Txirrindularitza. Italiako Giroa. Samuel Sanchez. Euskaltel-Euskadiko txirrindularia

«Goraka noa Giro honetan»

Giroa amaitzeko astebete falta dela, Vincenzo Nibalirengandik 8.36 minutura dago Samuel Sanchez, 17. postuan. «Egun bakarrean» huts egin duela adierazi du, baina galera handia pilatu zuen Altopiano del Montasiora bidean. Etapa garaipena dauka begiz jota.

«Goraka noa Giro honetan».
unai zubeldia
Donostia
2013ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Italiako Giroan Telegraphe behe-behetik goraino igotzeari deitzen zaio atseden eguna. Goizean Egoi Martinezekin batera ordu eta laurden inguruko igoera egin ondoren, masajea hartu berritan hitz egin du Samuel Sanchezek (Oviedo, Espainia, 1978) BERRIArekin. Behetik gora doala sinetsita, etapa bat irabazteko itxaropenari eusten dio, oraindik, Euskaltel-Euskadiko espainiarrak.

Etapen berotasunetik aterata, zein da lehen bi asteotako balorazioa?

Ez gaude egon nahi genuen lekuan, baina horrela da txirrindularitza; batzuetan gauzak ez dira ateratzen norberak nahi duen bezala. Mendatean amaitu diren hiru etapetatik bakarrean huts egin dudala uste dut, baina denbora asko galdu nuen egun horretan. Gainerakoetan, onenen ondoan ibili naiz; Bardonecchian laugarren helmugaratu nintzen, Galibierren erasoa jo nuen azken zatian... Sei etapa geratzen dira oraindik, eta helburuak betetzeko borrokan jarraituko dugu.

Zer gertatu zen Altopiano del Montasiora bidean?

Egun txar bat izan zen. Cason di Lanzan atzean geratu nintzen azken bi kilometroetan, eta, azken igoeran, helmugara iristeko hamar bat kilometro falta zirenean, lehertu egin nintzen berriz; berehala ikusi nuen ez nintzela gai onenen erritmoari eusteko. Dena den, Bardonecchiako etapan jada askoz sentipen hobeak izan nituen, eta ez zitzaidan hainbeste kostatu onenen erritmoari eustea; eta atzo ere [herenegun] ondo ibili nintzen. Erasoa jo genuen, baina haizeak gogor jotzen zuen igoeran, eta ezinezkoa izan zen.

Taldekako erlojupekoan zorte txarra, bakarkako erlojupekoan ere galera handia... Lehiaketa egun gutxiegirekin iritsi zinen, agian, Girora?

Taldekakoan ia-ia lurrera joan nintzen aurrekoaren gurpila ukituta; jaitsiera batean eduki genuen gero arazoa, oso bizkor joan gintezkeen zatian, eta denbora asko galdu genuen; bihurgune batean ere zuzen-zuzen joan nintzen gero bakarkako erlojupekoan... Baina ezin da denbora galdu gertatu denari bueltaka. Prestaketa ona egin dugu, nahiz eta ez gauden nahi genuen lekuan.

Etapa garaipena buruan, Egoi Martinez aurrera bidali ondoren harekin bat egitea zen Galibierko taktika?

Bai. Baina ez genuen oso ondo ulertu gainerako taldeen estrategia. Gesinkekin joan zen aurrera Egoi, eta Henao eta Kiserlovski iritsi ziren gero atzetik. Baina bietako inork ez zion erreleborik eman Gesinki. Egin behar zuena egin zuen Egoik Gesinken gurpilari pega-pega eginda jarrita. Baina gogor jotzen zuen haizeak, eta Gesinkek bakarrik ezin izan zuen ezer egin; antzeko zerbait gertatu zitzaidan gero niri. Horregatik, balio handia eman behar zaio Viscontiren garaipenari.

Astebete geratzen zaio Giroari, eta hiru etapa gogor-gogor daude tartean. Zer egin daiteke, eta non?

Etapa garaipena daukagu buruan. Lortuko genituzkeen puntuei begira, polita litzateke lehen hamarren artean sartzea ere; zaila izango da, baina, geratzen denarekin, aldeak, oraindik, ez dira handi-handiak ere, minutu asko gal daitezkeelako mendiko etapetan. Bardonecchian, adibidez, minututik gora galdu zuten batzuek bi kilometro eskasean. Goraka noa, gainera, Giro honetan.

Giroa hasi aurretik faboritoen artean zeundeten Wiggins, Hesjedal eta zu zeu; etxean daude lehen biak, eta podiumetik urrun zu. Arraro samarrak izan dira lehen bi asteak.

Hitz batekin azalduko dizut dena: txirrindularitza. Kirol hau ez zen hain ederra izango horrelako txakalaldirik eta ezustekorik gabe. Txapeldun guztiek izan dituzte lorpen handiak eta txakalaldiak; guzti-guztiek.

Nibali, Evans, Uran, Santambrogio, Scarponi... Zer moduz ikusi dituzu gainerako faboritoak?

Nibali oso indartsu dago. Mendateetan oso sendo dabil, eta kronoigoera geratzen den arren, bera da faboritoa. Taldekide guztiak beharko ditu mendiko azken bi etapetan lan egiteko, baina ez dut uste arazorik edukiko duenik.

Hurrengo bi etapak egokiak dira ihesaldietarako; bide horretan saiatzea izan daiteke beste aukera bat?

Ez, ez. Nire gisako txirrindulariei ez diete baimenik emango hurrengo bi etapetan. Azken bi etapetan argi ikusi ahal izan da hori. Sailkapenean urruti egon arren, mugitu naizenetan erreakzioa izan da tropelean; jendea deseroso sentitzen da ni aurrean nabilela ikusita. Beste txirrindulari batzuentzat dira egokiak hurrengo bi etapak, liderraren taldeak alde handia hartzen utziko dielako.

Porrota litzateke Giro honetan etapa garaipenik ez lortzea?

Tira... Etxera helburuak bete gabe itzultzea litzateke etaparik ez irabaztea. Sakrifizio handiarekin, ondo prestatu dugu lasterketa, saiatzen ari gara, eta horrelakoetan ezin da ezer leporatu. Pertsonak gara, ez makinak, eta batzuetan gauzak ez dira ateratzen nahi duzun moduan. Baina mundua ez da amaitzen hemen.

Bresciako podiuma?

Nibali, Evans eta Uran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.