Leire Antia. Zumaiako arraunlaria

«Gogo eta ilusio berezia genuen Euskadiko txapelketa irabazteko»

Zumaiarentzat egun berezia izan zen asteazkenekoa, lehen aldiz irabazi zuelako emakumezkoen traineruak Euskadiko Txapelketa. Aurreko urteetako ezina poz bihurtzea lortu dute azkenean.

Aitor Manterola Garate.
Zumaia
2013ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zumaiako Arraun Elkarteko beheko atea ireki orduko, parez pare dago bandera bat, Zumaia Salegi jatetxea traineruaren aurrean. Euskadiko txapelketa da, asteazkenean irabazi berria emakumezkoek, Lekeition. Aurreneko aldiz. 2008tik irabazi nahi eta ezin; orduan, Getariarekin bat eginda, eta eremua gaizki jarrita egoteagatik, ezin irabazi. Harrezkero, makina bat ahalegin, eta denetan, kale. Urte horietan guztietan,arraunlari izan da Leire Antia (Oikia, Zumaia, 1989), eta, azkenean, atera du arantza.

Bandera asko irabazi dituzue aurten, eta orain arteko bereziena Euskadiko txapelketakoa izan da?

Ez dakit bereziena izan den, baina apur bat berezia, bai. Aurreko urteetan, ezin izan genuen irabazi, beti zerbait gertatzen zitzaigulako. Hasierako urteetan, esaterako, arazoak izan genituen lehen urteko gazteak ezin direlako txapelketan atera. Aurten ekarri dugu bandera, eta oso pozik. Gogo handia genuen irabazteko, ilusio berezia.

Helburutzat zenuten jarrita Euskadiko txapelketa?

Bai. Topera atera ginen. Igandean Zumaian bertan irabazi izanak konfiantza eta motibazio handia eman zigun, eta, asteazkenean, estropada txikitzera atera ginen. Ahalik eta azkarrena nahi genituen atzean utzi aurkariak, parean joanez gero arrisku handiagoa izaten delako ez irabazteko.

Traineru indartsuena zaretela erakusten ari zarete, baina joan zen larunbatean, San Juanek irabazi zizuen Getxon. Zer eman dio emaitza horrek taldeari?

Beste traineruak ere hor daude, eta halako zerbait gertatzea espero genuen. Gu ere ibili izan gara aurreko urteetan goikoek noiz huts egingo zain, eta badakigu helduko zitzaigula noizbait bandera bat ez irabaztearena.

Igandean, etxean bertan sekulako estropada egin zenuten eta herenegun ere bai. Onerako izan da larunbateko emaitza?

Bai, eta oso garrantzitsua izan daegoera horri buelta emateko gai izatea. Bestela, buruak lan handia egiten du, eta kalterako izan zitekeen.

Nola eman zenioten buelta Getxoko emaitzari?

Motibatu egin gintuen, eta konfiantza ez galtzea ere oinarrizkoa izan da. Geure artean esan genuen gai ginela buelta emateko, eta halaxe izan da. Baina ezin dut ukatu kezkatu ere egin ginela larunbatekoarekin.

Denboraldia hasi baino askoz lehenago, asko zabaldu zen honako uste hau: Zumaiak dena irabazteko taldea du aurten. Taldean, nola eraman duzue hori?

Guk geuk ere pentsatu genuen, baina ez da ona. Urteekin ikasten da halakoei aurre egiten, kanpotik datorren mezuari entzungor egiten. Orain ere, akaso, zabalduko da berriz hemendik aurrerako dena irabaziko dugula, baina badakigu beste ontziak hor daudela, eta berriz ere irabaz diezaguketela.

Hemendik aurrera zein dira helburuak?

Zarauzko bandera berezia da, baina estropadaz estropada joan nahi dugu. Gauzak ahalik eta ondoena egitea da asmoa, eta gozatzea, ahal den neurrian.

Iraila eta Kontxako Bandera urruti daude oraindik?

Bai, bai. Gainera, hobe da ez pentsatzea horretan, estu hartzen duzulako zeure burua. Astean astekoan ari gara pentsatzen, eta orain gauzak ondo egiten baditugu, etorriko da gerokoa.

Hiru astez egon zara min hartuta, ontzitik kanpo, eta Euskadiko Txapelketan itzuli zinen tostara. Irabazteari zerbait berezia eman zion horrek?

Bai. Traineruan berriz sartzean urduri jarri nintzen. Hainbeste urte igaro eta gero, hala ere urduri! Hasiberria ematen nuen.

Min hartzea beti da txarra, ez dago garai onik, baina estropadak hasita egonda min hartzea are mingarriagoa al da?

Bai, bai. Sekulako amorrua eman zidan ezin estropadak jokatzea. Bi estropada bakarrik egin nituen, eta min hartu. Besteak irabazten ikusten gozatu egin dut, baina ez da gauza bera barruan egotea. Sufrimendu apur bat ere izan da niretzat. Neguan pasatzen bazaizu, denbora daukazu osatzeko, baina orain, ikusten nuen egunak eta asteak azkar zihoazela eta agian ez nintzela garaiz osatuko.

Asteazkenean leku berri batean egin zenuen arraun, espaldan; min hartuta izateak beste aukera hori eman dizu. Dena txarra ez den seinale?

Lehen ere ibilia naiz istriborreko leku guztietan. Egia da azken urteetan hankeko lanetan ibili naizela. Hala ere, eroso joan nintzen, gustura. Barruan joanez gero, gustura! Denak du alderdi ona, eta ni leku berrian jartzeak aukera emango dio entrenatzaileari beste arraunlari batzuei atseden emateko eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.