Olaia Luzuriaga. Beti Onak-eko jokalaria

«Gozatzen ari gara; horrela ematen dugu gure onena»

Igo berria izan arren, bikain ari da Beti Onak: jokatu dituen bi partidak irabazi ditu. Hala ere, abisua eman du taldeko kapitainak: «Hau oso luzea da; erronka oso gogorra da».

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun

Astea oso berezia izan da Olaia Luzuriagarentzat (Iruñea, 2001). Ligako bigarren partida ere irabazita ekin zion. Hori aski ez, eta 21 urte bete zituen astelehenean bertan. Oparia jaso zuen: jardunaldiko jokalaririk onena izendatu zuten. «Ilusioa egin dit. Hala ere, argi dut: niri eman didate saria, baina talde osoarena da».

Zer sentitzen duzu sailkapena ikusita? Bi partida jokatu dituzue, eta biak irabazi dituzue.

Poza sentitzen dut. Bi partida besterik ez ditugu jokatu, baina biak irabazi izanak konfiantza eman digu: ez dugu geure burua gutxietsi behar, eta argi izan behar dugu aukera dugula helburua lortzeko. Egiten ari garen lan onaren isla da sailkapena.

Espero zenuten horren ondo hastea?

Beste talde batzuk, agian, ezustean hartu ditu gu horren ondo hasteak. Guk ere ez genekien zehazki nolakoa izango zen sasoi hasiera; kezka txiki bat genuen. Baina argi genuen ondo ari ginela lanean.

Zuen bolada, gainera, aspaldikoa da: hamasei hilabete pasatxo daramazue galdu gabe, eta jokatu dituzuen azken 34 partidetatik 33 irabazi dituzue, eta bakarra galdu. Ahaztuta izango duzue galtzea zer den.

Bai, eta ea hala jarraitzen dugun [barrez]. Bikaina izan zen aurreko denboraldia; era ikusgarrian igo ginen. Baina badakigu Ohorezko B Mailak ez duela antzik maila nagusiarekin.

«Kezka txiki» bat zenutela aitortu duzu. Zergatik?

Batez ere, jokalari asko lehen aldiz ari garelako maila nagusian; horrek ezinegon txiki bat sorrarazten digu. Baina, hasieratik, oso ondo aritu gara lanean, eta horrek konfiantza eman digu. Jendeak argi izan dezala azkeneraino borrokatuko garela.

Zu zara lehen aldiz maila nagusian jokatzen ari direnetako bat. Sumatu duzu jauzia?

Bai. Jokalari profesionalak daude maila honetan, eskubaloian jokatzetik bizi direnak; buru-belarri aritzen dira horretan. Gu ere asko entrenatzen gara, baina alde handia dago haiekin konparatuta. Sekulako maila dago, gainera; onenak daude, eta igarri egiten da.

Halere, oso ondo ari zarete. Zein da gakoa?

Batetik, oso giro ona dugu, eta horrek mesede handia egiten du egunerokoan, lana ondo egiteko. Bestetik, defentsa da gure indargune nagusia, gure ikurra; hari esker gaude mailarik gorenean, eta kosta ahala kosta eutsi behar diogu. Azkenik, oinarri sendoa bagenuen, eta, horri eusteaz gain, indartu egin dugu.

Etorri diren sei jokalariak ondo egokitu dira?

Oso ondo egokitu dira. Hasieratik oso ondo moldatu gara. Ulergarria da iritsi berriak izanik denbora pixka bat behar izatea, baina nahiko azkar ari dira egokitzen. Pozik gaude guztiak.

Zertan lagun diezazuekete?

Zerbait baldin badute, esperientzia dute; ia guztiek jokatu dute maila nagusian. Mesede egingo digu; behar genuen.

Denboraldiko helburuaz galdetuta, Miguel Etxeberria taldeko entrenatzaileak bi aipatu zituen: «Mailari eustea eta gozatzea». Iritzi bera duzu?

Erabat ados nago. Mailari eutsi nahi diogu, baina badakigu pribilegiatuak garela liga honetan jokatzeagatik; gozatu egin behar dugu, eta, orain arte, gozatzen ari gara; gainera, horrela ematen dugu gure onena; gozatu gabe, ez dugu ematen. Astean zehar, oso gogor entrenatzen gara, eta asteburuan, gozatzera irteten gara. Asko dugu irabazteko, eta oso gutxi galtzeko. Miguelek hori esaten digu behin eta berriro: presiorik gabe jokatzeko.

Presio gutxiago duzue?

Guk ez dugu sumatzen, baina argi dugu ez badugu gogor lan egiten gauzak ez direla ondo aterako. Erronka zaila da.

Nola ari zara moldatzen?

Gustura ari naiz. Baina alde handia nabaritu dut: baloia askoz azkarrago iristen zait.

Hala ere, bigarren jardunaldiko jokalaririk onena izendatu zaituzte. Bikain jokatu zenuen Gijonen (Espainia).

Pozgarria da zure lana aitortzea, baina gehiago nahi dut; gehiago egin nahi dut lan, gehiago hobetu nahi dut... oraindik ez nago konforme. Hala ere, niri eman didate saria, baina talde guztiarena da. Ikusgarri aritu zen defentsan.

Zer sentitzen da maila nagusiko talde bateko atezain izanda?

Ametsa betetzen ari naiz. Txikitatik egin nuen amets maila nagusian jokatzearekin; Itxako ikustera joaten nintzenetik. Urteak pasatu dira geroztik, eta, zorionez, hemen nago, hemen gaude. Ez da samurra izan; aurreko denboraldia oso ona izan zen, baina baita luzea eta gogorra ere. Horregatik gozatu behar dugu sasoi honetan.

Klubak Patricia Encinas fitxatu du atean aritzeko. Zer moduz ari zarete moldatzen?

Ondo. Lehia oso sanoa dugu. Gainera, bakoitzak bere berezitasunak ditugu; beraz, nik harengandik ikas dezaket, eta hark nigandik; aberasgarria da hori.

Porriñoren pistan jokatuko duzue bihar. Zer itxura hartzen diozu partidari?

Gogorra izango da: aurkari zaila da, ondo indartu da, etxean ariko da, eta guk Galiziara bidaiatu beharko dugu. Baina konfiantza dugu geure buruarengan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.