Espainiako Kopako finala

Tren bat txuri-urdinez jantzita

Realzale askok Sevillara trenez joatea erabaki dute, Zaragozatik abiatuta. Trena martxan jarri bezain pronto hasi dira hamaiketakoarekin, eta baikortasuna da nagusi finalaren aurretik.

Realzaleak Sevillarako bidean. IÑAUT MATAUKO RADA / BERRIA
Ametzueta taldeko realzaleak, Sevillara bidean. IÑAUT MATAUKO RADA / BERRIA
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 17a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Realeko bufanda bat kanpoan dantzan duela, auto bat Iruñetik Zaragozarako autobidean doa 07:30ean. Tren zerbitzu zuzena dago-eta Zaragozatik Sevillara (Espainia), eta garraio mota hori aukeratu dute realzale askok biharko finala ikusteko. Geltokiko nasan nabari da trena hartuko duten gehienak realzaleak direla. Martxan jarri eta segituan entzun da nola irekitzen dituzten garagardo latak: hasi da festa. Gehienek ez dute inoiz Reala Espainiako Kopako final bat jokatzen ikusi estadioan —2021ean harmailak hutsik zirela irabazi zuten titulua txuri-urdinek—, duela 38 urte izan baitzen azkena. Santiago Bernabeun jokatu zen hura, Madrilen, eta Bartzelonak irabazi zuen. Oraingoan, baina, Kopa irabazita itzuli nahi dute XXI. mendeko realzaleek. Jon Arriaga donostiarra da haietako bat.

Beste hiru lagunekin batera doa finala ikustera Arriaga, Asier Zapirain, Paul Ibarreta eta Paul Zubillagarekin. Denborarik galdu gabe, treneko tabernan elkartu dira, beste realzale kuadrilla batzuekin batera, eguna berotzen hasteko. Hasieran gutxi bazeuden ere, goizak aurrera egin hala lagun talde asko elkartu zaizkie, taberna bagoia bete arte. Arriagak eta haren lagunek finalerdietan erabaki zuten Sevillara joatea, joaneko partidan San Mamesen Athletici irabazi ostean, eta ostatu bila hasi ziren, «badaezpada». «Irrikaz» daude Reala final batean estadioan bertan ikusteko, eta Arriagak azaldu du 2021eko arantza aterako dutela, orduan Realak Kopa irabazi bazuen ere ezin izan baitziren estadioan egon, COVID-19aren pandemia dela eta.

(ID_17764181926945) Realzaleak Sevillarako bidean. Iñaut Gonzalez de Matauko / BERRI
Realzale donostiar talde bat, treneko tabernan. IÑAUT MATAUKO RADA / ERRIA

Arriagak aitortu du berak bereziki barruan duela arantza hori, orduan Kanaria Uharteetan (Espainia) bizi baitzen, eta ezin izan baitzuen finala lagunekin batera ikusi. Taldea ondo ikusten du azken hilabeteetan, «zaleei eman ezin izan zien saria» emateko gogoz; Realak 0-2 irabaziko duela uste du, «aise».

1988tik 2026ra

Imanol Galdos beste belaunaldi bateko zalea da. Oñatiarra da izatez (Gipuzkoa), baina Donostiatik egiten ari da Sevillarako bidaia. Kuadrillakoak beste bagoi batean ditu, baina ondoan Aretxabaletako (Gipuzkoa) Ametzueta taldeko lehendakaria eta diruzaina ditu, eta realzaletasunak elkartu ditu. 1987an irabazi zuen Kopa Realak, Zaragozan; urte hartan ezin izan zen bertan egon Galdos, baina bai 1988ko finalean. Realaren beste partida garrantzitsuetan bertan izan dela azaldu du, 2003an Vigon (Galizia) esaterako. Biharko finala berezia izango dela uste du, batez ere jende asko egongo delako halako esperientzia bat lehenengoz biziko duena; haren semea, kasurako. Berak ere «arantza» gisa definitu du 2021eko finala, gazteenentzat batez ere.

Galdosek ere uste du Realak 0-2 irabaziko duela, «ondo» ikusten baitu taldea, batez ere zelai erditik aurrera. «Golak sartzeko baliabide asko» dituela uste du, baina onartu du «atzean zaindu beharra» duela.

Galdosek aurrez ezagutzen ez zituen baina bidaide izan dituen aretxabaletarrek urtarrilean hartu zuten hotela. 1980ko hamarkadaren amaierako finaletara ez ziren joan, oraindik 14 urte inguru zituzten eta: «52 urterekin, gure lehenengo finala da, garbi dago; bertatik bertara ikusiko duguna behintzat». Bat etorri dira Galdosekin, zelai erditik aurrera taldea oso ondo ikusten baitute. Batak garbi du emaitza: 1-2, baina laguna ez da horren baikorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA