Onenetan onenek jokatzen dute zesta-puntako Jai Alai ligako finala. Galbahe estuak igaro behar dira horra iristeko: lehenbizi, ondo aritu beharra dago denboraldian zehar, ahalik eta puntu gehien lortu eta lau aurrelari edo atzelari onenen artean sailkatzeko; eta, gero, Lauko Finaleko finalerdia irabazi beharra dago. Hori guztia egin dute Elaia Gogenolak (Berriatua, Bizkaia, 2007) eta Thibault Basquek (Bidarte, Lapurdi, 1996). Bikain aritu dira, haiek biek bukatu baitute Jai Alai ligaren sailkapenaren gorenean.Â
Baina Gogenolak eta Basquek gehiago nahi dute: ligako txapela irabazita biribildu nahi dute denboraldia. Bihar jokatuko dute finala, Donostian, Carmelo Balda frontoian, 19:00etan hasita —ETB1 Onek 21:45ean emango ditu bi finalak—. Gogenolak Arai Lejardi izango du atzelari. Ihart Arakistainen eta Maia Goikoetxearen aurka ariko dira. Basque, berriz, Xabi Barandikaren bizkartzain ariko da, Aritz Erkiagaren eta Gorka Sorozabalen kontra. Gogenolak txapela irabazi zuen iaz, Maiarekin. Basquek, berriz, lehen txapela nahi du.
«Pozik» dago Gogenola, liga lehen postuan bukatu baitu. «Oso gustura aritu naiz, eta nahiko erregular jokatu dut: bost final jokatu ditut, eta horietatik hirutan irabazi dut txapela. Emaitza onak dira, kontuan hartuta txapelketa guztiak oso gogorrak direla, denok bete-betean aritzen garela eta gero eta gaitzagoa dela irabaztea. Lasaiago jokatu dut. Orain, denboraldiari errematea eman nahi diot, eta liga irabazi».
«Oso gustura aritu naiz, eta nahiko erregular jokatu dut: bost final jokatu ditut, eta horietatik hirutan irabazi dut txapela»
ELAIA GOGENOLA Puntista
Zumaian, Mutrikun (Gipuzkoa) eta Markina-Xemeinen (Bizkaia) nagusitu da. Hiru atzelarirekin jantzi du txapela. «Horrek esan nahi du ondo moldatzen naizela bikotekidearekin», esan du. Mutrikukoaz du oroitzapenik onena. «Alizerekin [Arriaga] jokatu nuen; lagun handia dut, eta hark bere lehen txapela irabazi zuen». Aldiz, arantza bat geratu zaio sartua: Bilboko Iron Cupeko finala galdu izana. «Txapelketarik gustukoena dut Bilbokoa, eta aurreko bi urteetan irabazi egin nuen. Aurten, Eneritzekin [Lizardi] aritu naiz, eta finalerako bidean oso ondo jokatu eta arren, 5-4 galdu genuen finaleko azken setean».
Arairekin ariko da bihar. «Ondo moldatzen gara elkarrekin. Markinan elkarrekin irabazi genuen, eta gauza bera egin dezakegu Donostian. Bikote sendoa gara: Araik atzean eusteaz gain, eskuinez aukerak sorrarazten dizkit, eta nik horiek aprobetxatzen ditut». Argi dute «ondo» aritu beharko dutela irabazteko. «Ahalegindu behar gara Iharti pilota kentzen eta Maia atzeko zuloan sartzen».
«Oso pozik» dago, Berriatuko zesta-punta eskolako hiru puntista ariko baitira finalean: Ihart, Maia eta hirurak. «Gertatzen dena gertatzen dela, Berriatuko eskolara joango da txapela».
Arantza atera nahi du
Gogenola bezala, Basque ere «pozik» dago Jai Alai ligako finala jokatuko duelako. Baina berehala aipatu du «arantza» duela sartua txapelketa horrekin. «Laugarrenez ari naiz Lauko Finalean, eta aurreko hiru aldietatik bitan galdu nuen finala. Ea hirugarren ahalegina balekoa den. Txapel hau falta zait irabazteko».
«Oso pozik eta harro» dago liga sailkapenaren buruan bukatu izanagatik. «Meritu handia du horrek, sekulako maila baitago, eta denok aritzen baikara bete-betean». Hiru txapel irabazi ditu: Winter Series txapelketakoa, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Nazioartekoarena eta Miarritzeko (Lapurdi) Urrezko Xisterarena. «Nire ustez, torneo garrantzitsuenak dira horiek, eta horiek irabazi izanari esker bukatu dut lidergoan. Orain, Jai Alai liga irabazi nahi dut, eta gero Munduko Txapelketa. Oso ondo ikusten dut neure burua, lehen baino indartsuago. Nire ustez, azken txanpan ariko naiz ondoen».
«Oso ondo ikusten dut neure burua, lehen baino indartsuago. Nire ustez, azken txanpan ariko naiz ondoen»
THIBAULT BASQUEÂ Puntista
Barandikarekin ari da Lauko Finalean. «Oso ondo» moldatzen da harekin. «Winters Seriesen finalerako sailkatu ginen, baina Xabi lesionatu egin zen, eta ez zuen finala jokatu. Donibane Lohizunen, berriz, elkarrekin irabazi genuen. Oso pozik nago harekin jokatzeagatik: oso ona da kantxan eta kantxatik kanpo. Jokoaren ikuspuntu bera dugu: tantoak lantzea gustatzen zaigu, eta garrantzi handia ematen diogu sasoi betean egoteari eta adi-adi aritzeari. Oso indartsuak gara, eta huts gutxi egiten ditugu. Aritz eta Gorka aurkari arriskutsuak dira, baina guk abantaila bat dugu: oso ondo ezagutzen dugu elkar».Â