar da ligan izena, eta ez dakigu zer gertatuko den». Bada, argitu da kontua: Gernika gorenean ariko da datorren denboraldian ere, eta hamahirugarren sasoia izango du segidan maila nagusian. Dena den, klubak babesle bila segitzen du, Markuerkiagak azaldu duenez: «Batzuek babestu dute proiektua, eta, horri esker, taldea ateratzeko erabakia hartu da. Hala ere, klubak lanean jarraitzen du. Denboraldian zehar gastuak kontrolatu beharko dira, baina egoera aukera moduan ere ikusi nahi dugu».

Behin aurrera egiteko erabakia hartuta, hasi dira multzoa osatzen, eta ari da itxura hartzen taldea. Aldaketa asko izan dira, entrenatzaile multzotik hasita: Lucas Fernandezek ez du jarraituko teknikari, eta Franky Garciak hartu du haren lekua, Fernandezen laguntzaile izandakoak. Bestalde, entrenatzaile laguntzaile segituko du Markuerkiagak, Mikel Retolazarekin batera. Jokalariei dagokienez, berriz, kontratua berritu dute Ane Olaeta kapitainak, Angela Salvadoresek, Aronette Vonlehk eta Esther Matarranzek, eta klubak lau fitxaketa iragarri ditu: Estel Puggros, Seehia Ridard, Elena Bosgana eta Sam Galanopoulos. Ordea, asko dira Gernika utzi dutenak: Laura Westerik, Esther Castedo, Emily Bessoir, Masa Jankovic, Isabelle Bourne eta Naia Zubiaga.

Dena den, aldaketak aldaketa, kluba saiatu da proiektuari jarraipena ematen: «Izandako zalantza guztiekin, guretzat ere ez da izan oso erraza, eta taldea osatzea ez da ari erraza izaten. Baina tira, lortu dugu Ane Olaeta gure kapitaina eta erreferente handiena den jokalariak jarraitzea, eta, horrekin batera, iazko bloke bati eustea. Gainera, Frankyrekin hirugarren denboraldia egingo dut. Mikel ere 2024-2025eko denboraldian ibili zen. Hortaz, nahiz ez den ari guztiz erraza izaten, ilusio handiz gaude».

«Klubaren eta herriaren erreferentea da Ane Olaeta. Eta ez hori bakarrik: kapitain moduan iaz egin zuen denboraldia ikusita, guretzat ezinbestekoa zen hark jarraitzea»

MAIALEN MARKUERKIAGA Gernikako entrenatzaile laguntzailea

Duela gutxi arte ziurgabetasuna zen nagusi, eta, Markuerkiagak kontatu duenez, zenbait jokalarik segitzea nahi zuten arren, hauxe galdetzen zioten euren buruari: «Geratu nahi dut, baina zer pasatuko da?». «Ez zuten erantzun bat, eta horrek zaildu egiten du prozesu guztia. Baina azkenean lortu dugu batzuk geratzea, eta lasaitu gara: oinarri bat ematen digu. Iazko bloke horri eustea, oso handia ez bada ere, oso garrantzitsua da. Eta, hori izanda, ekartzen saiatu gara, hasteko, beharra egingo duen jendea. Talde lehiakor bat sortu nahi dugu, langilea izango den talde bat, eta, batez ere, Malosteko harmailari gustatuko zaiona eta hura identifikatuta sentitzeko modukoa».

Bide horretan, Gernikarentzat funtsezkoa zen Olaetak segitzea: «Gernikar moduan eta taldeko entrenatzaile-laguntzaile moduan, guretzat ezinbesteko pieza zen. Uste dugu bera dela klubaren eta herriaren erreferentea. Eta ez hori bakarrik: kapitain moduan aurreko sasoian egin zuen denboraldia ikusita eta aldagela zelan kudeatzen duen ikusita, guretzat ezinbestekoa zen hark jarraitzea. Olaetaren aldeko apustua egin dugu, eta uste dugu bera ere oso pozik eta gustura dagoela hemen».

Garcia entrenatzaile izateak ere lagundu duela uste du Markuerkiagak, eta haren lan egiteko grina nabarmendu du: «Azken bi urteotan erakutsi du bere balioa, eta horregatik eman zaio aukera. Uste dut horrek ere lagundu duela zenbait jokalarik jarraitu dezaten: Ane, Angela... harekin egon dira bi urtez. Oso pozik gaude denok. Langilea eta diziplinatua da, eta arlo psikologikoan dinamikak ulertzeko eta eramateko duen modua ere azpimarratuko nuke».

Egoerak hala behartuta, gainerako taldeak baino beranduago hasi zen Gernika hurrengo denboraldirako multzoa osatzen, eta horretan segitzen du, erlojuaren aurka: «Beste hiru edo lau jokalari falta zaizkigu. Egoera desberdinetan ondo moldatzen diren jokalariak topatzen ari gara: ez soilik gauza baterako balio dutenak, baizik taldeari gauza desberdinak eskaini ahal dizkioten jokalariak».

Harrobia, funtsezko

Eskarmentua du Gernikak gorenean, eta ibilbide oparoa. Kasu honetan, baina, lehen helburua bete du: maila nagusian segitzeko erabakia hartzea. Hortik aurrera, ez dituzte asmoak zehaztu: «Lehenik eta behin, lehiatu egin nahi dugu. Lehiatu, ahal denerako. Badakigu ligan dinamikak izaten direla, eta ea nola hasten garen. Taldeari ez diogu ez mugarik ez helburu apalik jartzen. Ikusiko dugu apurka. Hasteko, mailari eutsi nahi diogu; Frankyk ere oso argi uzten du hori: lehenik eta behin, mailari eutsi, eta, hortik aurrera, ahal dugun guztia». Baikorra da Markuerkiaga: «Pozik nago. Pasatu dugun estutasunaren ostean, aurrera egin dugula sentitzen dugu. Gurea den zerbaiten modukoa da Gernika, eta gogotsu gaude».

Klubak harrobian egiten duen lana ere azpimarratu du: «Formakuntza da lehentasuna, eta, gero, lehen talderako jokalariak lortzen baditugu, oraindik eta hobeto. Azken finean, erreferente izango dira herriko umeentzat. Orain Ane daukagu, Naia izan genuen iaz, eta pasatu dira beste jokalari batzuk ere. Funtsezkoa da harrobian lan egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA