Iker Vicente. Aizkolaria

«Gero eta tarte txikiagoa dut hobetzeko»

Urrezko Aizkolarien txapela jantzi zuen iragan ostiralean Iker Vicentek. Bigarren aldiz jarraian eskuratu du txapelketa hori Otsagabiko aizkolariak, baina ez da ase: etorkizunerako helburu asko ditu begiz joak.

Jon Ander De la Hoz.
2019ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Bizipen askoko egunak pilatzen ari da Iker Vicente (Otsagabia, Nafarroa, 1997). Azpeitiko (Gipuzkoa) Izarraitz frontoian Urrezko Aizkolariak txapelketako bigarren garaipena eskuratu zuen joan zen astean, eta Madrilen izan da asteon, telebistako programa ezagun batean. Handik itzuli berritan jaso du BERRIA: «Pixka bat urduri, baina ongi egon nintzen telebistan». Udako lanei eustea egokituko zaio orain.

Madrilen egon berri zara, telebista saio batean. Nolatan?

Haiek deitu ninduten Australiatik etorri nintzenean [Manny McCarthyren oroimenezko lehiaketa jokatu zuen han], eta onartu egin nuen. Horregatik joan naiz.

Etxera etorrita, joan zen astean Urrezko Aizkolarien txapeldun izan zinen, bigarrenez jarraian.

Bigarren aldiz txapeldun izanda, izugarrizko poza izan dut. Urte guztian aritzen gara entrenatzen, eta helburuak gisa horretara lortzeak poztu egiten gaitu. Geroz eta txapel gehiago eskuratzen ari naiz, eta gustura nago.

Ustez, zu zinen faboritoa. Hala ikusten zenuen zeure burua?

Egia esan, nahiko ondo nengoen, baina bestalde ikusten nuen Mikel Larrañagak ere irabaz zezakeela. Lehendabiziko probetan ondo moldatu nintzen, uste bezala, eta abantaila ona atera nuen. Gero, azken probara abantailarekin iritsita, eutsi bakarrik egin behar izan nuen.

Abiadurako proban eta zutikako enborrean zure onena erakutsi zenuen.

Hori da. Nire estrategia hori zen; indartsu ateratzea eta ahalik eta alde handiena ateratzea hasierako proba horietan. Hala izan zen. Ondo egin nituen horiek denak, eta, esan bezala, abantaila atera nuen, bukaerako lana erraztuz.

Patxada eman zizun azken probarako, lan erdietarako.

Banekien Larrañagak lan erdietako proban asko egingo zuela. Azkenaldian oso ondo dabil. Aizkoran freskotasun ikaragarriz ari da. Bagenekien proba hori irabazteko aukera handiak zituela berak. Baina proba hartara hainbesteko aldearekin iritsita, zaila izango zen alde handia ateratzea, eta halaxe izan zen.

Zuk espero bezala joan zen finala, beraz.

Beldur ere banintzen. Azkenengo lan horretan denbora gehiago galtzea, edo egur txarren bat egokitzea, aurrez hainbesteko aldea ez ateratzea... Beti izaten dira kezkak, baina orokorrean espero bezala atera zen finala, eta, egia esatera, nahiko gustura nago horregatik.

Oso ondo aritu zen Mikel Larrañaga ere. Puntan zaudetenokin batera aritzera hurbiltzen ari den aizkolaria da?

Bai. Gaur egun Larrañaga oso gogoan hartzeko aizkolaria da. Lehen, Aitzol Atutxa eta ni aurreraxeago-edo geunden, baina, orain, gure parean dago Mikel. Hemendik aurrera, oso kontuz ibili beharko dugu berarekin.

Lehendabiziko finala zuen Julen Alberdi Txikia IV.ak. Txukun aritu zen.

Nire ustez, lehen finala izateko, oso ondo aritu zen. Txapelketa hau jende askok jokatzen du, eta lehen hiruren artean sartzea gauza handia da. Finalean egin zuen lana ikusita, merezi zuen.

Zuk 22 urte beteko dituzu etzi, eta dagoeneko txapel sorta handia duzu. Zure mailarik onenera iritsi zara, edo baduzu hobetzeko tartea?

Egia esan, dudan adinerako nahiko onean nagoela uste dut. Urte gutxitan gorakada oso handia egin dut. Gero eta tarte txikiagoa dut hobetzeko, baina, 22 urte izanda, oraindik neureganatu dezaket indar handia, eta espero dut hobetzea.

Zuk esan duzu indarra hobetu dezakezula; teknika aldetik arazorik gabe zabiltza?

Teknika 16 urte nitueneko bera dut. Beti egongo dira hobetzeko detaileak, baina gehienbat fisikoki hobetzea geratzen zait.

Zein lanetan moldatzen zara ondoen?

Lan gehienetan aritzen naiz gustura. Australiatik itzulita, lan luzeei berriz heltzea kosta egin da, baina ari naiz hartzen. Ez dut lan jakin bat non hobeto moldatzen naizen. Apustuan, ordubetez aritu nintzen aizkoran, eta ongi moldatu nintzen, eta Australian egur batera ere bai. Entrenatzea da kontua.

Uda sasoia gainean duzue. Erakustaldiak izango dituzu begiz joak.

Bai, erakustaldi dezente ditut, eta udan, asko ibiltzea egokituko zait, harantz eta honantz.Lanpetuta ibiliko gara aurrerantzean.

Udako egun jakinik baduzu bereziki gogoan?

Orain erakustaldiei helduko diegu, eta abuztuan Ramon Latasa saria iritsiko da. Polita izaten da. Gero, Urrezko Kopa jokatukodugu abuztuaren 15ean. Horri begira ere jarriko gara.

Urri aldera Euskal Herriko Txapelketako finala jokatuko da. Aurtengoa zure urtea izan daiteke?

Tira, hiru urte daramatzat horren esperoan. Aitzolek sekulako esperientzia du [lau aldiz izan da txapeldun], teknikoki ona da, eta fisikoki, oso indartsua. Uste dut oso zaila dela hari irabaztea, baina besteok ere geroz eta esperientzia handiagoa ari gara hartzen, eta uste dut oso berdinduta gaudela bera, Larrañaga eta ni. Edonork irabaz dezake.

Apirilaren 19an munduko bigarren postua eskuratu zenuen Sydneyn, Australian. Zer aurkitu zenuen han?

Lanak oso ezberdinak dira, baina oso ongi moldatu naiz. Han egur bakar batera izaten dira txapelketak, eta, alde horretatik, zailak izaten dira egokitzeko lanak. Baina dagoeneko lau urte daramatzat hara joaten, eta neure burua horretarako prest ikusten dut. Aurten bigarren izatea ez nuen inondik inora espero, eta poz handia izan zen.

Hango prestakuntza ezberdina da hemengoarekin alderatuta?

Bai. Gorpuzkerak-eta ikusita, nabari da hemen askoz ere atletikoagoak garela. Han gizon handiak dira; indar ikaragarria dute.

Giro aldetik ere ezberdina da; estadio moduko batzuetan aritzen zarete.

Bai, ezberdintasun pixka bat badago handik hona. Han estadio moduko batzuk daude, eta estadio horietan 6.000 bat pertsona sartzen dira egunero. Txapelketak hamabi egunez izaten dira segidan, eta egunero betetzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.