Gora begiratu nahi dute

Lehen itzulia amaituta, bederatzigarren da Beti Onak: urrun ditu azken hiru postuak, eta gertu titulurako ligaxka jokatzekoak. «Oso pozik» dago Miguel Etxeberria: «Zailtasunak izan arren, lehiakor aritu gara».

OLAIA LUZURIAGA-MIGUEL ETXEBERRIA.
Olaia Luzuriaga eta Miguel Etxeberria, elkar besarkatuta.
Julen Etxeberria.
2023ko azaroaren 17a
05:00
Entzun

Lan erdiak egin ditu Replasa Beti Onak Atarrabiako taldeak (Nafarroa) Espainiako Ohorezko Mailan. Ligako lehen itzulia jokatuta, bederatzigarren postuan dago sailkapenean. 11 partidatan zortzi puntu lortu ditu: lau neurketa irabazi ditu, eta zazpi galdu. Liga orain bukatuko balitz, jaitsiera saihesteko ligaxka jokatuko luke azken hiru sailkatuekin. Egun, urruti ditu hirurak, sei puntura.

Baina Beti Onak-ek gora begiratu nahi du: titulua irabazteko ligaxka jokatu nahi du. Itxaropentsu egoteko arrazoia du; nagusia, ez dituela urrun seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuak: bi puntura ditu Guardes, Granollers eta Ro'Casa [Guardesek eta Granollersek partida bat gutxiago jokatu du], eta bigarren itzuli osoa falta da jokatzeko.

«Oso lan ona egin dugu. Zailtasunak izan ditugu, eta, hala ere, lehiakor aritu gara. Horri esker, irabazi egin ditugu azkeneko postuak saihesteko partida garrantzitsuak, eta sailkapenaren erdialdean daudenekin lehiatzen ari gara. Bide luzea falta da, baina pozik gaude egin dugunarekin», azaldu du Miguel Etxeberria taldeko entrenatzaileak (Iruñea, 1988).

Zailtasunak aipatzen dituenean, lesioez ari da. «Bi lesio larri izan ditugu: Ainhoarena [Garcia] eta Aileenena [Ripa]; azken horrek, gainera, bitan hartu du min. Grasielly, berriz, lesionatu egin zen udan Brasilekin ari zenean. Haiez gain, hainbatek kolperen bat jaso dute, eta ezin izan dute jokatu. Hori gutxi ez, eta zenbait jokalaririk gabe aritu behar izan dugu, euren selekzioarekin ari zirelako. Ia inoiz ez ditugu izan guztiak partida bat jokatzeko. Ez da erraza izan, eta sufritu egin dugu, baina guztiek lagundu dute hutsune horiek gutxiago suma zitezen. Aurrerapausoa eman dute».

Pozik dago, «begiz joa» zituzten neurketak irabazi dituztelako. «Ustez, azpiko postuetan ariko diren taldeen aurkako partidak irabazi behar genituen: Gijonen, Oviedoren eta Eldaren kontrakoak. Hirurak irabazi ditugu. Sumatu egin da bigarren denboraldia dugula jarraian maila nagusian, eta esperientzia gehiago dugula halako partidak jokatzen. Aurreko sasoian, zenbait partidatan, asko sumatu genuen jauzia. Aurten, aldiz, hobeto ari gara».

Erasoan hobetu behar dute

Baina gehiago nahi dute. «Lehiakorrago aritu behar dugu, sailkapenaren erdialdera hurbiltzeko. Gora begiratu behar dugu. Zaila izango da, lehen lau sailkatuak kenduta, sekulako parekotasuna baitago. Izugarri kostatzen da puntu bat lortzea, eta zer esanik ez, irabaztea. Baina saiatuko gara gora egiten. Ez daude urrun, eta oso gogotsu gaude. Helburu oso erakargarria da maila nagusian ari garen bigarren sasoian titulurako ligaxka jokatzea. Ederra litzateke, eta denboraldia biribilduko luke. Baina, horretarako, gure onena eman behar dugu».

Gustatzen zaio taldeak daukan «estiloa». «Oso gogor defenditzen dugu, eta gero eta biziago ari gara». Aldiz, erasoan dute gehien hobetzeko. «Errazago jokatzea falta zaigu. Partida batzuetan ondo aritu gara erasoan, baina konfiantza pixka bat falta zaigu: defentsan lan ona eginda sortzen ditugun aukerei etekina atera behar diegu erasoan. Hori hobetu behar dugu gehien etenaldian».

Etenaldira iritsi aurretik, ordea, azken egiteko bat dute: Espainiako Kopako lehen saioa jokatuko dute bihar, Morvedreren pistan (19:30). Beste euskal talde bat ariko da: Zuazok Zonzamas Lanzaroteren pistan jokatuko du (21:00). Etxeberriaren arabera, «gozatzeko eta ligan baino presio txikiagoarekin aritzeko» eguna da. «Baina aurrera egin nahi dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.