ZESTA-PUNTA

Goreneraino lagundu nahi dio

Unai Lekerikak helburu argia du Winter Seriesen: haren bikotekideak, Iñaki Osa Goikoetxeak, txapela irabazita hartzea erretiroa. Bidean daude: finalerdietan dira, ligaxkako hiru partidak irabazita.

UNAI LEKERIKA-IÑAKI GOIKOETXEA.
Unai Lekerika eta Iñaki Osa Goikoetxea, aurtengo Winter Series txapelketan jokatutako partida batean. ERAMAN JAI ALAI
Julen Etxeberria.
2023ko abenduaren 16a
05:05
Entzun

Winter Series zesta-puntako txapelketa Iñaki Osa Goikoetxearekin jokatuko zuela jakin zuenean, Unai Lekerikak (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1992) bi gauza sentitu zituen. Batetik, «izugarrizko poza». «Iñaki izugarri ondo aritu da 27 urtez, eta munduko onena izan da denbora luzez. Winter Seriesen aritu eta gero, erretiroa hartuko du, eta, niretzat, sekulako ohorea da azken aldi honetan harekin jokatzea».

Baina Goikoetxearen agurreko txapelketan harekin jokatzeak «ardura» ere eragin zion. «Imajinatu: ezin okerrago aritu, eta ez dugu ligaxka pasatzen. Sekulako desilusioa hartuko nuke. Zorionez, oso ondo ari gara. Iñakik merezi duen bezala amaitzea nahi dut: gorenean, eta ahal bada, txapela buruan duela. Gogor borrokatu beharko dugu, baina ni bete-betean saiatuko naiz amaiera ederrena izan dezan».

«Ondo aritzen bagara, urrun irits gaitezke», esan zioten elkarri bikote izango zirela jakin zutenean. Ustea betetzen ari dira. Ligaxkako hiru partidak jokatu dituzte, eta ezin hobeto aritu dira: hirurak irabazi dituzte, eta ez dute set bakar bat ere galdu. Horri esker, finalerdietarako sailkatu dira, A multzoko lehen postuan.

«Iñakik eta biok oso harreman ona dugu; aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta elkarrekin askotan aritutakoak gara. Oso ondo moldatzen gara kantxan: berak badaki nola jokatzen dudan nik, eta nik badakit berak nola jokatzen duen. Hori igarri egiten da. Orain arte, oso ondo ari gara», azaldu du atzelari gernikarrak. 

Gozatzen ari da

«Gozamena» da Goikoetxearekin aritzea, Lekerikak dioenez. «Egundoko lasaitasuna ematen dizu: kantxa asko betetzen du, pilota asko sartzen ditu, eta indar handia du». Hark zehazten du nola jokatu behar duten. «Partida jokatu baino arinago elkarrekin egiten dugu berba aurkarien inguruan, eta, nolakoak diren kontuan hartuta, estrategia baten alde egiten dugu. Ideiak argi izanda joaten gara kantxara, eta horrek lasaitasun handia ematen du».

Goikoetxea da izarra, baina txapelketa honetan hura baino gehiago ari da distira egiten Lekerika: bikain ari da. «Oso gustura ari naiz, buruz eta sasoiz. Tanto onak egiten ari naiz. Bitxia da, normalean aurrelariak izaten baitira lerroburuetan, baina aurten behin baino gehiagotan ikusi dut nire izena lerroburuetan. Horrek asko pozten nau. Beharra ondo egiten ari naizen seinale da. Ea horrela segitzen dudan».

«Egundoko lasaitasuna ematen dizu [Goikoetxeak]: kantxa asko betetzen du, pilota asko sartzen ditu, eta indar handia du». 

UNAI LEKERIKAPuntista

Sasoi betean dago, batere minik gabe. «Izugarri» eskertu du. «Udan lesioa izan nuen eskumako besoan. Osatu egin nintzen, baina ez erabat; mina nuen. Udako sasoia amaitu zenean, baina, hilabete eta erdiz egon nintzen zesta hartu gabe; gimnasioan aritu nintzen ariketak egiten. Lanak emaitza ona eman zuen, eta urrian, berriro zesta hartu nuenean, ez nuen minik. Denbora daramat gozatzen, eta eskuma erabat osatua dut. Tantoak egiten ari naiz harekin. Batzuetan, irabaztearekin itsutzen gara, baina garrantzitsuena osasuna izatea da».

Prestaketa berezia

Oso antolatuta du egunerokoa. Zestari dago bideratuta. «Astean bitan Gontzal Urionabarrenetxearen gimnasiora joaten naiz. Hemen dago, Gernikan. Aitor Elordi, Aimar Morgaetxebarria, Xabi Barandika eta laurok aritzen gara. Frontoian, berriz, bi egunetan entseatzen dut. Geratzen den beste egunean, mendira joaten naiz, edo squashean jokatzen dut. Mesede egiten dit burua lasaitzeko».

Ikasi ere egiten du: mekanizatuko goi gradu bat du, eta, orain, horretan irakasle izateko prestatzen ari da. Gradu amaierako lana aurkeztea besterik ez zaio falta. «Badakit zesta ez dela betirako, eta amaitzen denean, badaezpada beste irtenbide bat izan behar dut».

Bitartean, zestari helduko dio, are gehiago aparretan dagoela kontuan hartuta. «Jendeak sekulako gogoa du zesta ikusteko. Aurten ikusi da berriro: bikoteen berri eman aurretik jarri zituzten salgai abonuak, eta 1.200 saldu ziren. Astelehenero beteta dago frontoia. Giro ona dago, jendeak ondo pasatzen du. Horrek izugarri ondo sentiarazten nau. Puntistok oso pozik gaude. Gu barruan dugun guztia ematen ari gara ahalik eta ikuskizun onena egon dadin».

Bera eta Goikoetxea nabarmendu dira, baina Lekerikak beste bi bikote aipatu ditu: bata, Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak osatutakoa; bestea, berriz, Johan Sorozabalek eta Imanol Lopezek osatutakoa. «Erkiaga eta Ibarluzea oso ondo aritu dira lehen bi partidetan [biak irabazi dituzte]; oso bikote gogorra da. Johanek eta Lopezek, berriz, bikote osoa egiten dute. Gero eta hobeto ari dira: galdu egin zuten lehen partida, baina bigarrengoan ondo aritu ziren». 

Johanek eta Lopezek astelehenean jokatuko dute, Jokin Arberen eta Mikel Manzisidorren aurka. Adi egongo dira Lekerika eta Goikoetxea, multzo horretako bigarrenen kontra ariko baitira finalerdietan. «Finalerdiak beste gauza bat dira: egun txarra izan, eta pikutara joan daiteke aurretik egindakoa». «Bideaz gozatu nahi dute», baina txapela nahi dute. Lehena lukete biek. Biak izan dira txapeldunorde: Goikoetxea, lehen ekitaldian, Aimar Aldazabalekin; eta Lekerika, azkenekoan, Barandikarekin. «Ea aurten txapela geurea den».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.