Sevillako kaleak elastiko txuri-urdinez betetzen hasi dira zaleek gosaldu ondotik. Realzale asko, aurreko egunetan Sevillara bidaia egindakoak, indarrak hartzera atera dira Andaluziako hiriburuko erdiguneko terrazetara, eta gutxinaka iristen hasi dira Euskal Herritik etorritako autobusetako zaleak. Atletico Madrileko zaleekin alderatuta, askoz gehiago ziren txuri-urdinak, Espainiako polizia batek zale madrildar batzuei Trianako zubian ohartarazi dien moduan: «Inguru hartan, %95 Realaren zaleak dira». Orduak pasatu ahala, kaleak bor-borka hasi dira, zaleen oihuengatik eta beroagatik. Oihane Iraola Tolosatik (Gipuzkoa) joan zen atzo Sevillara, beste bost lagunekin batera: «Goizaldean atera ginen, eta arratsaldean iritsi ginen; Sevilla bisitatzen izan ginen». Eguerdian, realzaleen gunera joateko asmoa dute.
Ikusi gehiago
Realzale ia guztiek bezala, Iraolak ere uste du taldeak Kopa irabaziko duela: «Bi eta hiru, Realaren alde. Oskarssonek gol bat sartuko du nahitaez; beste bat Oiartzabalek, eta hirugarrena Guedesek. Sevillaraino ere joana da Juanjo Cano Elegante realzalea, Donostiako Parte Zaharreko Etxeberria taberna historikoaren jabea. Zaleen aurrean Realak jokatu zuen azkeneko Kopako finalean egon zen, 1988an, Madrilen. Orduko hartan Bartzelonaren kontra galdu zuen finala Donostiako taldeak. «Hernaniko nire lagun Alejandro Iraolarekin joan nintzen. Polita izan zen, baina pena izan zen, ez genuelako merezi galtzea. Gaur Kopa eramango dugu; baikorrak izan behar dugu. Final batean edozer gauza gerta daiteke; aukerak paretsu daude», azaldu du. Haren ustez, Oiartzabalen eta Guedesen gol banarekin, Realak irabaziko du.

Borja eta Ane Donostiatik etorri dira: «Atzo gauean iritsi ginen, eta gaur Sevillatik ibiliko gara, eta gero partidara joango gara», azaldu du Anek. Borjak uste du 1-2 irabaziko duela Realak, Mikel Oiartzabalen bi goli esker. Emili eta Mari Carmen Hernanitik etorri dira; asteburuko planari buruz galdetutakoan, esan du «ausartagoak» izan direla, asteazkenean egin baitzuten bidaia. «Hiria bisitatzen ari gara, oso polita delako», dio Emilik. Biek uste dute Realak bi golen aldeaz irabaziko duela.
«Andaluziarrik ez da ikusten»
Sevillako Giralda realzalez betetzen ari zela, agerraldi instituzionala egin dute zenbait politikarik eta Realeko ordezkarik. Eider Mendoza zen tartean, Gipuzkoako ahaldun nagusia, eta horrenbeste realzale ikusteak poza eman dio: «Familiek eta lagun kuadrillek, jende askok ahalegin ikaragarria egin du gaur hemen egoteko». Realaren zenbat zale zeuden ikusita, iruditu zaio «Hondarribiko marinan edo Ordiziako azokan» zegoela: «Jendez beteta dago; andaluziarrik ez da ikusten ia kalean».
Jokin Aperribaik, Realeko presidenteak, onartu du «hunkituta» dagoela, baina baita «lasai» ere. Taldearengan konfiantza duela esanez, partida irabaziko dutela uste du: «Jokalariek eta entrenatzaileak segurtasun handia dutela erakutsi digute. [Atletico Madril] Talde izugarria da, Txapeldunen Ligako finalerdietan daude, baina guk gure aukerak aprobetxatu behar ditugu.

Jon Insaustik, Donostiako alkateak, Aitor Zabaleta izan du gogoan, Aperribaik bezala: «Gaurko garaipena ez da soilik sartuko ditugun golena, gaurko garaipena zaleena ere bada. Aste osoan esan dugu, eta gaur ere esan beharra dugu: ohore egin behar diogu Aitor Zabaletari, haren familiari eta haren ingurukoei. Berak ondo sinbolizatzen duelako garaipenak golak baino gehiago direla». Aperribaik azaldu du Atletico Madrilen zaleekin «bizikidetzan» egon ahal izatea nahi duela, betiere Aitor Zabaleta «presente» izanda.
Ordezkariekin batera, Realeko zenbait jokalari ohi izan dira Giraldan. Xabi Prieto orain Realeko ordezkari instituzionala da, eta giroa «oso berezia» dela iruditu zaio. Jokalariak «ondo» ikusten ditu, eta taldean sinesten du, nahiz eta uste duen Atletico Madril «sendo» iritsi dela. Uste du Oiartzabalen gol batekin eta Ander Barrenetxearen beste batekin irabaziko dutela, 1-2.
Juanan Larrañaga 1987an Kopa altxatu zutenetako bat izan zen. Oroitu du egun hartan, Zaragozan (Espainia), bero handia egin zuela, gaur bezala, eta horregatik uste du gaur ere garaile izango dela Reala: «Gaurko beroarekin, Zaragozan gertatu zen bezala, penaltietan irabaziko dugula uste dut». Jesus Maria Zamora eta Alberto Gorriz Bixio ere Kopa irabazitakoak dira Realarekin; Zamora ez da ausartu emaitza bat esatera, eta Gorrizek garbi du irabaziko dutela; golegileei buruz, uste du Oiartzabal «erreferente» bat dela, baina gaurkoa hegaleko jokalarien partida izango dela: «Gaur agian Barrenek edo Guedesek sartuko dute; oso hegaleko onak ditugu».

Realzaleak Sevillako kaleetan. AINARA RODIL
Zaleen gunea hustu dute
June Zubiarrain, Lazkaoko (Gipuzkoa) realzalea, atzo arratsaldean iritsi zen Sevillara: «Gustura asko gaude zaleen gunean. Final batera etorri garen lehen aldia da, eta urduri gaude, baina oso pozik. Oso ondo ari gara pasatzen, kristoren giroa dago eta».
Realaren zaleen gunea 11:00etan ireki badute ere, realzale gehienak eguerdia pasata hasi dira erdigunetik harako bidea egiten. 16:30 aldera, jendez lepo zegoen jada, oraindik geratzen ziren kontzertuak entzuteko, baina, handik gutxira, azken kontzertua bertan behera uztea eta kalejira aurreratzea erabaki du Espainiako Poliziak, «segurtasun arazoak» argudiatuta.