Errugbia

Getxo prest dago azken txanparako

Bizkaiko taldeak Espainiako Ohorezko Mailako finalerdia jokatuko du gaur, etxean, Majadahondaren aurka. Irabazten badu, titulurako borrokatuko da. Haizea Arco jokalariaren ustez, «lasaitasunari eustea funtsezkoa» izango da gaur nagusitzeko.

Getxok eta Pozuelok denboraldi honetan Faduran jokatutako ligako partida. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Getxok eta Pozuelok denboraldi honetan Faduran jokatutako ligako partida. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2026ko maiatzaren 16a
05:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Ligako azken partida» balitz bezala aurre egingo dio Getxoko errugbi taldeak gaur jokatuko duen dema erabakigarriari. Bizkaitarrek Espainiako Ohorezko Mailako finalerdia jokatuko dute Majadahondaren aurka Faduran (17:00). Irabaziz gero, finalerako sailkatuko dira. «Lehiakortasunak urduritasuna dakar, baina inoiz baino gogotsuago gaude», adierazi du Haizea Arco (Zalla, Bizkaia, 1996) Getxoko jokalariak. Ez alferrik, orain hilabete, Majadahondak berak Espainiako Kopatik kanporatu baitzuen Getxo finalerdietan. Errebantxarako gogoa dute, beraz. Sasoi honetan hiru aldiz jokatu dute elkarren aurka: «Ligako joaneko partida haiek irabazi ziguten; itzulikoa, aldiz, guk. Eta orain Kopan berriz ere mendean hartu gaituzte. Espero dut berriro hori ez gertatzea, eta laugarrena guk irabaztea. Ondo ari gara».

Ez da aurkari makala, ordea. Ligan hirugarren geratu da Majadahonda, Getxoren atzetik. «Multzo ona du. Denboraldi asko daramatza maila gorenean, eta klubak lehiakortasun handia du», adierazi du zuhurtziaz Arcok. Ligako joaneko partidan 22-21 galdu zuen Getxok; itzulikoan, aldiz, 32-0 gailendu ziren bizkaitarrak. Getxoko jokalariaren ustez, ligako itzulikoan erakutsi zuten joanekoan izandako emaitzak ez zuela «islatzen» taldea zer emateko gai zen. Kopan, ordea, berriz ere galdu egin zuten: 17-18. 

Madrilgo taldeari irabazteko zertan asmatu behar duten galdetuta, Arcok uste du azken minutuetan «lasaitasunari eustea» gakoa izango dela, batez ere markagailuan aurretik badoaz. «Azken partidan lasaitasuna faltatu zitzaigun azken bost minutuetan, eta hortxe galdu genuen partida. Geldikako faseak asko landu ditugu. Uztartzean eta alboko sakeetan sendoak gara, baina beraiek ere sendoak dira alboko sakeetan. Hori hobetzeko lan egin dugu».

Gaurko partidan bakarrik dute burua, baina ezinezkoa da datorrenean ez pentsatzea, irabaziko balute behintzat. Bi neurketatara baitute garaikurra. Arcok onartu du «partidaz partida» joan behar dutela, baina Majadahondari irabaziz gero helburua «finalaz gozatzea» izan behar duela: «Guretzat sari handia litzateke finalera ailegatzea, are gehiago ikusita gorenean zer-nolako klubak dauden. Klub askok erraztasun eta aukera gehiago dituzte kanpotik jokalariak ekartzeko garaian. Gure taldea, ordea, getxoztarrok edo inguruko herrietakoek osatzen dugu. Umetatik hasi gara errugbian jokatzen, eta bat-batean gorenean lehiatzen ari gara. Beraz, etortzen den guztia ongi etorria izango da».

Fin aritu da ligan 

Beste finalerdia El Salvadorrek eta Coruñak jokatuko dute, bihar, 12:00etan, Valladoliden (Espainia). Arcoren ustez, lehenak dira faborito nagusiak finalerako sailkatzeko, haiek geratu baitira lehen postuan ligan. «Ez dut esan nahi ezinezkoa denik El Salvador mendean hartzea, baina azken denboraldietan aurkaririk indartsuena izan da. Ligako joaneko partidan oso ondo jokatu genuen, eta datu hau nahiko adierazgarria da: ligan, behin bakarrik geratu da El Salvador erasoko puntu gehigarria lortu gabe, gure aurka hain justu. Itzulikoan, ordea, haiek izan ziren nagusi. Dena den, emaitza 0-31 izan ordez beste bat izango zen burua hotz izan bagenu».

«Guretzat sari handia litzateke finalera ailegatzea, are gehiago ikusita gorenean zer-nolako klubak dauden»

HAIZEA ARCO Getxo errugbi taldeko jokalaria

Gaurko partidan emaitza edozein dela ere, Arcok adierazi du pozik egoteko moduko denboraldia osatu dutela. Haren hitzetan, helburua gutxienez finalerdietara ailegatzea zen, eta hori dagoeneko erdietsi dute. «Uste dut nahiko ondo aritu garela. Oro har, balorazioa oso ona da. Egia da partida batzuk gure akatsen ondorioz galdu ditugula, baina xehetasun horiek fintzeko lanean ari gara». Ligan bigarren amaitu zuten sailkapenean, hamar partida irabazita, eta lau galduta.

Arcok aurrean jokatzen du, eta uste du asko findu duela taldeak geldikako faseetan: uztartzeetan zein alboko sakeetan. «Horiek fase erabakigarriak dira baloiari eusteko, eta errugbian baloiari eutsiz irabazten da. Horretan asko hobetu dugu, eta horrenbestez, aurrerapausoa agerikoa izan da». Jokatzeko modua oso argi dutela nabarmendu du Getxoko aurrelariak, eta horrek asko laguntzen duela «taupadak jaisten, lasai jokatzen, eta azkenean, disfrutatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA