Getxo errugbi taldeko jokalaria

Maider Aresti: «Getxorekin liga irabazi nahi nuke; oxala sasoi honetan balitz»

Gustura dago Aresti etxeko taldean. Konfiantzaz ari dira: «Indibidualki baino gehiago, kolektiboki egin dugu lan, eta jokoan nabaritzen da hori».

Maider Aresti. BERRIA
Maider Aresti. BERRIA
Jone Bastida Alzuru.
2026ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bikain ari da Getxo, indartsu. Ligan jokatutako bederatzi partidetatik zazpi irabazi ditu, eta bigarren postuan dago; inguruan ilusioa da nagusi. Hitz egiterakoan nabari zaio grina hori Maider Aresti Getxoko errugbi jokalariari (Getxo, Bizkia, 2003). Hala ere, argi esan du: «Hankak lurrean izan behar ditugu. Ligaxka bukatzeko bost partida falta zaizkigu, eta finalak dira bostak». Taldean duten giro onean egin du azpimarra. 

Oso denboraldi ona ari zarete egiten, eta asteburuan beste kolpe bat eman zenuten, Majadahondari 32-0 irabazita. Gustura zaudete?

Bai, bai, oso gustura. Denboraldi hasieratik ari gara gogor entrenatzen, eta asko landu dugu talde konexioa. Indibidualki baino gehiago, kolektiboki egin dugu lan, eta jokoan nabaritzen da hori. Pozik eta gustura gaude.

Garaipen garrantzitsua da zuentzat?

Bai, noski. Sailkapenean hirugarren doaz, eta haiei irabazita puntuen aldea handitu dugu. Lasaixeago gaude orain.

Espero zenuten denboraldi honetan hain ondo aritzea?

Bai. Hasieran agian ez, baina partidaz partida ikusi dugu gai garela. Oso ondo ari gara entrenatzen, eta jokalari oso onak ditugu, talde oso ona dugu.

Zein da gakoa?

Asko maite dugu elkar, eta asko babesten dugu elkar. Ondokoari laguntzeko prest gaude beti. Taldean entrenatzen gara, eta elkarrekin gaude onerako eta txarrerako. Talde lana da gakoa.

Eta jokoan, zertan ari zarete asmatzen?

Azkar jokatzen; eta badakigu aurkarien akatsak edo ahulguneak identifikatzen eta aprobetxatzen. Ondo ari gara horretan.

Gainera, alde handiz irabazi dituzue partida asko...

Bai, hala da. Emaitza batzuk ez genituen espero. Bigarren zatietan martxa hobean ibiltzen gara.

Konfiantzaz zaudete?

Bai, baina hankak lurrean izan behar ditugu. Ligaxka bukatzeko bost partida falta zaizkigu, eta finalak dira bostak. Partidaz partida joan behar dugu. Oxala finalera iritsi eta irabaziko bagenu.

«Kostatu egiten zaigu piztea eta gure jokoa lehen minututik ezartzea. Hori landu behar dugu»

Zertan hobetu behar duzue?

Uste dut nahiko lo sartzen garela partidetara. Kostatu egiten zaigu piztea eta gure jokoa lehen minututik ezartzea. Hori landu behar dugu.

Zein da denboraldiko zuen helburua?

Hasteko, finalerdietara iristea eta horiek Faduran jokatzea, etxean. Eta, gero, finala jokatzea eta, ahal bada, irabaztea.

Bigarren postuan egonkortu zarete, baina nagusitasunez ari da El Salvador. Hala ere, haiei aurre egiteko kapaz zaretela uste duzu?

Bai. Oso talde ona da; jokalari ikusgarriak ditu. Faduran haien aurka jokatu genuenean, erakutsi genuen lehiakorrak izan gintezkeela. Ahal dugu, eta egingo dugu, lehiatuko gara.

Bigarren denboraldia jarraian du Getxok Espainiako Ohorezko Mailan. Aurrekoan larriago ibili zen taldea; oraingoan, berriz, bestelakoa da egoera. Kategoria ezagutzeak balio izan dio?

Uste dut baietz. Ni ez nintzen egon joan den denboraldian, baina ligarekin izandako lehen hartu-emana gogorra izan zen. Entrenatzailea ere aldatu da. Orain, esperientzia pixka bat izanda eta entrenatzaile berriarekin, hobeto ari gara.

Gainera, formatuz aldatu da liga. Zer iritzi duzu?

Askoz hobeto da horrela: denoi datorkigu hobeto. Joan den sasoiko formatua selekzioengatik izan zen, eta selekzioetan ari ez diren jokalarientzat ez da batere motibagarria, etenaldi luzeak daudelako, hilabete batekoak. Uste dut hori ez dela onuragarria.

«Lagunekin ari naiz jokatzen, eta errazagoa da niretzat; solteago nago, eta lasaiago. Hobetzen ari naiz»

Denboraldi honetan bueltatu zara Getxora. Gustura zaude?

Oso-oso gustura nago.

Nola hartu zenuen bueltatzeko erabakia?

Beti esan izan dut etxea etxea dela. Baina, hamar urte beranduago bueltatuz gero agian zure lagunak ez daude bertan. Nik nire betiko lagunekin jokatu nahi dut. Erraza izan zen erabakia hartzea. Printzipioz urtebeterako joan nintzen. Getxo mailaz jaitsiz gero ez nekien itzuliko nintzen ala ez. Baina espero bezala, ez zen hala izan, eta hemen nago. Gainera, taldea indartu egin da.

Ondo sumatzen duzu zeure burua?

Bai. Lagunekin ari naiz jokatzen, eta errazagoa da niretzat; solteago nago, eta lasaiago. Joan den denboraldian, fitxaketa nintzenez, banuen presio pixka bat, eta batzuetan txarrerako zen hori. Orain lasai nago, eta hobetzen ari naiz.

Iaz bigarren entrenatzaile aritu zen Fernando Gauthier, eta aurten lehen entrenatzaile ari da. Aurrez ezagutzen zenuen? Gustura zaudete haren lanarekin?

Mutilen taldeko jokalaria izandakoa da, eta ezagutzen genuen. Oso ondo ari gara harekin. Lasaia da, partida batzuetan urduritzen den arren [barrez]. Oso gustura gaude.

Munduko Txapelketa ere jokatu zenuen udan. Nola joan zen? Nolako esperientzia izan zen?

Uste dut momentuan ez zarela kontziente izaten. Emozio asko izan nituen hiru astean; disfrutatu nuen. All Blacks-en aurka jokatzeko zortea izan nuen; munduko onenetakoak dira. Horrekin geratzen naiz.

Epe laburrera eta luzera, baduzu helburu pertsonalik?

Getxorekin liga irabazi nahi nuke; oxala sasoi honetan balitz. Eta, horrez gain, Getxo punta-puntako taldea izatea gustatuko litzaidake, goian egonkortzea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.