«Ez du batere zerikusirik aurreko denboraldiarekin». Horrela definitu du Itsaso Reinak (Getxo, Bizkaia, 2000) Getxo taldearen liga hasiera. Izan ere, «primeran» hasi dute denboraldia bizkaitarrek. Joan den larunbatean Cisneros taldearen aurka aritu ziren, Faduran, eta aise garaitu zituzten madrildarrak: 48-10. «Lehen zatian apur bat kosta zitzaigun erritmoa hartzea, eta haiek sendo aritu ziren. Bigarren zatian, ordea, gure jokoa egitea lortu genuen, eta primeran joan zen; oso pozik gaude», adierazi du Reinak. Taldeak hain hasiera ona egin izana, ordea, ez da kasualitatea; izan ere, Reinak azaldu duenez, denboraldiaurre «gogorra» egin dute, eta joan den sasoian baino «sendoago» dago taldea.
Denboraldi hasiera onaz harago, Getxoko kapitainak daukan «ilusioa» adierazi du. «Oso pozik nago, aurreko denboraldian baino gogotsuago. Entrenatzaileak ere halaxe daude. Denboraldiaurre ona planteatu dute, eta denok gaude motibatuago; gogotsu gaude». Sasoi honetako taldea joan den denboraldikoa baino «orekatuagoa» dela azpimarratu du.
Gauzak horrela, helburu «zailagoa» jarri diote euren buruari: finalerdietarako sailkatzea. «Joan den denboraldian, maila ez galtzean pentsatzen ari ginen, baina, sasoi honetan, gora begiratu nahi dugu». Hala ere, kapitainaren ustetan, badute oraindik ere zer hobetua: «Denboraldiko lehen partida ikusita, gehien falta zaiguna diziplina dela esango nuke. Berez, zigor kolpe asko egiten duen talde bat gara, baina Cisnerosen aurkako partidan hori izan zen gure hutsegiterik handiena; beraz, horretan zentratu behar dugu datozen partidetan».
Igandean, berriz, Majadahondari egingo diote bisita. Partidaren atarian, baikor agertu da Reina: «Joan den denboraldian, Majadahonda liga irabazteko faboritoetako bat izan zen, baina aurten taldean arazo batzuk izan dituztela ematen du, eta gu indartsuago gaudela dirudi. Beraz, garaipena lortzea posible ikusten dugu, eta dena ematera joango gara».
Getxok bigarren denboraldia du Espainiako Ohorezko Mailan. Reinak adierazi duenez, joan den denboraldia «nahiko gogorra» izan zen. «Nahiko talde berria ginen. Hainbat jokalarik utzi zuten taldea, eta beste hainbat etorri ziren. Gainera, entrenatzaile aldaketa ere izan genuen, eta, hasieran, kosta egin zitzaigun erritmoa hartzea». Ohorezko Maila Zilarrezkoa baino «fisikoagoa» dela aitortu du: «Kolpeak berak ere askoz ere gogorragoak dira Ohorezko Mailan, eta horretara ohitzea kosta egin zitzaigun apur bat».
«Talde gogorra osatu dugula uste dut. Jokalari apartak ditugu, baina, nire iritziz, taldean jokatzen dugulako gara onak»
ITSASO REINA Getxo errugbi taldeko jokalaria
Liga irabazteko faboritoez galdetuta, argi mintzatu da: «Joan den denboraldian liga irabazi zuen talde bera ikusten dut indartsuen: El Salvador. Aurreko sasoian oso ondo aritu ziren, baita aurtengo denboraldiaurrean ere. Ustez goialdean ibiliko diren bi talderen aurka jokatu dute denboraldiaurrean [Sant Cugat eta Sevilla], eta aise irabazi dute».
Reinak jakinarazi duenez, printzipioz hau izango da bere azken denboraldia errugbian jokatzen. Gauzak horrela, haren helburu nagusia da «errugbiaz gozatzea» eta taldea «egoera onean» uztea. «Bide horretan nabil orain, eta, oraingoz, ezarritako helburuak lortzen ari naizela dirudi».
Talde indartsua
Udan egindako fitxaketen ostean, kapitainak «itxura oso ona» hartzen dio taldeari. Maider Aresti eta Gemma Silva fitxatu dituzte. Aresti Getxoko harrobian hazitako jokalaria da, eta Sevilla taldean jokatzen aritu da. Silva, berriz, 21 urteko lehen lerroko jokalaria da, eta Bartzelona taldetik iritsi da. «Aurreko denboraldiko jokalari guztiei eustea lortu dugu eta, gainera, lehen lerroa indartu dugu. Talde gogorra osatu dugula uste dut. Jokalari apartak ditugu, baina, nire iritziz, taldean jokatzen dugulako gara onak».
Liga irabazteko helburua oraindik ere «apur bat zaila» ikusten du Reinak, baina finala jokatzea bera ere «ederra» izango litzatekeela esan du. Hala ere, kirolari dagozkionez gain, beste hainbat lorpen ditu buruan Getxoko kapitainak: «Fadura beteta ikusten jarraitu nahi nuke, eta neska gehiago gu ikustera etortzea ere polita izango litzateke».