Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Euskal Pilota Federazioa gurpil aulkiko palisten bila ari dira

Entrenamenduak egingo dituzte, eta baldintza bakarra ezarri dute: 18 urtetik gora izatea, eta gurpil aulkia eskuekin mugitzeko gai izatea. Abenduaren 31 arte dago izena emateko epea.

Pilota egokituko partida bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
Pilota egokituko partida bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
2025eko abenduaren 27a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa gurpil aulkian larruzko pilotan aritzeko jende bila ari dira. «Deialdi erabat inklusiboa da». Hala azaldu du Mikel Merinok, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko teknikariak. 18 urte dituen eta gurpil aulkia eskuekin mugitzeko gai den edonork parte har dezake, elbarria izan ala ez. Entrenamenduak Donostian egingo dituzte, oraindik zein pilotalekutan eta noiz egingo dituzten zehaztuta ez badago ere. Espero dute entrenamendu horiek balio izatea, besteak beste, datorren urtean jokatuko den Munduko Txapelketari begira pilotariak aurkitzeko.«Amu bat» izatea nahi dute. Probatu nahi duenari hilabetez aritzeko aukera emango diote, eta, behin epea amaituta, jarraitzeko abagunea edukiko du hala nahi duenak. Egitasmo honetan interesa duen orok, 943-47 14 63 telefonora deitu dezake, edo komunikazioa.pilota@kirolak.net helbidera idatz dezake. Epea abenduaren 31n amaituko da.

Merinok ondorengoa azaldu du: «Egun daukagun pilotari kopurua handitzeko asmoz egin dugu deialdia. Gaur egun Gipuzkoan zortzi pilotari ari dira pilota egokituan jokatzen». Gipuzkoan Kirol Egokituen Federazioa 2002an sortu zen, baina pilotako lehen txapelketa 2011-2012 denboraldian antolatu zuten. Urte hartan larruzko pilotako Gipuzkoako lehen txapelketa antolatu zuten gurpil aulkian. Horri lotuta, eta lehiatzeko gogoz, 2000ko hamarkadan hainbat talde sortu ziren pilota inklusiboaren inguruan. Besteak beste, Errenterian, Zarautzen, Zumaian, Ataunen eta Donostian sortu zituzten. Bizkaian bi klub daude: Zartada eta Bidebieta Pilota Klubak. Araban, bertako pilota federazioak ligaxka bat antolatzen du.

Pilota egokituaren hastapenetan bi modalitatetan aritzen ziren, biak palarekin: larruzko pilotarekin jokatzekoa —gurpil aulkian dabiltzanentzat—, eta teniseko pilotarekin jokatzekoa —adimen urritasunen bat dutenentzat—. «Bigarren modalitate horretan emakume dezentek hartu izan dute parte; larruzko pilotan, berriz, bakarra dago». Sortu zen garaian izandako zailtasunez ere mintzatu da Merino: «Gipuzkoan sortu zen modalitate hau, eta hasieran ez zen erraza izan materiala lortzea, batez ere gurpil aulkiak». Etorkizunari begira baikor daude, eta, bestak beste, orain arteko lanari segida eman nahi diote: «Gaur egun jokatzen diren txapelketak mantentzea da gure helburua, eta pilotari gehiago izatea. Hori lortuz gero, euren arteko lehia handitu egingo litzateke, eta hori beti da ona». Bi modalitateek lekua izatea ere nahi dute: «Teniseko pilotarekin paletan aritzen diren adimen urritasuna duten pilotariek maila horretan ere txapelketak edukitzea izango litzateke hurrengo pausoa». 

«Teniseko pilotarekin paletan jokatzen duten adimen urritasuna duten pilotariek maila horretan ere txapelketak edukitzea izango litzateke hurrengo pausoa»

Mikel Merino GKEFko teknikaria
Nazioen Ligan lehenengoz

Pilota egokituko euskal selekzioa lehen aldiz lehiatu da aurten ofizialki. Bilbon izan zen, udazkenean, Nazioen Ligan. Beste modalitateetan bezala, pilota egokituan euskal selekzioko pilotariak bikain aritu ziren: txapeldunorde izan ziren. Ondorengo pilotariek hartu zuten parte: Kemen klubeko Beñat Lizasok, German Elkorok eta Aitor Senperenak, eta Zartada klubeko Sergio Rodriguezek. Frantziako selekzioa izan zen txapeldun, eta Argentinako eta Portugalgo selekzioek ere hartu zuten parte.

Horrek Gipuzkoako Federazioari zer ekarri dion azaldu du Merinok: «Lorpen historikoa da. Sekula ez genuen pentsatuko euskal selekzioak ofizialki horrelako txapelketa batean parte hartu ahal izango zuenik». Nazioen Ligan ez ezik, datorren urtean Argentinan jokatuko dute Euskal Pilotako Munduko Txapelketa, eta pilota egokituko selekzioa Bilbon egindako lana berdintzen eta hobetzen ahaleginduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.