Hutsegiteak garesti ordaintzen dira lehiaketetan, are gehiago partaideak estu-estu badabiltza. Traineru denboraldi honetan, badago mugimendurik goiko postuetan, baina sailkapenaren behealdean dago saltsa, bai emakumezkoetan eta bai gizonezkoetan.
Traineru asko gorabeheratsu dabiltza, tartean Hondarribia eta Isuntza. Gipuzkoarrak hirugarren izan dira estropada batzuetan; beste batzuetan, azkenak. Bizkaitarrak, berriz, seigarren postuaren eta hamabigarrenaren arteko guztietan izan dira, eta bigarren ere egin dute behin, Orioko estropadan. Hala batzuek nola besteek etxean lehiatzeko aukera izango dute asteburuan.
«Xehetasun txikienaren araberakoa izan daiteke laugarren edo zortzigarren geratzea»
MAIDER PEREZ Hondarribia taldeko arraunlaria
Maider Perez Hondarribia taldeko arraunlariak gorabehera horien arrazoiak argitu ditu: «Ligan lehia handia dagoen seinale da, nahiz eta guri txanponaren alde txarra tokatu; xehetasun txikienaren araberakoa izan daiteke laugarren postu edo zortzigarren geratzea». Adibide moduan jarri du Donostiako eta Zierbenako estropaden asteburua. Donostian, bandera irabazi zuen trainerua baino lau segundo beranduago baino ez ziren iritsi hondarribiarrak helmugara; bestalde, gogoratu du Zierbenan oso ondo aritu zirela baina bost traineru lau segundoko tartean sartu zirela eta haiek izan zirela azkenak.
Antzera gertatzen zaie Isuntzakoei, eta hala adierazi du Jurgi Gorostiza arraunlariak: «Aurten multzo bat baino gehiago daude TKE ligan: Orio, Zierbena, Donostiarra, Hondarribia eta Bermeo aurreko multzoan daude; eta gainerakoen artean ez dago hainbesteko ezberdintasunik. Hortaz, posible da estropada oso ona egin eta seigarren postua lortzea, baina baliteke alderantzizkoa gertatzea ere».
«Azken biei begira ari gara, Kaikuri eta Cabori; tarte nahiko handia daukagu, baina borrokan jarraituko dugu»
JURGI GOROSTIZA Isuntzako arraunlaria
Gorostizak kontatu du denboraldia «uste baino hobeto» doala, bai sailkapenari bai sentipenei dagokienez ere. Hasieran, Osertz Aldai entrenatzaileak argi utzi zuen Isuntzaren denboraldiko helburua zera zela, azken postuari izkin egitea. Gorostizak berretsi du helburu hori eskurago daukatela orain dela hiru aste baino. Hori bai, hankak lurrean eduki nahi dituzte: «Azken biei begira ari gara, Kaikuri eta Cabori; uste du tarte nahiko handia daukagula, baina borrokan jarraituko dugu».
Perezek esan du gustura daudela egiten ari diren lanarekin, nahiz eta denboraldia gorabeheratsua izan den orain arte behintzat. Hori bai, amorrua ematen die estropada batean ondo aritu baina emaitza ona ez izateak: «Kolpea hartzen dugu orduan; Miren [Garmendia] patroiak esaten digunean azkenak egin dugula, ez dugu ulertu ohi. Baina ez dugu denbora asko behar izaten egoerari buelta emateko, bai baitakigu ondo lan egin dugula». Erantsi du taldean oso giro ona daukatela, eta horrek laguntzen duela egoera aldakor horri aurre egiten. Oraingo sailkapenari begiratuta, berdeek kanporaketa jokatu beharko lukete: «Halaxe da. Ohartuak gara horretaz, baina oraindik asko dugu borrokatzeko».
Gorostizak azaldu du, onerako eta txarrerako, barne analisi bat egiten dutela estropada bakoitzean, «sailkapena pixkatxo bat ahaztuta». Azken postuetan geratzen direnean, lagungarria zaie bereziki aztertzea zer egin duten ondo, zer gaizki... Castroko estropada jarri du adibide: «Hamaikagarren izan ginen, baina bi luze oso-oso on egin genituen».
Etxean arituko dira
Gaur Hondarribian (Gipuzkoa) eta bihar Lekeition (Bizkaia) arituko dira Euskotren eta Eusko Label ligetako ontziak. Perez eta Gorostiza etxeko uretan arituko dira, beraz. Bi estropada eremuak itsasoan izango dira, lau luzetan banatuta.
Perezek adierazi du estropada eremua ezagutzeak ez duela ezer bermatzen. Halere, berezia izango da haientzat: «Udaran kalean sumatzen ditugun animo horiek uretan entzungo ditugu; etxean jokatzean, izugarrizkoa gertutasuna nabaritzen da: olatu horma bete-beteta, berdez...».
Itsasoaren eta mareen arabera baldintzak aldatu egiten direla kontatu du, eta lehen kalea inork ez duela nahi izaten. Dena den, erantsi du duela bi urte kale horretatik txanda irabaztea lortu zutela, eta txanda irabazteko asmoz aterako direla orain ere, edozein kale tokatzen zaiela ere.
Gorostizak esan du ilusio berezia dutela etxekoa jokatzeko. Gutxik ezagutzen dute eremua haiek bezain ondo: «Bertan entrenatzea eta herriaren bultzada izatea plus bat da; saiatuko gara estropada ona egiten».
Lekeition, laugarren kaleak du ospe txarra, eta lehenengoak ona: «Haizearen eta itsasoaren baldintzen araberakoa izango da kontua; halere, laugarren kaletik ere oso estropada onak egiten dira». Uste du haize handirik ez badago ez dela kaleen arteko diferentzia handirik egongo.
ZARAUTZ eta santurtzi aurretik
Maila gorena baino koska bat beherago ari diren ontziek ere estropadak dituzte asteburuan. ETE ligako eta KAE2ko traineruek Ondarroan (Bizkaia) jokatuko dute estropada, gaur 12:00etan; KAE1ekoak, berriz, Hondarribian (Gipuzkoa) arituko dira bihar 11:00etan.
ETE ligan estu dago liga eskuratzeko lehia: Zarautzek eta San Juanek bi punturen aldea dute soilik. Urdinezkoek bost bandera eskuratu dituzte; arrosek, lau. Kaiku, berriz, hamar puntura dute.
KAE1en Santurtzi da nagusi, oraingoz: 103 puntu ditu poltsikoratuak, eta bigarrenak, Arkotek, zazpi puntu gutxiago ditu. Aurreko igandean Zumaia kanporatu zuten, hirugarren ziabogan Astillero abordatzeagatik. KAE2 ligan, Orioko bigarren taldea da ligaren buru.